MAPAk duela gutxi argitaratu du 364/2023 Errege Dekretua, maiatzaren 16koa, animalia osasunari buruzko Europar Batasuneko araudia garatzeko oinarriak ezartzen dituena, ustiategiaren titularraren zaintza-betebeharrei eta abeltzaintza-ustiategien osasun-plan integralari dagokienez, eta abeltzaintzako zenbait antolamendu-arau aldatzen dituena.

Abeltzaintzako azienda osoko osasun-estatusa hobetze aldera, ustiategiko abeltzaintza arautu da, eta zeregin aktiboa izango du ustiategiko titularrak bere aziendari eragin ahal dioten alderdi guztietan kontzientziatzeko.

Arau berrian ezartzen da ustiategiko titularrak etengabeko aholkularitza jaso behar duela albaitaritzako profesional baten bidez; izan ere, profesional horrek ustiategi osoari buruzko ikuspegia dauka.

Ustiategiko albaitariak ustiategiari eragiten dioten alderdi guztiak zerrendatuko ditu, hala nola maneiua, higienea, biosegurtasuna, albaitaritzako sendagaien zentzuzko erabilera edo animalien ongizatea, ustiategiaren osasun-egoera aintzat hartuta; eta erantzukizun hauek izango ditu:

  • Osasun integraleko eta animalia-ongizateko planak diseinatzea, idaztea, berrikustea eta eguneratzea, Ustiategien Kudeaketa Sistema Integralaren (UKSI) barruan.
  • Bisita zoosanitarioak, behar bezala ezartzen dela egiaztatzeko eta titularrari honako hauei buruzko aholkularitza emateko:
    • Animalien osasunari eta animalien ongizateari eta giza osasunari buruzko araudia behar bezala betetzea.
    • Biosegurtasuneko arauak, nahitaez aitortu beharreko gaixotasunen hedapena geldiarazteko. Gaixotasuna prebenitzea (bereziki zoonosiak), detekzio goiztiarra eta horien aurreko erantzun arina.
    • Higiene-jardunbide egokiak: garbiketa- eta desinfekzio-sistema, izurriteen kontrola, uraren kontrola eta ukuiluratzearen baldintza higienikoen kontrola eta animalien elikadura.
    • Erregistroak behar bezala betetzea.
    • Tratamenduekiko erresistentzia, mikrobioen aurkako erresitentzia eta horren ondorioak barne.

Ustiategien Kudeaketa Sistema Integrala (SIGE) egokitzeko, Errege Dekretuak indarrean sartzen denetik urtebeteko epea ezartzen du ustiategiko albaitariak izendatzeko, eta osasun-plan integrala izateko hala jasotzen duten araudi sektorialetan. Halaber, 2 urteko epea ezartzen du abeltzaintza-ustiategien arrisku zoosanitarioa zehazteko; horretarako, esparru geografikoko osasun-egoera aintzat hartuko da, eta RASVE Batzordeak ebaluatuko du.