Behien tuberkulosia

LABURPENA

Behien tuberkulosia gaixotasun bakteriano kroniko eta ahulgarria da, Mycobacterium bovis delakoaren infekzioak eragina. Behi-aziendari eragiten dio, eta, batzuetan, beste ugaztun-espezie batzuei ere bai, direla basatiak (basurdeka, azkonarrak) direla etxekoak (ahuntzak, oreinak). Ugaztun gehienek izan dezakete.

Nahitaez aitortu beharreko animalia-gaixotasuna da, pertsonei eragiten diena. Osasun publikoko arazo handia da mundu-mailan, batez ere garapen-bidean dauden herrialdeetan. Zoonosi garrantzitsua da; izan ere, pertsonak aerosolak arnastuta edo esne ez pasteurizatua hartuta infekta daitezke.

Animalietan infekzioaren fase berantiarrean agertzen dira zeinu klinikoak, eta gaixotasun-egoera orokorra, pneumonia eta sukar baxu gorabeheratsua, ahultasuna, apetitu-falta eta pisu-galera izatea ditu ezaugarri. Infektatutako animaliek nagusiki arnas jariatzeen, gorozkien eta esnearen bidez ezabatzen dituzte bakterioak. Transmisioa zuzena izan daiteke, animalia osasuntsu eta infektatuen arteko kontaktuagatik, edo zeharkakoa, animalia infektatuen jariakinekin kutsatutako pentsuak ahotik hartzeagatik edo aerosolen mikrotantak airetik arnasteagatik. Laborategian diagnostikoa egin behar da berresteko.

Prebentzioa eta kontrola diagnostiko goiztiarra egitean eta berretsitako animaliak sakrifikatzean oinarritzen dira, desagertze-programen bitartez. Horiei esker, behien tuberkulosia murriztu edo desagertu egin da. Guztiz desagertzea zaildu egiten du infekzioak jarraitu egiten duelako animalia basatietan, gordailu gisa jarduten baitute. Arnas gaixotasun larria da, eta mundu osoan dago.

Gaur egun, ez dago baimendutako txertorik.

1. Zer da?

Behien tuberkulosia (bTB) Mycobacterium bovis bakterioak eragindako infekzioa da. Bakterio hori Mycobacteriaceae familiako Mycobacterium tuberculosis (CMT) konplexuari dagokio. Konplexu hori beste mikobakteria batzuek ere osatzen dute, hala nola Mycobacterium caprae edo Mycobacterium tuberculosis.

Behien tuberkulosiak, nagusiki, behi-aziendari eragiten dio. Gaixotasun kroniko ahulgarria eragiten die, eta haien osasuna arriskuan jarri eta heriotza eragiten die gaixotasunaren fase berantiarrean.

2. Zeintzuk dira gaixotzen diren espezieak?

Ugaztun gehienek izan dezakete.

Behin betiko ostalaria behi-azienda da. Gainera, beste etxeko ugaztun batzuk eta ugaztun basati batzuk ere infektatu eta gaixotasuna gara dezakete, hala nola zerbidoek, ahuntzek, kamelidoek eta gizakiek.

Hauek dira behin-behineko ostalariak: ardiak, ahuntzak, zaldiak, txerriak, txakurrak, katuak, hudoak, gameluak eta llamak.

Basa-faunak gaixotasunaren gordailu naturaltzat jarduten du. Besteak beste, honako hauek: azkonarrak, oreinak, basurdeak, altzeak, elefanteak, errinozeroak, azeriak, koioteak, bisoiak, primateak, zarigueiak, igarabak, fokak, itsas lehoiak, erbiak, mapatxeak, hartzak, fakokeroak, felido handiak (lehoiak, tigreak, lehoinabarrak, gepardoak eta katamotzak barne) eta hainbat karraskari-espezie.

3. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da?

Bai, behien tuberkulosia OIEren Lurreko Animalientzako Osasun Kodean jasotako gaixotasunetako bat da, eta nahitaez aitortu behar da.

4. Zer arrisku eragiten dio osasun publikoari?

Behien tuberkulosia ZOONOSI bat da, gizakiari eragiten dio eta osasun publikorako arrisku handia dakar.

Giza tuberkulosiaren kasu gehienak M. tuberculosis bakterio-espezieak eragiten dituen arren, behien tuberkulosia pertsonetako turberkulosi zoonosikoko forma bat da, M. tuberculosis konplexuko M. bovis delakoak sortua.

Gizakiek behien tuberkulosia honela har dezakete:

  • Infektatutako behi, bufalo, ahutz eta ardien esne gordin eta esneki ez pasteurizatuak
  • Infektatutako animaliek kanporatutako edo infektatutako animalien kanaletan edo iraizpenetan (hala nola gorozkiak) askatutako bakterioak arnastea.
  • Larruazaleko zaurietan, babestu gabeko zauria infektatutako animalia baten bakterioekiko esposizioan dagoenean (harakinak, hiltzaileak…).

Intzidentzia handiagoa da behi-aziendarekin lan egiten duten pertsonen artean (ganaduzaleak, albaitaria, harakina, hiltegietako langileak…).

Gizakietan zenbait infekzio asintomatikoak dira. Beste kasu batzuetan, lokalizatutako edo barreiatutako gaixotasuna infektatu ondoren denbora gutxia edo urte askora garatu daiteke, ahultzen ari den immunitateak berriz aktibatzeko aukera ematen dionean.

5. Zein banaketa geografiko du?

Behien tuberkulosia mundu osoan dago, nahiz eta kontrol-programei esker, ia-ia desagertu egin den gaixotasun hori herrialde askotako etxe-abereen artetik.

Gaixotasunak mundu osoan duen agerraldiari buruzko informazio berriagoa eta eguneratuagoa jaso nahi izanez gero, OIEk munduko informazio zoosanitarioari buruz duen datu-basearen interfazea kontsultatu daiteke (WAHIS)

6. Nola transmititzen eta hedatzen da (epidemiologia)?

Behien tuberkulosiaren epidemiologia aldatu egiten da hainbat faktoreren arabera:

  • Sentikortasun-maila
  • Hazteko sistema
  • Animalien dentsitatea
  • Banaketa espaziala
  • Populazioen ekologia
  • Transmisio-bidea
  • Gordailuen jarduteko gaitasuna

Infektatutako animalia bakar batek bakterioa taldean barreiatu dezake zeinu klinikoak adierazten hasi aurretik. Infektatutako animaliak sartzea da gaixotasuna hedatzeko bide nagusia. Honako hauek dira talde bateko transmisio-bideak:

  • Zuzenekoa: etxe-abereekin edo animalia basati osasuntsu eta infektatuekin harreman zuzena izateagatik.
  • Zeharkakoa:
    • Airetik: kasu gehienetan, bovis behi-ganaduaren artean animalia gaixo batek eztul egitean kanporatzen dituen aerosolen bidez transmititzen da.
    • Ahotik, infektatutako animalien jariakinekin kutsatutako pentsuak hartzeagatik (bereziki garrantzitsua da infektatutako behien oritza edo esnea irenstean infektatzen diren txahaletan).

Behi-aziendaren infekzio-iturriak hauek dira: arnas jariakinak, gorozkiak eta esnea.  Batzuetan, pixa, baginako jariakinak edo semena ere bai.

7. Zein dira sintoma klinikoak?

Behien turberkulosia, orokorrean, gaixotasun subakutua edo kronikoa da, progresio-tasa aldakorra dauka, baina batzuetan akutua eta garapen azkarrekoa izan daiteke, eta infekzio goiztiar asintomatikoak izan ohi dituzte.

  • Gaixotasunaren fase berantiarrean sintoma hauek agertu ohi dira maiz:
    • Apetitu- eta pisu-galera
    • Sukar gorabeheratsua
    • Ahultasuna
    • Gongoil linfatiko handituak, adibidez, lepoan
    • Disnea eta eztul hezea
    • Errape-min kronikoa
    • Beherakoa
  • Fase terminalean, animaliak oso argal egoten dira eta disnea akutua izan dezakete. Animalia batzuetan, faringe atzeko gongoil linfatikoak edo beste gongoil linfatiko batzuk handitu egiten dira, ireki eta zornatu egin daitezke; gongoil linfatikoak handitzean, odol-hodiak, arnasbideak edo digestio-hodia oztopa ditzakete. Digestio-bidea konprometituz gero, aldizkako beherakoa edo idorreria izan daitezke.

* Desagertze-programak dituzten herrialdeetan, behi-azienda infektatu gehienak era goiztiarrean identifikatzen dira, eta infekzio sintomatikoak ez dira oso ohikoak.

8. Nola diagnostikatzen da?

Diagnostiko mota hauek daude:

  • Klinikoa: Garatutako herrialdeetan ez da sintomarik izaten; izan ere, gehienak analisi bidez edo hiltokietan diagnostikatzen dira. Behien tuberkulosiaren zeinu klinikoak ez dira berariaz bereizgarriak, eta, hortaz, albaitariek ezin dute behin betiko diagnostiko diferentzialik egin soilik zeinu klinikoetatik abiatuta.
  • Diferentziala: Tuberkulosia soilik zeinu klinikoetan oinarrituta diagnostikatzea zaila da. Diagnostiko diferentzialak honako hauek barne hartzen ditu: behi pleuropneumonia kutsakorra, Pasteurella edo Corynebacterium pyogenes bidezko pneumonia, xurgapen-pneumonia, perikarditis traumatikoa, linfadenitis kaseosoa eta faxolosi kronikoa.
  • Laborategikoak: Tuberkulosia agente kausala edo erantzun immunitarioak detektatuta diagnostikatu daiteke.
    • Intradermotuberkulinizazio-proba (IDTB): etxeko animalien diagnostikoa egiteko metodo estandarra da, eta landan egiten da. Hori positiboa da hipersentikortasun atzeratuko erreakzioa (hantura) eragiten duenean, zelulek eragindako erantzun immunitario baten ondorioz.
      • Sinplea: behi-tuberkulina dermikoki injektatzean datza, PPD forman ( bovisetik eratorritako proteinaren estraktu purifikatua), lepoko tauletan, intradermikoki. 72 h igaro ostean, txertatze-guneko azalaren lodiera neurtzen da, txertaketa-puntuko edozein hantura detektatzeko.
      • Alderatua: prozedura berdina da, baina aldi berean lepoko hainbat gunetan behi- eta hegazti-tuberkulina txertatzen da. Diagnostiko diferentziala ahalbidetzen du mikrobakteria saprofitoen bidez (ingurumenean). Gaixotasuna ez dagoen lekuetan animaliaren bat agertzen denean eta animaliaren batek erreakzionatzen duenean aplikatzen da.
    • Gamma-interferon testa (IFN-Y): immunitate zelularrarekin zerikusia duen in vitro proba bat da, eta IDTBren osagarria da; hala ere, emaitza positiboak dituen edozein talde positibotzat hartu behar da. IFN-Y detektatzen da odolean, mikobakterioen antigenoekin sentsibilizatutako linfozito zirkulatzaileen erantzun gisa. Infektatutako animaliek erreakzionatuko dute eta IFN-Y ekoiztuko dute, ELISA bidez detektatu ahal dena.
    • Kultiboa: lagin klinikoetatik edo ehunetatik datozen frotisak Ziehl/Neelsen koloratzailearekin, fluoreszente azido-erresistentearekin edo immunoperoxidasa-teknikekin tindatu daitezke. Diagnostikoa hazkuntza-ingurune selektiboetan bovisa isolatzen baieztatzen da.
    • DNA ateratzea: Mikroorganismoa PCR bidez edo espoligotipatze-teknikaren bidez baieztatu daiteke. Espoligotipatze-teknikaren bidez, bovis andui desberdinak bereiz daitezke, eta epidemiologia molekularreko azterketak egiteko hautapen-teknika da (animalia basatietan eta etxeko animalietan transmititzea, animaliak mugitzea, eskualde geografiko batetik isolatuta egotea, agerraldiak aztertzea, etab.).

9. Nola prebenitzen eta kontrolatzen da?

Behien tuberkulosiaren kontrako borroka, herrialde gehienetan, honako hauetan oinarritzen da:

  • Detekzio goiztiarreko banakako proba sistematikoak banakako saneamendu-kanpainetan
  • Kaltetutako ustiategietan animalia positiboak egoten diren denbora murriztea.
  • Animalia positiboak sakrifikatzea, bai eta horiekin harremanetan egon direnak ere.
  • Trazabilitate eraginkorra: joan-etorrien mugimendu eraginkorrak kontrolatzea eta animaliak banan-banan identifikatzea.

BEHI-AZIENDAREN ZAINTZA AKTIBOA

Proba-sakrifizio edo proba-segregazio metodoa: Tuberkulinaren (IDTB) proban eta animalia positiboak sakrifikatzean oinarritzen da, eta, horrela, etxeko animalietan bTBa desagerraraztea bermatzen da. Zenbait herrialdetan, desagerrarazteko lehenengo fasean proba- eta segregazio-programak erabiltzen dira (animalien osasun-programetan dauden finantza-mugen edo giza baliabideen mugen ondorioz), eta azken fasean proba- eta sakrifizio-metodoak erabiltzen dira.

Oro har, kaltetutako taldeei aldizkako tuberkulina-probak egiten zaizkie, organismoa zabal dezaketen animaliak kentzeko. Halaber, berrogeialdiak egiten dira, eta erreaktoreekin harremanetan egon ziren animalien aztarna jarraitzen da.

ZAINTZA PASIBOA: HILTOKIEN ETA OSASUN PUBLIKOAREN ZAINTZA-SISTEMA

  • Hiltokian: etxaldeko zaintza- eta kontrol-sistemak giza kontsumorako sakrifikatu ohi diren animaliak hiltegian zaintzeko sistema baten bidez osatu behar dira nahitaez. Post mortem egiten den kanalaren ikuskapenean, lesioak bilatzen dira biriketan, nodulu linfatikoetan, hesteetan, gibelean, barean, pleuran eta peritoneoan, infektatutako animaliak eta taldeak detektatzeko.
  • Osasun publikoaren mailan:
    • Hiltokiko ikuskapenean infektatutako animaliak detektatzeak haragia elikagai-katean sartzea ekiditen du eta albaitaritza-zerbitzuei aukera ematen die infektatutako animaliaren jatorrizko taldea detektatzeko. Horrela, aukera dago talde horri probak egin, eta, behar izanez gero, kentzeko.
    • Infektatutako animalien esnea bakterioak desagerrarazteko beharrezko tenperaturan pasteurizatzeak gaixotasuna giza populazioetan zabaltzea eragotzi du.

BIOSEGURTASUN-NEURRIAK

Honako neurri hauek ere oso baliagarriak izan dira gaixotasuna geldiarazi edo desagerrarazteko:

  • Basoko fauna: behietan egindako esku-hartzeak basoko faunaren zaintza- eta kontrol-programa batekin osatzen dira. bovisa basoko faunaren gordailuetan agertzeak (azkonarra, oreinak…) desagerrarazteko lana zailtzen du Basoko faunaren populazioaren dentsitatea murrizteko sakrifizioak transmisioa gutxitu dezake, baina ondorio negatiboak ere izan ditzake, hala nola gainerako kideen hedapena areagotzea, eta, ondorioz, mikroorganismoarena. Behien eta animalia basatien arteko hedapena prebenitzeko neurri nagusia etxeko animalien eta animalia basatien arteko kontaktu zuzen ekiditea da:
    • Hesi perimetrala jartzea ustiategietan, basoko animaliak sartzeko oztopo fisiko gisa jardungo dutenak.
    • Elikaduran, osagarriak eta jakiak (ehiztariek basoko hausnarkariak elikatzea) debekatuta egotea.
  • Ustiategiko eta garraio-ibilgailuetako garbiketa- eta desinfekzio-neurriak. Talde barruan agentearen hedapena murriztea lortzen dute; izan ere, bovis desinfektatzaileekiko nahiko erresistentea da eta inaktibatzeko kontaktu-denbora luzea behar du. Desinfektatzaile eraginkorrek % 5eko fenol-soluzioak dituzte, eta horiek iodatuta daude eskuragarri dagoen iodo-kontzentrazio handiarekin, glutaraldehidoarekin eta formaldehidoarekin. Materia organikoko kontzentrazio baxuak dituzten giroetan % 1eko sodio hipokloritoa ere eraginkorra da, kontaktu-denbora luzean.
  • Simaurraren kudeaketa: beharrezkoa da simaurra ondo kudeatzea kaltetutako ustiapenen ongarri gisa, bovisaren barreiadura ekiditeko Hori biltegiratzea gomendatzen da, simaurrean bakterioaren inaktibazio-prozesua gertatzeko. Prozesua 65 °C-ra gertatzen da, gutxienez 100 eta 180 eguneko epean, lortutako tenperaturen, materia organikoaren eta aireztatzearena arabera.

Gaur egun, ez dago bTBaren kontrako txertorik animalientzat; izan ere, dauden txertoak eraginkortasun aldakorra dute eta gaixotasuna desagerraraztera bideratutako probak egitea oztopatzen dute. Hala ere, DIVA txerto berriak garatzen eta probatzen ari dira, bereziki basoko animalien (azkonarrak) gordailuentzat. Gizakiengan, bai, txertaketa egiten da.

10. Erreferentziak eta legedia

Información sobre la tuberculosis bovina- OIE

Información sobre la tuberculosis bovina– MAPA

Ficha de la tuberculosis bovina-CFSPH (Iowa State University)

Ficha de la tuberculosis bovina-CRESA

Real Decreto 526/2014, de 20 de junio, por el que se establece la lista de las enfermedades de los animales de declaración obligatoria y se regula su notificación.

Ley 8/2003, de sanidad animal

Real Decreto 2611/1996, de 20 de diciembre, y sus modificaciones, por el que se regulan los programas nacionales de erradicación de enfermedades de los animales.

Eguneratze data: