Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak Errege Dekretu berria argitaratu du indarrean zeuden arauetan zenbait aldaketa egiteko: tresnak sortu ditu baserrietako animalien ongizatea hobetzeko, bai eta agintari eskudunei kontrol ofizialak egiten laguntzeko ere.

Oro har, martxoaren 7ko 159/2023 Errege Dekretuan (Animalien ongizatearen esparruan kontrol ofizialak egiteko Europako Batzordearen araudia Espainian aplikatzeko xedapenak ezartzeari, eta zenbait errege dekretu aldatzeari buruzkoa) baserriko animalien babesari, ustiategietan larrialdiko sakrifizioak egiteari eta elikakateari buruzko informazioari buruzko zenbait arau aldatzen dira. Arauak balio berriak ezarri ditu, hala nola, animalien gehieneko dentsitatea, eta elikadura, ur, janontzi eta ingurumeneko baldintzei buruzko betebehar berriak.

Txerrien ekoizpenari dagokionez, txerriak babesteko gutxieneko arauak aldatu dira. Horrez gain, manipulatu daitekeen animalientzako materiala ere arautu da, txerriei buztana mozteko praktika ahalik eta gehien murrizteko.

Animalien ongizaterako plan bat izateko beharra zabaldu egin da (dagoeneko txerri‑ eta hegazti‑hazkuntzako baserrietan indarrean dago). Plana ustiategietako albaitariek egin beharko dute eta tamaina zehatz bateko ustiategietan aplikatuko da; baserriaren arabera egokituko da. Baserrietako titularrek 4 urte izango dituzte plan hori sortzeko.

Animalien ongizaterako eta babeserako koordinazio-mahaia sortuko da, eta abeltzaintzaren eta akuikulturaren esparruko eta erreferentziazko zentro nazionala sortu behar dela xedatu da. Lan hori egiteko, eta bi urteko eperako, Kataluniako Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Institutua (IRTA) izendatu da, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin partzuergoan.

Arau berria baserrietako baldintzak eta animalien erabilera hobetzeko argitaratu dira; horregatik, hain zuzen ere, egungo ezagutza zientifikora egokitutako baldintza zehatzagoak ezarri dira. Baserriek bi urte izango dituzte beharrezko egokitzapenak egiteko.