EFSAk txosten bat argitaratu du berriki Afrikako txerri-izurriaren (ATI) Europako egoera epidemiologikoa eguneratzeko, 2019ko irailetik 2020ko abuztura bitarteko epeari dagokiona

Irizpen horretan, ATIaren bilakaera-dinamika eta -patroiak aztertu dira kaltetutako herrialde guztietan, ATIaren lehen kasua txerri eta basurdeetan hauteman zenetik bildutako lagin positiboen (PCR eta ELISA) emaitzen bidez.

Oro har, hedapena arina da ATIak kaltetutako eremuetan basurde-populazio handiagoak daudenean.

Basurde-populazioetako hedapen-maila aztertzeko, jakinarazitako kasuak berrikusi ziren, eta kalkulatu zen zenbat sailka litezkeen jatorri bereko bigarren mailako kasu gisa, epidemiaren lehen eta azken urtearekin alderatuta.

ATIa basurdeetan agertzeko arrisku-faktoreen ebaluazioa egiteko, azterketa bibliografikoa egin zen. Errumaniaren kasuan, adibidez, arrisku-faktore nagusiak ingurumen-faktoreak, basurdeen ugaritasuna eta ehizatzen den eremuetan etxeko txerriek basurdeekin harreman zuzena izateko dagoen aukera handia izan ziren.

Basurdeetan ATIa egiaztatu den eremuetatik gertuko eremu libreetan aplikatutako prebentzio- eta kontrol-neurriei dagokienez, txostenean azpimarratu egiten da neurri horiek eraginkorrak izango direla eremu librean basurde-populazioa nabarmen murrizten bada, hedapena geldiarazteko, eta eremu horiek nahiko zabalak izan behar dutela.

ATIaren agerraldi baten aurrean, txostenean adierazten da eremu libreetan basurdeak prebentzioz hiltzekotan, prozesu hori agerraldiaren hasieran eta hilabete gutxi batzuetan gauzatu behar dela. Halaber, eremu horiek kaltetutako eremutik nahiko urrun egon behar dute, infekzioari kaltetutako eremuaren barruan eutsi ahal izateko; izan ere, birusa oso arin hedatzen da txerrien eta basurdeen artean.