AESANeko Batzorde Zientifikoak hiltegiko albaitaritza-zerbitzuentzako gida bat berrikusi du, ohiko post mortem azterketaz gain prozedura osagarriak egin behar diren kasuetarako.

 AESANek, autonomia-erkidegoekin batera, gida bat sortu zuen duela gutxi, post mortem azterketan zehar prozedura osagarriak behar dituzten kasuak biltzeko. Prozedura horiek 2019/627 (EB) Betearazpen Erregelamenduan ezarritako irizpideetan oinarrituta daude, zeinaren bidez giza kontsumorako animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialak egiteko xedapen praktiko bateratuak ezartzen diren.

Erregelamendu horrek aintzat hartu ditu EFSAren irizpenak, zeinetan gomendatzen den, ahal den neurrian, haztapen- eta ebakitze-prozedurak sistematikoki egin daitezela saihestea, hildako animalien post mortem azterketan zehar, mikrobioen hedatzea eta kontaminazio gurutzatua murrizteko.

Hala eta guztiz ere, erregelamenduak aipatzen du kasu batzuetan haztapen eta ebaki osagarriak egin behar direla txerrien, behien, ardien, ahuntzen, solipedoen eta itxian hazitako animalia ehizatuen haragien post mortem azterketetan, baldin eta giza osasunerako, animalien osasunerako edo animalien ongizaterako arriskutsuak diruditen elementuak agertzen badira, esaterako:

  • Elikakatearen informazioaren, kontrolen eta osasunaren arloko beste dokumentazio batzuen analisia.
  • Ante mortem azterketaren ondorioak.
  • Animalia-ongizaterako arauak betetzen direla ikusteko egiaztapenen emaitzak.
  • Post mortem azterketan zehar antzemandako lesioak.
  • Jatorri-ustiategiaren datu epidemiologiko osagarriak edo beste datu batzuk.

Batzorde Zientifikoak ondorioztatu du gidan proposatutako kasuak  pertsonei edo animaliei kutsa dakizkiekeen gaixotasunekin eta kontsumorako erabat edo partzialki egokiak ez diren haragien ekoizpenarekin lotu direla bibliografia zientifikoan eta/edo aplikatu daitekeen arautegian.

Horrenbestez, post mortem azterketaz gain prozedura osagarriak egiteko orientazio gisa sartu ahal izango lirateke.