EFSAk argitaratutako txosten horrek AEBn zabaltzen ari den birus hori Europan sartzeko egon daitezkeen bideak aztertu ditu.


Hemen AEB osoan zehar zabaltzen ari den leinu euroasiarreko H5N1/Guangdong 2.3.4.4b kladoko B3.12 genotipoko birus horri buruzko ondorio eta informazio nagusiak aurkituko dituzu:


Inpaktu klinikoa:

Infektatutako esne-abereek hainbat seinale kliniko arin izaten dituzte, hala nola esne-ekoizpena murriztea, mastitisa, sukarra, letargia eta digestio-arazoak (seinale klinikoek 21 egun arte iraun dezakete).

Esne-abereen taldeetako gaixotze-tasa % 20 baino txikiagoa da, eta heriotza-tasa txikia da normalean, % 2koa batez bestean, nahiz eta agerraldi batzuetan % 15 ingurukoa izan den.

Transmisio-bideak:

Esne-baserrietan, A(H5N1) patogenotasun handiko hegazti-gripearen birusaren transmisio-bide nagusia esnearen jezte-prozeduren bidezkoa da. Baserrien arteko hedapena azienda mugitzean eta ekipoak eta langileak partekatzean gertatzen da.

Inkubazio-aldia:

Inkubazio-aldia 12 eta 21 egun artekoa da abere-taldeen mailan, landa-behaketen arabera (seinale klinikoak bularreko inokulazioagatiko infekzioa gertatu eta 1-2 egunera ager daitezke).

Biremia eta birusaren erreplikazioa:

Ebidentziak adierazten du birusa ugatzetan erreplikatzen dela, infekzio sistemiko orokorra izan ordez; hala ere, gehiago ikertu behar da egiaztatu ahal izateko.

Birusaren iraizpena esnean:

Infektatutako esne-aziendak, seinale klinikorik izan gabe ere, A(H5N1) patogenotasun handiko hegazti-gripearen birusaren maila altuak iraitz ditzake esnean, infektatu den lehenengo egunetik hasi eta 14-21 egun igaro arte. Esnean ikusten dira karga biral altuenak, modu kontsistentean, beste lagin-mota batzuekin alderatuta (sudurreko isipuak, gernua).

Erantzun immunea eta babesa:

Infektatutako aziendak birusaren aurkako antigorputz espezifikoak sortzen ditu odolean eta esnean, infektatu eta 7-10 egun igaro ostean. Antigorputz horiek epe laburreko babesa eman dezakete seinale klinikoen aurrean.

Espezieen arteko transmisioa eta gizakientzako arriskua:

A(H5N1) B3.13 patogenotasun handiko hegazti-gripearen birusak ostalari-mota anitzak infektatu ditu, hegaztiak, ugaztunak eta gizakiak barne; hortaz, ahalmen zoonotiko handia du. Ugaztunetara egokitzeari lotutako mutazioak aurkitu dira (hala nola PB2 E627K), gizaki- nahiz azienda-laginetan. Beraz, ezinbestekoa da abeltzaintza-langileentzako biosegurtasun- eta babes-neurri zorrotzak ezartzea.


USDAk birusa sartu eta hedatzeko hainbat arrisku-faktore identifikatu zituen, hala nola azienda mugitzea, ekipoa eta ibilgailuak partekatzea, animalia basatiak eta etxe-animaliak batera egotea, kanpoko langileekin kontaktu asko edukitzea (albaitaritzako profesionalak, garraio-langileak).
Maneiurako jardunbide batzuek, hala nola hondakinak ondo kudeatzeak eta animalia basatiak uxatzeak, arriskua murritz dezakete, nahiz eta baliozkotze sendorik ez duten.


MERKATARITZA

Teorian, birusa EBn AEBko inportazioen bidez sar badaiteke ere, merkataritza-erregulazio zurrunek, azienda biziaren esportaziorik ez egoteak eta haragian birusa oso gutxi aurkitu izanak (bereziki gihar-ehunean) pentsarazten dute bide hori ez dela oso probablea.

Azpimarratu behar da hedapena saihesteko EBk gaur egun AEBko esne eta esneki guztiak pasteurizatzera behartzen duela, merkatu bakarrean sartu ahal izateko. Infektatutako hegaztietan seinale klinikoak azkar agertzen direnez eta azken hamarkadan EBn AEBko H5N1 patogenotasun handiko hegazti-gripearen leinuak detektatu ez direnez, uste da bide hori ez dela oso probablea, nahiz eta nolabaiteko zalantza dagoen hasierako etapetan dauden infekzioen inguruan.

MIGRAZIOAK

B3.13 genotipoa oraindik AEBko hegazti basatietan identifikatu ez bada ere, gerta liteke uretako hegazti migratzaileek –bereziki kaioak eta ibilbide luzeko beste espezie batzuk– birusa Europan sartu izana, gainjarritako migrazio-ibilbideen bidez, bereziki Artikoan, Siberian edo Afrikan.

Arrisku handieneko aldiak bat datoz migrazio-aldiekin (apirila-maiatza eta iraila-apirila), eta sarrera-puntu gakoak Islandian, Eskandinavian, Ekialdeko Europan eta Mediterraneoan daude. Ipar Amerikako Artikoa da sarrera-puntu probableena.

Gomendioa: Detekzio goiztiarra hegaztien kontzentrazio handia dagoen tokietan egin beharko litzateke nagusiki, hala nola Islandian, Erresuma Batuan, Irlandan, mendebaldeko Eskandinavian, eta Frisiako itsasoa bezalako hezeguneetan, probablea baita kontinente arteko migratzaileak bertara iristea.


EURL, EFSA eta ECDC egoeraren bilakaera gertutik aztertzen ari dira.

Gaur egun EBn birusaren genotipo hori aurkitu ez bada ere, komeni da arriskuen ebaluaziorako aukerak aztertzea, etorkizunean birusa sartuko balitz animaliekin hartu beharreko neurriak aztertzeko, bereziki esne-behiekin hartu beharrekoak.