MAPAk informazio-ohar bat argitaratu du, Europan (Holanda, Alemania eta Erresuma Batua) hizpide dugun gaixotasunaren agerraldi berrien egoera bildu eta eguneratzeko, oso kutsakorra eta benetan aldakorra baita. Halaber, hainbat gomendio biltzen ditu, gaixotasuna kontrolatzeko eta hegazti basatiek beren migrazio-ibilbideetan hura ekartzea prebenitzeko.

Uda honetan zehar, H5N8 azpimotako oso patogenoa den hegazti-gripearen (IAPP) zirkulazioa egiaztatu da Errusiako hegoaldean eta Kazakhstanen, etxeko hegaztietan eta hegazti basatietan. 

 

2005-2006 eta 2016-2017 aldietan jada bizitako olatu epidemikoak aintzat hartuta, aurreikus daiteke birusa Europako ipar-mendebaldeko beste eremu batzuetara hedatzeko arriskua areagotu egingo dela. Izan ere, hegazti migratzaileek eremu horiek zeharkatzen dituzte negu epelagoa igarotzeko leku baten bila, eta geldialdiak egiten dituzte eremu horietan, batez ere elikatu eta atseden hartzeko. 

EBko erreferentziazko laborategiak (EURL) H5N8 azpimotako IAAParen presentzia egiaztatu du nagusiki, eta hori bat dator uda honetan Errusian eta Kazakhstanen jakinarazitakoarekin, baina ez da EBn 2020ko lehen erdian zirkulatu zuenaren berdina. Halaber, egiaztatu dute bai azken hori bai detektatutako H5N1 motakoa 2016an eta 2017an Eurasian eta Afrikan detektatutako H5N8-IAAPetatik datozela. 

ADNSri, guztira, H5N8-IAAParen 28 kasu jakinarazi zaizkio, etxeko hegaztietan nahiz hegazti basatietan. Lehen jakinarazpena Holandan (2020/10/17), ondoren Alemanian (2020/10/30), eta, azkenik, Erresuma Batuan (2020/11/02). 

 

Hegazti horien migrazio-ibilbideak gure lurraldetik gertu igarotzen dira. Hori dela eta, MAPAk gogorarazi du honako neurri hauek indartu behar direla: 

  • Hegazti basatiekiko kontaktu zuzena eta zeharkakoa saihestea.
  • Zaintza pasiboa, hegazti-ustiategietan eta hegazti basatiei dagokienez.
  • Susmo guztiak berehala jakinaraztea administrazio eskudunari (foru-aldundiak).
  • Abeltzainak, ustiategietako albaitariak, ehiztariak eta, oro har, herritar guztiak sentsibilizatzea oso patogenoa den hegazti-gripeari, horren aurkako neurriei, eta hegazti gaixo edo hilen berri emateko mekanismoei buruz.