EFSA erakundeak duela gutxi argitaratu du 2019ko EETen zaintzaren emaitzak biltzen dituen txosten bat, behiekin, ardiekin, ahuntzekin, zerbidoekin eta beste espezie batzuekin lotuta; horrez gain, ardien genotipifikazioa ere jorratzen du.

2020ko urriaren 28an BEEren eta EETen azterketaz arduratzen den sare zientifikoak urteko txosten teknikoa argitaratu ondoren, EFSAk 2019ari dagokion txosten zientifikoa argitaratu du, zeinetan zoonosi horren zaintza-programaren emaitzak ebaluatzen dituen, 28 estatu kideak aintzat hartuta.

Hauek izan ziren emaitzak espeziearen arabera:

Behiak:

  • Arriskuko animalia-taldea: 1 milioi buru baino gehiago aztertu ziren (% 2,7ko beherakada 2018arekin alderatuta), honako hauek osatuta:
    • premiaz hildako animaliak.
    • ante mortem ikuskapenean zantzu klinikoak zituzten animaliak.
    • ustiapenean hildako animaliak; arrisku-taldeko behi guztien % 92,4 izan ziren
  • Ikuspuntu epidemiologikotik, hauek dira alderdi nabarmenenak:
    • H motako BEE atipikoaren kasuen kopurua urte batean jakinarazitako handiena izan zen (2001 eta 2008 artean jaiotako animaliak).
    • H motako BEE atipikoaren 5,5 urteko kasu bat egon zen Espainian; inoiz jakinarazitako BEE kasurik gazteena, EETen datuak bildu eta argitaratzen direnetik.

Hausnarkari txikiak:

  • 338.098 ardi eta 143.529 ahuntz aztertu ziren: % 3,9ko igoera bi espezieetan, 2018arekin alderatuta.
  • Scrapie klasikoa hauteman zen nagusiki: bai ardietan (baieztatutako 997 scrapie kasuetatik 911), bai ahuntzetan (baieztatutako 390 kasuetatik 379).
  • Ardietako zorizko genotipifikazioa 8 estatu kidek soilik egin zuten, eta % 4ko jaitsiera egon zen 2019arekin alderatuta.

Zerbidoak

CWDaren (oreinaren gaixotasun kakektizatzailea) kontrolerako zaintza-programa sei estatu kidetan aplikatu zen (Estonia, Finlandia, Letonia, Lituania, Polonia eta Suedia), eta 7.980 zerbido aztertu ondoren hiru CWD kasu baieztatu zituzten Suediako altze basatietan. Beste zazpi estatu kidek 2.732 zerbido aztertu zituzten, baina ez zuten emaitza positiborik jaso.