Joan den asteazkenean, otsailak 22, Algeteko Albaritza Laborategi Zentralak, Madrilen, baieztatu zuen H5N8 motako hegazti-gripearen foku bat agertu zela gizentzeko ahateak hezteko aire zabaleko abeletxe batean, Gironako San Gregorio udalerrian. Gizentzeko ahateak hazteko ustiategi hori sei nabetan banatuta dago, aire zabaleko parkeekin, eta adin desberdinetako 17.800 ahate inguruko errolda du.

Ustiategian gaitza agertu dela berretsi ondoren, 445/2007 Errege Dekretuak ezartzen dituen neurri hauek hartu dira:

  • Ustiategia berehala geldiarazi da fokuaren susmoa agertu zenetik, eta erroldak eta azterketa klinikoa egin eta laginak hartu dira epidemiologikoki lotuta dauden ustiategi guztietan. Laginak laborategietan ikertzen ari dira gaur-gaurkoz.
  • Inkesta epidemiologikoa egin da, fokua nondik etor daitekeen aztertzeko eta beste ustiategi batzuk mugimenduagatik arriskuan egon daitezkeen ikusteko.
  • Gaitzaren eraginpeko ustiategiaren errolda osoa hil da, eta birusa tratamendu-planta baimendu batera heda lezaketen gorpuzkiak, pentsua eta gainerako materiak suntsitu.

Kataluniako Generalitatearen Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura Sailak baieztatzen duenez, lehen hipotesi gisa esan daiteke kutsatzearen arrazoia litzatekeela birus-mota bat etortzea joan den asteartean topatutako zikoinaren birusarekin, batetik, eta ustiategia hegazti migratzaile ugari –eta, beraz, hegazti basati ugari– igarotzen diren eremu batean egotea. Iturri horrek adierazi du CReSA Animalia Osasunaren Ikerketa Zentroari azterlan bat aginduko diola gaitza zehazki nondik datorren ikertzeko.

Katalunian, joan den asteartean, Los Aiguamolls del Empordàko Parke Naturalean hilda aurkitutako zikoina batean topatu zen fokua. Horren ondorioz, 3 kilometroko babes-eremu bat finkatu zen, eta eremu horretan dauden hiru hegazti-granjak geldiarazi ziren; granja horiek ere albaitarien ikerketapean daude. Bestalde, 10 kilometroko eremu batean hegazti basatiak ehizatzeko debekua ezarri da, eta hegazti basatien gaineko zaintza-mailak mantendu.

Aurkikuntza horiek jakinarazteak ez dakar ez muga komertzialik, ez hegazti bizien edo haien produktuen mugimenduaren gaineko mugarik. Horrez gain, ez da uste osasun publikorako arriskurik dagoenik; izan ere, birus osoaren sekuentzien analisian oinarritutako azterketa genetikoek erakusten dute hegazti-birus horrek ez duela gizakienganako afinitate berezirik. Gainera, birusa ezin da gizakiengana transmititu hegazti-haragi kozinatuaren, arrautzen edo hegazti-eratorrien bitartez. Biosegurtasunerako neurriak muturreraino eraman behar dira, ordea, gaitza etxeko hegaztiei transmiti ez dakien.

2016ko urriaren 28tik gaur arte, Europan IAAPen 781 foku jakinarazi dira etxeko hegaztietan, 38 foku hegazti gatibuetan eta 972 foku hegazti basatietan.

Kataluniako Gobernuaren prentsa-oharra – 2017-02-23