Estomatitis besikularra
LABURPENA
Estomatitis besikularra behi, zaldi, txerri eta, batzuetan, gizakiari eragiten dion gaixotasun kutsakor birikoa da. Sukar aftosotik klinikoki bereizezina delako du garrantzia; izan ere, sukar aftosoa barreiatzeko ahalmen handienetakoa duen gaixotasunetako bat da, eta mundu osoan galera ekonomiko eta produktibo handiak eragiteko gaitasuna du, baina oraingoz Amerikan bakarrik dago. Nahitaez deklaratu beharreko animalia-gaixotasuna da, pertsonengan eragina izan dezakeena.
Gaixotasuna klinikoki honako ezaugarri hauekin aurkezten da: anpuluak edo aftak ahoan, mihian, ahosabaian, apoetan eta apatxen arteko espazioan. Horiek birusaren kontzentrazio handiko likidoa lehertu eta askatzen dute, eta, hala, errazago hedatzen da. Sukar aftosoaren eta beste gaixotasun besikular batzuen oso antzekoa da. Sukar aftosoarekiko klinikoki bereizezina denez, laborategian egin behar da diagnosia.
Hedapena animalia bizien eta infektatuen eta bektoreen bidez gerta daiteke, baina ez dakigu zein den transmisio mekanismo zehatza.
Profilaxi gisa animaliak immobilizatzea eta ibilgailuak eta gonbitak desinfektatzea gomendatzen da.
Gaur egun ez dago baimendutako txertorik.
1. Zer da?
2. Zein espezieri eragiten die?
3. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da?
4. Zer arrisku eragiten dio osasun publikoari?
5. Zein banaketa geografiko du?
6. Nola transmititzen eta hedatzen da (epidemiologia)?
7. Zein dira sintoma klinikoak?
8. Nola diagnostikatzen da?
9. Nola prebenitzen eta kontrolatzen da?
10. Erreferentziak eta legeria
1. Zer da?
Estomatitis besikularra (EB) hilkortasun txikiko eta erikortasun aldakorreko gaixotasun bat da eta RNA birus katebakar batek sortzen du, Rhabdoviridae familiako Vesiculovirus generoko bilkinarekin. Behi, zaldi, txerri eta pertsonengan du eragina, eta sukar aftosoaren koadro kliniko bereizezina eragiten die. Horretan datza haren garrantzia, eta presako diagnostikoa agerraldi batean egiten da.
Hainbat serotipo daude: New Jersey (NJ) eta Indiana (IND-1, IND-2 eta IND-3 azpimotak); horiek infektatutako animalietan sortutako antigorputz neutralizatzaileen bidez bereizi daitezke.
2. Zeintzuk dira Gaixotzen diren espezieak?
Behi, zaldi, txerri eta batzuetan ardi, ahuntz eta llamengan du eragina.
Hala ere, serologia positiboa hauteman daiteke etxeko eta basoko animalien beste espezie askotan, hala nola txakurrak, antilopeak, txerri basatiak edo basurdeak, altzeak, orein buztanzuriak, mapatxeak, azeriak, katagorriak, untxiak, karraskari txikiak, tximinoak, saguzarrak eta era askotako hegaztiak, besteak beste.
3. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da?
Aipatutako guztiagatik, zoonosi gisa hartzen da, maila baxukoa.
Ez da OIEk 2014az geroztik nahitaez deklaratu beharreko gaixotasunen zerrendan sartzen. Baina BADA 526/2014 Errege Dekretuan aipatzen den nahitaez deklaratu beharreko gaixotasunetako bat.
4. Zer arrisku eragiten dio osasun publikoari?
EBak, ezustean, pertsonengan gripeak sortzen duen antzeko prozesu bat sortu dezake, 4 egun baino gutxiagokoa. Horrenbestez, maila baxuko zoonosi gisa hartzen da, osasun publikorako arriskutsua.
5. Zein banaketa geografiko du?
Gaur egun soilik Amerika kontinentean dago. Kolonbia da urtean kasu gehienen duen herrialdeetako bat.
Frantzian 1915. eta 1917. urteetan zaldietan zein 1886. eta 1887. urteetan hegoaldeko Afrikan izandako kasuez aparte, gainerako guztiak Amerikan izan dira. 2008. urtean Erdialdeko Amerikako herrialdetan izan ziren kasuak: Belize, Nikaragua, Panama, Guatemala eta Costa Rican. Horrez gain, Hego Amerikako hainbat herrialdetan ere izan dira kasuak: Ekuadorren, Perun, Venezuelan eta Kolonbian. Azken hori da urtean foku gehien jakinarazten duen herrialdea.
Mundu osoan gaixotasun honen inguruko informazio eguneratuagoa eta zehatzagoa izateko, OIEren munduko informazio zoosanitarioaren inguruko datu-basearen (WAHID) interfazea begiratu daiteke.
https://www.oie.int/es/inicio/
6. Nola transmititzen eta hedatzen da (epidemiologia)?
Gaixotasuna talde batean agertzen denean, zuzeneko eta/edo zeharkako harremanaren bidez transmititzen da animalia batzuetatik besteetara.
Urtarokotasun nabarmena du, eta maizago gertatzen da eurite-estazioan zona tropikal enzootikoetan. Edonola ere, herrialde batzuetan euriteen ondorengo urtaro lehorretan ere gertatzen da. Horrez gain, zona epeletan normalean lehenengo izozteekin desagertzen da birusa; horrek baieztatu egiten du zikloan bektore motaren batek parte hartzen duela.
Honako hauek dira transmisio-bideak:
- Zuzenekoa: animalia osasuntsu eta gaixoaren arteko zuzeneko harremana, jariakorren bidez (listua edo exudatua) edo irekitako besikulen epitelioen bidez.
- Zeharkakoa: Artropodo bektoreen ziztadaren bidez: Hodar-eulia (Phlebotominae familia) eta Aedes eta Culex, Symilium eta Lutzomyia generoetako eltxoak.
- Tropikoko artropodo bektoreen bidezko bektore biologikoak: hondar-eulia (Phlebotominae familia). Era berean, birusa ere Aedes eta Culex generoko eltxoetan zein karraskarien arkakuso eta akaroetan isolatu da.
Bektorearen barnean, obulutegiaren bidezkoa da.
7. Zein dira sintoma klinikoak?
Sintomak sukar aftosoaren antzekoak dira eta horrekin oso erraz nahasi daiteke; soilik zaldien ustiategietan horiek infektatzen direnean bereizi daiteke, zaldiak sukar aftosoaren birusarekiko erresistenteak baitira.
Honako hauek dira seinale adierazgarrienak:
- Epe sukartsu laburra.
- Gehiegizko listu-jariatzea.
- Besikulak sortzea:
- Zaldiak: mihiaren goiko gainazala, ezpainen eta sudur-zuloen gainazala, ahoko eta hortzoietako komisurak.
- Behiak: mihia, ezpainak, hortzoiak, ahosabaia eta, batzuetan, muturra eta sudur-zuloen ingurua.
- Txerriak: muturra.
- Zaldi eta ardien oinetan lesioak.
- Esne-aziendan erroen lesioak.
- Txerriek maiz izaten dituzte oinetan lesioak eta herrentasunak.
Animaliak gutxi gorabehera 2 astean sendatzen dira.
Arazoak: esne-aziendaren ekoizpena gutxitzea eta mastitisa bigarren mailako infekzioengatik, eta herrena zaldi eta suidoetan.
Orokorrean, sintoma klinikoak animalia helduetan gazteetan baino gehiago gertatzen dira.
8. Nola diagnostikatzen da?
DIAGNOSI DIFERENTZIALA: Estomatitis besikularra bereziki garrantzitsua da txerri-aziendan; izan ere, sukar aftosoarekiko, txerrien exantema besikularrarekiko eta txerrien gaixotasun besikularrarekiko klinikoki bereizi ezin den gaixotasun bat sortzen du. Beraz, laborategiko baieztapena behar du.
Beste diagnosi diferentzial batzuk: behien infekzioko errinotrakeitisa, behien beherako birikoa eta mihi urdina.
LABORATEGIKO DIAGNOSIA:
- Agentea identifikatzea:
- Birusaren isolamendua honako hauetan inokulatu ondoren: oilo-arrautza enbrionatuak, saguak, zelula-kultiboen sistemak (txiten fibroblastoak, txerri-giltzurruna, BHK-21, Vero), akurien, zaldien eta behien oinazpiko kuxina, eta txerrien muturra.
- Antigeno birala detektatzea osagarria finkatzeko probaren bidez, ELISA bidez edo neutralizazio-proben bidez ehun-kultiboetan, oilo-arrautza enbrionatuetan edo bularreko saguetan.
- Proba serologikoak (OIEren Diagnosirako Eskuliburua): Neutralizazio birala, Elisa eta osagarria finkatzea.
- Laginak hartzea:
- Agentea identifikatzea: glizerol indargetu edo izoztuan jarritako besikulak estaltzen dituen epitelio-ehuna eta/edo aseptikoki hartutako eta izoztutako besikula-likidoa.
- Proba serologikoak: fase akutuan eta fase eriondoan hartutako serumak.
9. Nola prebenitzen eta kontrolatzen da?
Hedatzeko arriskua aztertzeko, kontuan hartu behar dira birusak sartzeko izan ditzakeen bideak:
- Gaixotasuna existitzen den eremuetatik datozen animaliak sartzea.
- Birusaren eramaile diren intsektuak sartzea; horiek tokiko baldintzetara egokitu ahal izango lirateke natura-gordailua izanda eta birusa ezartzeko gai izango litzateke: itsasontzietan etorri ahalko lirateke, animalietan bertan edota kaltetutako eremuetatik datozen bidaiaren ekipajean.
- Birusa manipulatzen den laborategietatik ustekabean ateratzea.
PROFILAXI MEDIKOA:
Ez dago tratamendu edo sendabide espezifikorik.
Birusa motelduta eta inaktibatua duten txertoak probatu dira, baina oraindik ez daude merkatuan.
OSASUN PROFILAXIA, KONTROLA ETA EZABATZEA:
Eremu endemikoa Amerikako kontinentean dago, eta bertan honako neurri hauek hartzen dira:
- Gaixotasunaren detekzio goiztiarra ahalbidetzen duen zaintza serologikoa.
- EBaren birusarekin edo horren bektoreekin kutsatuta egon daitezkeen animalien partidak (MIPak) mugetan kontrolatzea, hau da, kaltetutako Amerikako herrialdeetatik datozenak kontrolatzea.
- Animaliak mugitzea mugatzea eta ibilgailuak garbitu eta desinfektatzea.
- Kaltetutako animaliak hiltzea (hala erabakitzen bada) eta kutsatuta egon daitezkeen gorpu eta material guztiak suntsitzea.
- Garbitu eta desinfektatzea, osasun-hutsaldia eta kaltetutako abereen birpopulaketa.
- Eltxoen jarduera handieneko orduetan ukuiluan edukitzea animaliak, eta uxagarriak, intsektizidak eta baliabide mekanikoak erabiltzea sartzen ez uzteko.
- Bektoreen aurkako borroka ustiategietan, eremu zingiratsuen drainatzea, biozidak erabiltzea, etab.
Gure lurraldean zalantza handiak daude birus horren zikloari buruz; beraz, aukera guztiak kontuan hartu eta neurriak hartu beharko lirateke gure lurraldean agertzeko arriskua saihesteko. Animaliak immobilizatzea eta ibilgailuak eta gonbitak desinfektatzea gomendatzen da.
10. Erreferentziak eta legedia
Ley General de Sanidad 8/2003, de 24 de abril.
Real Decreto 441/2001, de 27 de abril, por el que se modifica el Real Decreto 348/2000, de 10 de marzo, por el que se incorpora al ordenamiento jurídico la Directiva 98/58/CE, relativa a la protección de animales en las explotaciones ganaderas y bienestar animal.
Real Decreto 526/2014, de 20 de junio, por el que se establece la lista de enfermedades de los animales de declaración obligatoria y se regula su notificación.
Real Decreto 650/1994, de 15 de abril, por el que se establece medidas generales de lucha contra determinadas enfermedades de los animales y medidas específicas contra la enfermedad vesicular porcina.
Real Decreto 1314/2007, de 5 de octubre, por el que se modifica el Real Decreto 650/1994, de 15 de abril, por el que se establece medidas generales de lucha contra determinadas enfermedades de los animales y medidas específicas contra la enfermedad vesicular porcina.
Buscador legislación – ELIKA
Eguneratze data: