Lupu beltza edo antraxa

LABURPENA

Lupu beltza edo antraxa gaixotasun infekzioso zoonotikoa da, esporak sortzen dituen bateria batek sortua: Bacillus anthracis. Ugaztun gehienei (besteak beste, gizakiei ere bai) eta hainbat hegazti-espezieri eragin diezaieke, baina bereziki garrantzitsua da belarjaleen artean. Esporak oso erresistenteak dira beroaren edo kimikoen bidezko inaktibazioarekiko, eta ingurumenean bizirik iraun dezakete zenbait hamarkadatan. Nahitaez aitortu beharreko animalia-gaixotasuna da, gizakiei eragin diezaiekeena.

 Gaixotasunaren zeinu argiak bat-bateko heriotza da exudatu hemorragikoekin ahoan, sudurrean eta uzkian; eta rigor mortis osorik ez izatea. Diagnostikoa behar du laborategian baieztatzeko.

Hedapena, batik bat, esporak, hainbat hamarkadatan lurzoruan lurperatuta daudenak, lurzoruetara azaleratzen direnean eta ganaduak horiek jatean infektatzen denean gertatzen da, eta, orokorrean, bat-batean hiltzen dira. Infektatutako animalia horien hilotzek bakterio‑karga handia dute, eta infekzio-iturria dira gainerakoentzat; horien bitartez, ingurumenean barreiatzen da, eta, horrela, gaixotasuna betikotu egiten da eremu batean, esporak erresistentzia handia duelako.

Kontrola biosegurtasun-neurrietan oinarritzen da agerraldi bat maneiatzean, ez barreiatzeko. Kontrol nagusia da mikroorganismoak kutsatuta egon daitezkeen lursailetan animalia hilak aurkitzekotan nekropsiarik ez egitea, kare bizian lurperatzea eta arriskuan egon daitezkeen animalia biziak txertatzea.

1. Zer da?

Lupu beltza edo antraxa bakterio-jatorriko gaixotasun infekzioso garrantzitsu bat da, eta ugaztun gehienei eragiten die, direla etxe-abereei, direla basatiei. Bereziki garrantzitsua da belarjaleetan.

Bacillus anthracis batek eragiten du, esporak osatzen dituen bakterio batek. Oxigenoarekin kontaktuan jartzean, bakterioak esporak sortzen ditu, eta espora horiek urteetan iraun dezakete bizirik lurzoruan edo infektatutako animalien artilean edo ilean. Esporak oso erresistenteak dira beroaren edo kimikoen bidezko inaktibazioarekiko, eta ingurumenean bizirik iraun dezakete zenbait hamarkadatan. Hori dela eta, agerraldiak gertatu ohi dira, adibidez, obra publikoen edo uholdeen ondorioz, hau da, lurra mugitzen denean.

Bakterio honek batik bat etxeko hausnarkarietan zein hausnarkari basatietan eta zertxobait gutxiago ekidoetan azkar garatzen den gaixotasun larria eta bat-bateko heriotza eragiten ditu.

2. Zeintzuk dira gaixotzen diren espezieak?

Lupu beltza edo antraxa bakterio-jatorriko gaixotasun infekzioso garrantzitsu bat da, eta ugaztun gehienei eragiten die, direla etxe-abereei, direla basatiei. Bereziki garrantzitsua da belarjaleetan.

Bacillus anthracis batek eragiten du, esporak osatzen dituen bakterio batek. Oxigenoarekin kontaktuan jartzean, bakterioak esporak sortzen ditu, eta espora horiek urteetan iraun dezakete bizirik lurzoruan edo infektatutako animalien artilean edo ilean. Esporak oso erresistenteak dira beroaren edo kimikoen bidezko inaktibazioarekiko, eta ingurumenean bizirik iraun dezakete zenbait hamarkadatan. Hori dela eta, agerraldiak gertatu ohi dira, adibidez, obra publikoen edo uholdeen ondorioz, hau da, lurra mugitzen denean.

Bakterio honek batik bat etxeko hausnarkarietan zein hausnarkari basatietan eta zertxobait gutxiago ekidoetan azkar garatzen den gaixotasun larria eta bat-bateko heriotza eragiten ditu.

3. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da?

Bai, antraxa nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da, bai OIEri bai Europar Batasunari aitortu beharrekoa.

4. Zer arrisku eragiten dio osasun publikoari?

Lupu beltza osasun publikorako arriskua da: ZOONOSI bat da; beraz, gizakiei eragiten die.

Gizakietan kasuak noizean behin agertzen dira, infektatutako animaliekin edo haien ehunekin kontaktuan egon ondoren, batez ere lanbide hauen berezko arriskuen ondorioz: albaitaritza, abeltzaintza eta larruak, ileak, artilea, hezurrak eta antzeko produktuak prozesatzen dituzten industriak.

Gizakietan hiru modutan agertzen da:

  • Azalean: infekzio naturalen % 95ean baino gehiagoan agertzen da eta gutxitan da hilgarria antibiotikoekin tratatuz gero.
  • Urdail-hesteetan: ez da hain ohikoa, baina larriagoa da, eta kutsatutako haragiarekin zerikusia izan dezaketen agerraldietan ager daiteke.
  • Arnasketan: larriena da eta hilkortasun-indize oso altua du, baita tratamendua jaso arren ere. Arnasketako kasu naturalak ez dira ohikoak; hala ere, antraxa arma biologiko gisa erabili izan da aerosol moduan (esporak arnastuta).

5. Zein banaketa geografiko du?

Kontinente guztietan dago, Antartikan izan ezik.

Eremu endemiko batzuetan agerraldiak ohikoagoak dira, eta beste batzuetan, berriz, agerraldiak noizean behin gertatzen dira, lurzoruan erdi lo zeuden esporak azaleratzen dituzten obra publikoen edo uholdeen ondorioz.

Gaixotasunak mundu osoan duen agerraldiari buruzko informazio berriagoa eta eguneratuagoa jaso nahi izanez gero, OIEk munduko informazio zoosanitarioari buruz duen datu-basearen interfazea kontsultatu daiteke (WAHIS)

6. Nola transmititzen eta hedatzen da (epidemiologia)?

Gaixotasuna, nagusiki, duela hainbat hamarkadatatik lurperatuta zeuden esporak lursail bateko azalerara irteten direnean hedatzen da. Belarjaleek espora horiek irensten dituzte bazkatzean; esporak erne egiten dira eta gaixotasuna eragiten dute.

Honako hauek dira transmisio-bide posible guztiak:

  • ZUZENA:
    • Ahokoa, esporak irensteagatik bazkatzean edo pentsuetan, belarjaleen kasuan, eta haragi kutsatua irensteagatik, haragijaleen kasuan.
    • Bide aerogenoa, esporak arnasteagatik; izan ere, animalien artilean edo azalean egon daitezke.
    • Azalekoa, azaleko zaurien bitartez.

 ZEHARKA:

    • Modu mekanikoan, bektoreen bidez fomite gisa; euliek barreiatu egin ditzakete infektatutako animalia hilekin elikatu ondoren.

Honako hauek dira transmisio-iturriak:

  • Bazka eta pentsua.
  • Infestatutako animalien hilotzak: exudatu hemorragikoak ahotik, sudurretik eta uzkitik (bakterio-karga handia dute).
  • Azala eta artilea: denbora luzez bideragarri izan daitezkeen esporak eduki ditzakete.

 Lupu beltzaren esporek urte luzez iraun dezakete bizirik lurzoruan edo infektatutako animalien artilean edo ilean. Esporak oso erresistenteak dira beroaren edo kimikoen bidezko inaktibazioarekiko, eta ingurumenean bizirik iraun dezakete zenbait hamarkadatan. Hori dela eta, agerraldiak gertatu ohi dira, obra publikoen edo uholdeen ondorioz, hau da, lurra mugitzen denean.

7. Zein dira sintoma klinikoak?

Inkubazio-aldia 3-7 egunekoa da belarjaleetan, eta aste 1 edo 2koa orojaleetan.

Animalietan, antraxa gaixotasun hiperakutua, akutua, subakutua edo kronikoa izan daiteke:

HAUSNARKARIAK:

  • Forma hiperaktutua: bat-bateko heriotza eragiten du, eta hori izan daiteke zeinu bakarra. Beste zeinu batzuk: kulunkak, dardarak eta disnea, eta, jarraian, kolapso azkarra, konbultsioak eta heriotza.
  • Forma akutuan, heriotza baino 2 egun lehenagora arte, honako zeinu kliniko hauek ager daitezke: sukarra eta asaldura, eta, ondoren, depresioa, harridura, desorientazioa, giharren dardara, disnea eta muki-mintzen kongestioa. Behiengan, abortuak gerta daitezke, bai eta esne-ekoizpenaren murrizketa handia ere.

Sudurrean, ahoan eta uzkian odola gal daiteke; edo larruazalpeko hantura edematosoak ager daitezke, batez ere lepoaren, toraxaren eta sorbaldaren gune bentralean.

EKIDOAK:

  • Forma akutuan, heriotza baino 4 egun lehenagora arte, honako zeinu kliniko hauek ager daitezke: sukarra, hotzikarak, anorexia, depresioa, koliko larriak eta beherako odoltsua. Hanturak agertzen dira lepoan, bularrezurrean, sabelaldearen behealdean eta kanpoko genitaletan.

TXERRIAK:

  • Forma subakututik kronikora: hantura lokalizatua, sukarra eta gongoil linfatikoen tamaina handitzea. Zenbait kasutan sendatzea lortzen da; hala ere, aziendak jateko hil eta prestatzean, lesio nabariak geratzen dira amigdaletan eta zerbikaletako gongoil linfatikoetan. Batzuetan, septizemia edo bat-bateko heriotza gerta daiteke.

HAUSNARKARI BASATIAK: Antraxa aldakorra da belarjale basatien espeziearen arabera, baina behien gaixotasunaren antzekoa izaten da.

8. Nola diagnostikatzen da?

Laborategiko teknikak behar dira gaixotasuna baieztatzeko. Odol-azterketa (edo beste ehun batzuena) bidez diagnostikatzen da, bakterioaren presentzia detektatzeko.

Infektatutako animalien gorpuen bakterio-karga handia dela eta: exudatu hemorragikoen laginak hartzeko, arreta handiz jokatuko da ingurunea ez kutsatzeko eta animaliekiko eta gizakiekiko esposizioa prebenitzeko.

Animaliak bat-batean hil ohi dira; hortaz, askotan, diagnostikoa post-mortem egiten da:

  • Diagnostiko mikrobiologikoa: Agente etiologikoaren isolamendua eta mikroskopia.
  • Diagnostiko molekularra: Bacillus anthracis identifikatzea ohiko PCR bidez. Andui patogenoak eta txertoarenak bereiztea.

Diagnostiko klinikoa soilik zeinuetan oinarritzea zaila da; izan ere, ez du agertzen sintoma patognomonikorik. Rigor mortisik ez egoteak edo hori osatugabe bat egoteak eta gorpua azkar deskonposatzeak B. anthracisaren infekzioa heriotzaren kausa bezala ezartzen lagun dezake.  Diagnostiko diferentzialean bat-bateko heriotza eragiten duten gaixotasunak daude, hala nola klostridiosisa, botulismoa (C. botulinum) edo lupu zuria (C. chauvoei).

9. Nola prebenitzen eta kontrolatzen da?

Zaintza-sistema pasiboa da, eta aipatutako espezieen edozein susmoen nahitaezko jakinarazpenean oinarritzen da.

Tratamendu antibiotikoa dago animalia asintomatikoentzat, esposizioaren ostean.

Kontrol-neurriak, oro har, honako hauek abian jartzean oinarritzen dira:

  • Biosegurtasun-neurriak: anthracisaren ondorioz hil diren edo gaixotuta egon daitezkeen animaliak manipulatzean esporak barreiatu ez daitezen. Horretarako, honako hau gomendatzen da:
    • Babeserako material egokia erabiltzea (eskularruak, maskara, betaurrekoak…).
    • Ez egitea in situ nekropsiarik mikroorganismoak kutsatuta egon daitezkeen lurretan badaude hildako animaliak.
    • Hainbat teknika, hala nola kare biziarekin lurperatzea, karkasak formalinarekin tratatzea edo ustez gaixotasun horrekin hildako animaliak desagerrarazteko errausketa.
    • Desinfektatzaileak erabiltzea: lurperatze-eremuetan sodio hipokloritoa, eta formalina edo karea erabilita, kutsatuta egon daitezkeelako.
    • Kaltetutako gainerako taldearen mugimendua berehala murriztea eta bizirik dauden animaliei txertoa jartzea.

 Txertaketa: Txerto bizi eraginkorra dago.Txertaketa kontrol-metodo eraginkorra izan daiteke belarjale basatien populazioetan edo orokorrean agerraldiak detektatzen badira, horiek elikatzeko larreen mende daudelako. Hildako animalietan B. anthracisak sortutako infekzioaren diagnostikoa baieztatzen bada, txertoa jarri behar zaie bizirik dauden animaliei.

10. Erreferentziak eta legedia

Lupu beltzari buruzko informazioa-OIE

Lupu beltzari buruzko informazioa – MAPA

Lupu beltzari buruzko informazioa Iowa State University

Lupu beltzari buruzko informazioaMercken eskuliburua

2016/429 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko martxoaren 9koa, animalien gaixotasun transmitigarriei buruzkoa eta animalien osasunaren arloko zenbait egintza aldatzen edo indargabetzen dituena (“animalien osasunari buruzko legeria”).

2018/1882 (EB) Betearazpen Erregelamenduak, Batzordearenak, 2018ko abenduaren 3koak, zerrendan banan-banan aipatutako gaixotasun-kategoriei prebentzio- eta kontrol-arau jakin batzuk aplikatzeari buruzkoak eta gaixotasun horiek hedatzeko arrisku handia duten espezieen eta espezie-taldeen zerrenda ezartzen duenak, lupu beltza D+E kategoriako gaixotasun gisa ezartzen du etxeko ungulatuentzat.

2020/689 (EB) Erregelamendu Eskuordetua, Batzordearena, 2019ko abenduaren 17koa, zeinaren bidez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/429 (EB) Erregelamendua osatzen den, zaintza-arauei, desagerrarazteko programei eta gaixotasunik gabeko estatusari lotuta, zerrendako gaixotasun jakin batzuei eta sortzen ari diren gaixotasunei dagokienez.

2020/688 (EB) Erregelamendu Eskuordetua, Batzordearena, zeinaren bidez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/429 (EB) Erregelamendua osatzen den, lehorreko animalien eta txitatzeko arrautzen Batasunaren barruan joan-etorriak egiteko baldintza zoosanitarioei dagokienez.

526/2014 ED, nahitaez aitortu beharreko animalia-gaixotasunen zerrenda ezarri eta jakinarazpenak araupetzen dituena.

8/2003 Legea, animalien osasunari buruzkoa.

Eguneratze data: