EFSAk txosten bat argitaratu du berriki Afrikako txerri-izurriaren birusa animaliaren elikaduraren, oherako materialen eta kaltetutako eremuetan egon diren animalia biziak garraiatzeko ibilgailuen bidez EBko eskualde ez kaltetuetan sartzeko arriskua ebaluatzeko.

Irizpenak ezartzen du ezin dela baztertu birusa zabaltzeko arrisku potentziala, bereziki basurdeak dauden eremuetan. Hala ere, uste da arriskua txikiagoa dela infektatutako animalia bizien arteko kontaktuaren (txerria eta basurdea) eta elikaduraren (elikadura-hondakinekin) bidez baino.

Ebaluazioa honela egin zen:

  • Birusaren bizirauteko gaitasunari buruzko kontsulta bibliografikoa.
  • Bibliografian jasota egon ez daitekeen informazioa biltzeko kontsulta publikoa.
  • Aditu talde batek egindako balorazioa txerri-ustiategietan sartzen diren produktuen kutsadura potentzialari buruz.
  • Produktu bakoitzaren kutsatze-arriskua aurreikusten duen eredu baten garapena.

Azterketaren emaitza gisa, talde hauek sailkatu ziren birusa transmititzeko duten arrisku handienetik txikienera:

  1. Pentsu konposatuak forma likido eta/edo pelletetan.
  2. Ibilgailuak
  3. Pentsuetarako lehengaiak.
  4. Oheetarako eta aberasteko materialak, bazkak, proteina hidrolizatuak eta plasma-proteinak.

Ustiategietan ezarritako biosegurtasuneko neurriak ezinbestekoak dira Afrikako txerri‑izurri kontrolatzeko. Azken norakoa eskala txikiko ustiategi bat denean, eskala handi batekoa izan beharrean, transmisio-arrisku handiagoa dago, biosegurtasun-maila baxuagoa delako. Ibilgailuen kasuan, garrantzitsua da, halaber, biosegurtasuneko neurriak ezartzea txerriak kaltetutako eremuetara edo horien barnean garraiatu badira. Kamioiak joan-etorrian ibiltzen badira kaltetutako eremuen eta eremu ez kaltetuen artean, arriskua murrizteko neurri egokia da animaliak ustiategietatik distantzia batera dauden kontzentrazio-zentroetatik edo karga-nasa eramangarrietatik kargatzea.

Oro har, deskontaminazio- eta biltegiratze-prozesu egokiak zorrotz betetzea gomendatzen da, horiei esker birusa kutsatzeko aukera murriztu egiten baita.