Niloko mendebaldeko sukarraren (FVNO) lehenengo kasua 2021ean

Algeteko Albaitaritza Laborategi Nagusiak (LCV) baietsi egin du aurtengo FVNOaren emaitza serologiko positiboa. Tarifako (Cádiz) ekido zentinela batean antzeman da.

FVNOa Niloko mendebaldeko birusaren (VNO) andui jakin batzuek eragiten duten gaixotasun birikoa da, mundu osoan agertzen dena. Batik bat Culex generoko eltxoen ziztadaren bidez transmititzen da, eta eltxoa-hegaztia-eltxoa transmisio‑zikloaren ondorioz mantentzen da.

Hegazti migratzaileek rol garrantzitsua betetzen dute euren ibilbideetan birusa mantentzeko eta hedatzeko; izan ere, gaixotasunaren gordailutzat hartzen dira eta birusa mantentzen dute zenbaitetan inolako sintomarik izan gabe. Gizakiak eta ekidoak birusaren azken ostalaritzat hartzen dira; hortaz, ez dute gaixotasuna transmititzen.

Mihi urdinaren gaitzaren 4 serotipoa Balearretan

Balear Uharteetako Albaitaritza Zerbitzu Ofizialek mihi urdinaren gaitzaren 4 serotipoaren zirkulazioa antzeman dute Pollençako (Mallorcako iparraldea) ustiategi bateko behi zentinela batengan.
Ustiategi zentinelak 4 behi eta 19 ardi ditu; Espainian ezarritako Mihi Urdinaren Gaitzaren Zaintzarako Programa Nazionalean hartzen du parte. Balear artxipielagoa orain arte gaixotasunik gabeko eremua izan da, baina arrisku-eremutzat hartzen da programa horretan; hortaz, bertan, gaixotasunaren zaintza sendoa egiten da. Gainera, udalerri bereko ustiategietan ardien 9 susmo kliniko jakinarazi dira.
2003an antzeman zen azkeneko aldiz mihi urdinaren gaitza Balearretan.
Mihi urdina gaitz biriko ez-kutsakorra da eta hainbat espezietako hausnarkariei eragiten die. Gainera, mundu mailan, galera ekonomiko eta ekoizpen-galera handiak sortzen ditu. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da eta ez die gizakiei eragiten.
Batik bat Culicoides generoko eltxoen ziztadaren bidez transmititzen da eta eltxo horiek kutsatutako animaliak ziztatu eta haien odola xurgatzean kutsatzen dira. Hala, birusa animalia osasuntsuetara hedatzen da.

Mihi urdinaren gaitzari buruzko informazio gehiago: Gaixotasun fitxa: Mingain urdina