Afrikako txerri-izurrirako (ATI) Alemaniako erreferentziazko laborategi nazionalak, Friedrich-Loeffler-Institut (FLI) laborategiak, uztailaren 15ean baieztatu zituen Afrikako txerri-izurriaren Alemaniako lehenengo kasuak, etxeko txerrietan.

Kaltetutako abeltzaintza-ustiategiak Spree-Neiße distrituko ekoizpen-baserri ekologiko bat —txerri bat hil zen bertan—, eta Märkisch-Oderland distrituko ustiategi txiki bat —bi txerrirekin— dira. Baserri ekologikoa kontrol-eremu batean dago, basurdeetan hautemandako Afrikako txerri-izurriaren ondorioz deklaratu zena. Ustiategi txikia, berriz, orain arte Afrikako txerri-izurritik libre zegoen eremu batean dago. Oraindik ez dago argi nola iritsi den gaixotasuna bi ustiategi horietara, baina hipotesia da eremu horietako animalia basatietan hautemandako kasuen bidez izan dela.

 

Spree-Neiße distrituan hauteman ziren Alemaniako Afrikako txerri-izurriaren lehen kasuak basurdeetan, 2020ko irailean. Ordutik hona, 103 kasu baieztatu dira han, eta 261 Märkisch-Oderland distrituan.

Iturria: FLI- Friedrich-Loeffler-Institut. Puntu urdinak: ATIaren kasuak basurde basatietan; puntu gorriak: ATIak kaltetutako etxeko txerrien ustiategiak.

Bi kasuetan, txerriak hil egin dituzte, eta gorpuzkiak araudiarekin bat suntsitu dira. Horrez gain, tokiko agintaritzek murrizketa-eremuak ezarri dituzte foku horien inguruan. Ezin da txerri bizirik edo txerri-produkturik garraiatu eremu horietako baserrietatik.

 

ATIaren birusa basurdeetatik etxeko txerrietara transmititu daiteke kontaktu zuzenaren eta zeharkakoaren bidez. Infekzioa ahoz gertatu ohi da. Agente patogenoa oso egonkorra da, eta infekzioso mantentzen da ingurumenean denbora luzez. Hauen bidez ere transmititu daiteke: haragiki gordinak edo behar beste kozinatu gabeak, kontaminatutako elikagaiak, ibilgailuak, arropa eta tresnak.