Afrikako Txerri-Izurria (ATI)

Laburpena

cerdo

Afrikako txerri-izurria mugaz gaindiko gaixotasun biriko larria da. Txerri-espezieari baino ez dio eragiten (etxeko txerriak eta txerri basatiak), eta mundu-mailan galera ekonomiko eta ekoizpen-galera handiak eragiten ditu. Derrigor jakinarazi behar den animalia-gaixotasuna da, eta ez die pertsonei eragiten.

Haren aurkezpen klinikoa txerri-izurri klasikoaren eta gaixotasun komun askoren oso antzekoa da, besteak beste salmonellosiaren oso antzekoa; hortaz, laborategian egin behar da diagnostikoa.

Bizirik edo hilda dauden etxeko txerri eta txerri basatien bidez hedatzen da, baita haien produktu eratorrien bidez ere. Gainera, akainen bidez eta kutsatutako pentsu edo fomiteen bidez (oinetakoak, jantziak, ibilgailuak, labanak, ekipoak, etab.) transmititu daiteke, ingurumenean erresistentzia handia baitute.

Prebenitzeko, inportazio-politika egokiak eta biosegurtasun-neurriak hartu behar dira, batik bat, fauna basatiarekin kontaktua egon daitekeenean. Kontrolatzeko, animaliak hil behar dira.

Gaur egun, ez dago Afrikako txerri-izurriaren kontrako txerto baimendurik (txerri-izurri klasikoaren aurka ez bezala).

1. Zer da?

Afrikako txerri-izurria oso animalia-gaixotasun kutsakorra da. Asfarviridae familiako Asfivirus generoko ADN birus batek eragiten du. Birus horrek txerri-espezie guztiak gaixotzen ditu (etxekoak zein basatiak) eta koadro hemorragiko larria eragiten die, Afrikako txerri basatietan izan ezik (adibidez: fakokeroak). Horiek gordailu baino ez dira izaten eta ez dute infekziorik izaten itxuraz. Birusak Ornithodoros generoko akain bigunak ere kutsatzen ditu. Horiek birusaren ostalari naturalak izaten dira, eta bektore biologiko gisa jarduten duten birusen gordailu dira.

Andui batzuek hainbat koadro eragin ditzakete, eta hilkortasun- eta gaixotze-tasak % 100etik hurbil egon daitezke. Ez dago loturarik Afrikako txerri-izurria eragiten duten birusen eta txerri-izurri klasikoa (TIK) eragiten dutenen artean. Azken horiek Flaviviridae familiako Pestivirus generokoak dira.

2. Zein espezieri eragiten die?

Etxeko txerriak eta basatiak, hala nola basurde garatxodunak, Europako basurdeak eta amerikar basurdeak

3. Derrigor jakinarazi behar den gaixotasuna da?

Bai, ATI Animalien Osasunaren Mundu Erakundearen (OIE) Lurreko Animalien Osasun Kodean jasota dago eta derrigor jakinarazi behar da.

4. Zein arrisku eragiten dio osasun publikoari?

ATI ez da arriskutsua osasun publikoarentzat: ez da ZOONOSI bat; hortaz, EZ die gizakiei eragiten.

5. Zein banaketa geografiko du?

Historikoki, Afrikan eta Europako, Hego Amerikako eta Karibeko hainbat lekutan jakinarazi dira agerraldiak.

Duela gutxi (2007az geroztik) gaixotasuna Afrikako, Asiako eta Europako herrialde askotan jakinarazi da, etxeko txerrietan zein basatietan.

Distribución PPA

1. Irudia.  “Animación: Global ASF spread since 2014” – Europako Batzordea

Gaixotasun honek mundu osoan izan duen agerraldiari buruzko informazio berriagoa eta zehatzagoa lortzeko, munduko informazio zoosanitarioari (WAHID) buruzko OIEren datu-basearen interfazea kontsulta daiteke:

6. Nola transmititzen eta hedatzen da?

ATIren epidemiologia konplexua da, eta hainbat faktoreren arabera aldatzen da, hala nola: ekoizpen-sistemaren mota, akainak dauden ala ez, txerri basatiak dauden ala ez, eta gizakiaren jokaera.

Honako hauek dira transmititzeko bideak:

 Zuzena: etxeko txerri eta txerri basati osasuntsu eta kutsatuen arteko zuzeneko kontaktua.

 Zeharkakoa:

  • kutsatutako gaiak irenstea, besteak beste: birusarekin infektatutako haragia duten elikagaien hondakinak (3-6 hilabetez manten daiteke infekzio‑gaitasuna prestatu gabeko txerri-produktuetan), pentsuak edo hondakinak.
  •  mekanikoa edo bektore biologikoen (adibidez, Ornithodoros generoko akain leunak) ziztada.
  •  Jariakinekin eta iraizpenekin kutsatutako fomiteak, lokalak, ibilgailuak, tresnak, arropa barne.

Bektorearen barruan: akainetan transmisio transestadiala, transobarikoa eta sexuala gertatzen da.

 

Iturri hauek dira hedatzeko bideak:

  •  Gaixotutako eta hildako animalien odola, ehunak, sudurreko eta ahoko isurpenen jariakin eta iraizpenak, ingurumenean erresistentzia eta iraunkortasun handia baitute.
  •  Infekzio akutuetatik edo kronikoetatik sendatu diren animaliak iraunkor bihur daitezke, eta birusen eramaile izan daitezke, batez ere Afrikako txerri basatiak, eta eremu endemikoetako etxeko txerri eta txerri basatiak.
  •  Ornithodoros generoko akain leunak.

7. Zein dira sintoma klinikoak?

Birusaren birulentziaren eta txerri-espezie edo motaren arabera, honako koadro kliniko hauek egon daitezke:

Hiperakutua:

bat-bateko heriotza sintoma gutxirekin

Akutua:

  • Sukarra (40,5-42 º C).
  • Azala gorritzea (txerri zuriak) zati distaletan (belarrien eta isatsaren puntak, eta gorputz-adarrak) eta torax eta abdomenaren gune bentralean.
  • Anorexia, apatia, zianosia eta koordinazio-eza heriotzaren aurreko 24-48 orduen barruan.
  • Pultsu eta arnasketa-maiztasun handiagoa.
  • Gorakoak, beherakoak (batzuetan odolarekin) eta begi-isurpenak egon daitezke, baita abortuak ere txerri ernalduetan.
  • Heriotza 6 eta 13 egun bitartean, edo 20 egunera arte. Etxeko txerrietan, heriotza-tasa % 100etik gertukoa da maiz.

Azpiakutua:

  • Sintomak ez dira hain gogorrak: sukar arina, jateko gogo txikiagoa eta depresioa.
  • Abortua txerri ernalduetan.
  • Gaixotasunak 5 eta 30 egun artean irauten du.
  • Heriotza 15 eta 45 egun bitartean. Heriotza-tasa txikiagoa da, baina aldakorra da oso % 30 eta % 70 artean.

Kronikoa:

  • Hainbat sintoma: pisu-galera, tenperatura-mutur irregularrak, arnas-sintomak, nekrosia azalean, azaleko ultzera kronikoak, artritisa.
  • Perikarditisa, biriketako atxikidura, artikulazioen inflamazioa.
  • 2-15 hilabete artean garatzen da.
  • Heriotza-tasa txikia.
  • Bizirik iraun duten gutxi batzuk birusaren eramaile bihur daitezke betiko.

8. Nola diagnostikatzen da?

ATIaren susmoak sintoma klinikoen behaketan oinarritu daitezke, baina diagnostikoa baieztatu egin behar da laborategiko proben bidez, zehazki gaixotasun hau TIK gaixotasunetik bereizteko:

Diagnostiko diferentziala: beharrezkoa da laborategian baieztatzea beste gaixotasun batzuk baztertzeko, hala nola txerrien ugalketa- eta arnasketa-sindromea (PRRS), txerrien min gorria, salmonellosia, Aujeszky-ren gaixotasuna, pastelerosia edo beste gaixotasun septizemiko batzuk.

Laborategiko diagnostikoa:

  • Birusa identifikatzea landa-lagin osoen sorta batetik abiatuta, bereziki honako hauetatik: sukar-fase goiztiarrean jasotako EDTA duen odola, barea, gongoil linfatikoak, amigdalak, birikak, giltzurrunak eta hezur-muina. Horien laginak honako hauen ondoren hartuko dira: kultibo zelularraren inokulazioa, hemoadsortzio-proba (HAD), antigenoen hautematea immunofluoreszentziaren bidez (FAT) edo birusaren genoma hautemateko PCR bidez.
  •  Proba serologikoak: infekzioaren osteko 8 eta 21 egun artean jasotako seruma eriondoko animalietan (entzimei lotutako proba immunosorbentea, antigorputz fluoreszenteen zeharkako proba (IFA), immunotransferentzia-proba (IBT) edo immunoperoxidasa-tindaketa (IPT).

9. Nola prebenitzen eta kontrolatzen da?

Gaixotasuna ez duten herrialdeetan, prebentzioa inportazio-politika egokiak eta biosegurtasun-neurri egokiak hartzearen mende dago, txerri bizi eta txerri-produktu kutsatutako Afrikako txerri-izurririk gabeko guneetan sartzea eragotziko dutenak. Horrek hau dakar:

  1.  kaltetutako herrialdeetatik datozen abioi, itsasontzi edo ibilgailuetako elikagaien hondakinak behar bezala deuseztatzen direla bermatzea.
  2.  infektatutako herrialdeetatik datozen txerri bizien edo txerri-produktuen inportazio ilegalak ikuskatzea.

EBn derrigor jakinarazi behar den gaixotasuna denez: tratamendua ez da baimentzen, eta gaur arte ez dago baimendutako txertorik.

Agerraldietan eta kaltetutako herrialdeetan, Afrikako txerri-izurria kontrolatzea zaila izan daiteke, eta egoera epidemiologiko zehatzera egokitu beharko da. Edozein susmoren aurrean premiaz jakinarazi beharko zaie albaitaritza-zerbitzu ofizialei, eta agerraldiaren kasuan honako hau egingo dute:

  •  Ustiategiko txerriak berehala hiltzea: gorpuak eta hondakinak suntsitzea.
  •  Ikerketa epidemiologiko xehatua zonakatze edo konpartimentazioaren bidez, infektatuta eta gaixotasunik gabe dauden guneak zehazteko eta txerrien eta euren produktuen mugimenduak kontrolatzeko adierazitako guneen barruan.
  •  Biosegurtasun-neurri zorrotzak: kaltetutako guneak garbitu, desinfektatu eta fumigatzea.

Animali basatien rola oso garrantzitsua da ATIaren transmisioan; hori dela eta, funtsezkoa da basurdeen populazio-dentsitatea kontrolatzea, baita biosegurtasun-maila txikiko txerri-ekoizpen sistemekin duten interakzioa ere. Afrikako txerri-izurria behar bezala prebenitu eta kontrolatzeko, beharrezkoa da basurdeen populazioa ezagutzea eta egoki kudeatzea, eta albaitaritza-zerbitzuen eta basoko eta animali basatien agintaritzen artean ondo koordinatzea.

Eguneratze data: