Birusaren egoera Europan

2016ko urriaren 28tik 2017ko otsailaren 20ra bitartean, Patogenotasun Handiko Hegazti Gripearen 1.791 foku jakinarazi dira ofizialki Europan:

  • 972 hegazti basatietan.
  • 781 etxeko hegaztietan (ekoizpenerako hegaztiak).
  • 38 gatibu dauden hegaztietan (zooak, etab.).

Foku horiek herrialde hauei eragin diete nagusiki: Hungaria, Alemania, Frantzia, Suitza, Bulgaria, Holanda, Danimarka, Polonia, Suedia, Erresuma Batua eta Errumania. Espainian, foku bat detektatu zen 2017ko urtarrilean, Palentzian, eta orain bigarrena, Katalunian. Bi fokuak hegazti basatietan detektatu dira.

Europako Batzordeak IAAParen H5N8 birusaren fokuen egoeraren mapa eguneratu bat argitaratzen du aldian-aldian (17/02/15). Europako Batzordearen arabera, H5N8 birus honek lotura du 2014. eta 2015. urteetan eskortako hegaztien artean hainbat agerraldi izan zituen IAAParen H5N8 birusarekin. Dena den, aldaketa genetiko batzuk ikusi dira, eta aldaketa horiexek detektatu ziren 2016ko ekainean Errusian, zehazki Mongoliarekiko mugan, zeuden zenbait hegaztik zuten birusean.

Birusaren egoera Frantzian

2017ko otsailaren 21ean, Frantzian 360 foku jakinarazi dira, horietatik 320 haztegietan eta 40 hegazti basatietan.
Haztegietako fokuak, departamentuka:

  • LANDAK: 165
  • TARN: 8
  • GERS: 94
  • LOT-ET-GARONA: 7
  • PIRINIO GARAIAK: 25
  • PIRINIO ATLANTIKOAK: 15
  • AVEYRON : 2
  • DEUX-SÈVRES : 3
  • GARONA GARAIA: 1

Hegazti basatietan aurkitutako fokuak:

  • PAS-DE-CALAIS: 1
  • SAVOIA GARAIA: 2
  • TARN: 2
  • MANCHE: 1
  • AIN: 17
  • LOT-ET-GARONA: 1
  • LANDAK: 3
  • GERS: 7
  • LOIRE-ATLANTIQUE: 1
  • PIRINIO ATLANTIKOAK: 3
  • VOSGES: 2

Frantzian neurriak indartzea

ANSES Elikadura Segurtasunerako Agentziak Frantzian IAAP birusa kontrolatzeko estrategia ebaluatu ondoren eman berri duen irizpena dela eta, Frantziako Nekazaritza, Elikadura eta Baso Ministerioak indartu egin ditu neurriak oraindik egonkortu gabeko eremuetan, bereziki, mendebaldeko Landetan eta Iparraldeko Pirinio Atlantikoetan. Neurri hau Europako araudiak ezarritako neurrien osagarri da, eta hegazti-dentsitate altuko eremuak babestea eta gaixotasunaren bilakaera prebenitzea du helburu.

Zehazki, Gers, Landak, Pirinio Atlantikoak eta Pirinio Garaiak hartzen dituen eremu mugatuan, 3 kilometrotik 10 kilometrora zabaldu da prebentzio-hilketen erradioa. Eremu horretan, hau erabaki da:

  • Egiaztatuta dauden edo susmopean dauden foku guztiak hiltzea.
  • Fokuaren inguruko 1 km-ko perimetroan: aire zabalean zein leku itxi batean dauden eskortako hegazti guztiak, hala merkataritzakoak nola merkataritzakoak ez direnak, prebentzioz hiltzea.
  • 10 km-ra bitarteko perimetroan: aire zabaleko uretako hegazti guztiak prebentzioz hiltzea.

Garrantzitsua da aipatzea neurri hauek ez direla ezarri beharko oilaskoen eta oiloen ustiategietan, eta, palmipedoei dagokienez, ezta biosegurtasun-baldintza jakin batzuk betetzen dituzten eta animaliak bizirik saltzen ez dituzten ustiategietan ere. Hegaztiak hil ondoren, desinfektatu egin beharko dira instalazioak eta parkeak, eta, animaliak birpopulatzeko, baldintza zehatz batzuei jarraitu beharko zaie.

Aldi baterako kontrol-eremuak ere ezarri dituzte hegazti asko dauden eremuetan, nahiz eta birusik ez izan, egonkortu gabeko eremuen ondoan baldin badaude. Eremu horietan murriztu egin dute hegaztiek mugitzeko duten aukera.

Abenduaren 5ean, Frantzian H5N8 birusaren hainbat agerraldi hauteman ondoren, arrisku "handiko" egoera ezarri zen lurralde osoan. Frantzian eta Europako hainbat herrialdetan bilakaera azkarra izan du gaixotasunak, eta birusa azkar ari da zabaltzen; hori dela eta, eskortako hegaztien ustiategien titularrek, ehiztariek eta hegaztiekin harremanetan dauden pertsona guztiek hartu beharko dituzte babes-neurriak.

Birusaren egoera Espainian

Algeteko Albaitaritza Laborategi Zentralak baieztatu du H5N8 motako Patogenotasun Handiko Hegazti Gripearen (IAAP) birusa detektatu dela Katalunian. Birusa zikoina basati batek zeukan. Infektatutako zikoina (Ciconia cicoina) hilda agertu zen otsailaren 6an, Castelló d’Empúries herrian (Girona), Parc Natural dels Aiguamolls de l’Empordá parke naturalean. Europako gainerako herrialdeetan birus horren epidemia dago, eta, horregatik, Espainiako Hegazti Gripea Zaintzeko Programa Nazionalaren barnean zaintza pasiboa areagotzeko ahalegina egin da. Horri esker aurkitu zuten infektatutako hegaztia. Honekin, bi dira orain arte Espainian detektatutako fokoak.

Aurkikuntza hori jakinarazi izanak ez du esan nahi merkataritza-mugarik ezarriko denik, ezta hegazti biziak edo haien produktuak mugituko direnik ere. Ez dute uste osasun publikorako arriskutsua izan daitekeenik; izan ere, birus osoaren sekuentzien analisian oinarritutako azterketa genetikoek adierazten dute hegazti-birus honek ez daukala afinitate espezifikorik gizakientzat. Gainera, birusa ez da gizakiengana transmititzen kozinatutako hegazti-haragiaren, arrautzen edo horien eratorrien bidez. Alabaina, etxeko hegaztietara transmiti daiteke, eta horregatik hartu behar dira biosegurtasun-neurriak.

2017-02-15eko egoera Europan

2017-02-21eko egoera Frantzian

Frantzian hartutako neurriak

ANSESeko txostena

Hegazti-gripeari buruzko Europako Batzordearen webgunerako esteka