Benamaurel udalerriko (Granada) ugaltze-ardien ustiategi batean ardi- eta ahuntz-baztanga (AAB) hauteman dela baieztatu da.

Irailaren 14an eman zitzaien susmoaren berri Andaluziako Juntako albaitaritza-zerbitzu ofizialei (SVO). Haiek ikerketa epidemiologikoa egin, laginak hartu eta, ondoren, Algeteko (Madril) MAPAren Albaitaritza Laborategi Nagusira (LCV) bidali zuten, han azter zezaten. Laborategiak gaixotasuna 2022ko irailaren 19an baieztatu zuen.

Andaluziako animalien osasun arloko agintaritzek berehala jarri dituzte abian kontrol neurriak: ustiategien huste sanitarioa egitea, 3 km-ko babes-eremua eta 10 km-ko zaintza-eremua ezartzea, eta ustiategietan biosegurtasun- eta zaintza‑neurriak indartzea. Halaber, animalien eta produktuen lekualdatzea mugatu dute.

Agerraldi honek AABa berriro ekarri du Espainiara; izan ere, gaixotasuna 1968. urteaz geroztik desagertutzat jotzen zen. Ikerketa epidemiologikoa egiten jarraitzen dute birusaren jatorria identifikatzeko (oraindik ikertzen ari dira) eta egondako arrisku-kontaktuak hautemateko. Endemikoa da Marokon, Aljerian eta Tunisian, besteak beste, eta 2014az geroztik kasuak gertatu dira Grezian eta Bulgarian.

Bitartean, ardi- eta ahuntz-ustiategietan eta animalien garraioan biosegurtasun neurriak aplikatu behar dira. Halaber, agintaritza eskudunei edozein susmoren berri eman beharko zaie.

Bestalde, gogorarazi nahi da EZ dela zoonosia, eta, hortaz, esnea eta haragia kontsumitzea, kutsatuta egonda ere, ez dela arriskutsua pertsonentzat.