Mixomatosia
LABURPENA
Mixomatosia untxiek jasaten duten gaixotasun biriko bat da; mixoma birus izeneko poxbirus batek eragiten du. Gaixotu egiten ditu untxi eta erbiak, bereziki, Europako untxiak, eta heriotza-tasa handia duen gaixotasun larri bat da. Nahitaez aitortu behar den animalia-gaixotasuna da, eta ez die gizakiei eragiten.
Gaixotasunak eragiten dituen ageriko sintomak mixoma izeneko larruazaleko koskor edo noduluak dira. Nagusiki, buruan, belarrietan eta genitalen inguruan eta uzkian agertzen dira, baina laborategiko diagnostiko bidez egiaztatu behar da.
Batez ere arkakuso eta eltxoen bidez hedatzen da; izan ere, birusa irensten dute infektatutako animaliak ziztatzean, eta gero beste animalia sentikor batzuei transmititzen diete. Horrez gain, animaliatik animaliara ere transmititu daiteke zuzenean edo fomiteen kontaktu bidez (kutsatutako objektu bizigabeak).
Etxeko untxiak kontrolatzeko neurri nagusia eltxoen aurka babestea da. Infekzioa agertzen bada, isolatu egin behar dira kutsatutako animaliak, beste animalia sentikor batzuetara hedatzea prebenitzeko.
Badago mixomatosiaren aurkako txerto eraginkor bat.
1. Zer da?
2. Zein espezieri eragiten die?
3. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da?
4. Zer arrisku eragiten dio osasun publikoari?
5. Zein banaketa geografiko du?
6. Nola transmititzen eta hedatzen da (epidemiologia)?
7. Zein dira sintoma klinikoak?
8. Nola diagnostikatzen da?
9. Nola prebenitzen eta kontrolatzen da?
10. Erreferentziak eta legeria
1. Zer da?
Mixomatosia jatorri birikoko gaixotasun larri bat da, etxeko untxiei eta untxi basatiei eragiten diena.
Agente kausala Poxviridae familiako eta Leporipoxvirus generoko DNA birus bat da. Poxbirus horri Mixoma birus ere esaten zaio.
Birus horrek gaixotasun larri bat eragiten die untxi eta erbiei, bereziki Europako untxiari (Oryctolagus cuniculus). Heriotza-tasa handia du, eta gaixotutako animalien aurpegi eta gorputz-adarretan tumoreak agertzea eragiten du.
2. Zeintzuk dira Gaixotzen diren espezieak?
Lagomorfoak, hau da, untxiak eta erbiak.
Ameriketako untxia (Sylvilagus brasiliensis) jotzen da birusaren erreserborio naturaltzat, eta kutsatutako animaliek, oro har, ez dute sintomarik izaten.
Europako untxiak (Oryctolagus cuniculus) pairatzen du mixomatosia, izan etxekoa nahiz basatia. Oso gutxitan hauteman da Europako erbian (Lepus europaeus) eta birusaren material genetikoa Britainia Handia baino ez zen hauteman PCR bidez 2014an; alabaina, 2018ko udara arte ez zen inoiz hauteman erbi iberiarrean (Lepus granatensis).
3. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da?
Bai, OIEri eta Europar Batasunari nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da.
4. Zer arrisku eragiten dio osasun publikoari?
Mixomatosiak ez dio arriskurik eragiten osasun publikoari: ez da ZOONOSI bat, eta, hortaz, EZ dio gizakiari eragiten.
5. Zein banaketa geografiko du?
Amerikan, Australian eta Europan dago. Orain arte ez da Asian, Hego Afrikan ez Zeelanda Berrian erregistratu.
Untxiek pairatzen duten mixomatosia gaixotasun endemikotzat jotzen da Espainian, eta etxeko untxiek eta untxi basatiek pairatzen dute. 2018ko udara arte, ez zen inoiz mixomatosi-kasurik konfirmatu erbi iberiarrean, ez Europako erbian (eta birusaren material genetikoa Britainia Handia baino ez zen hauteman PCR bidez 2014an), ezta piornaleko erbian ere.
- Europako untxi basatien arteko agerraldietan, hainbat kasu kliniko hauteman dira Europako erbietan, zenbait herrialdetan, besteak beste, Frantzian eta Irlandan, eta, berrikiago Britainia Handian.
- Birus hau Hego Ameriketako untxi basatietan du jatorria, eta Uruguayn isolatu zuten 1898an. Frantzian nahita sartu zuten 1952an, eta hortik Europa osora zabaldu zen. Australiara ere eraman zen 1950ean, bertakoak ez ziren untxien populazioa kontrolatzeko; izan ere, beren ugalketa-abiadura arriskuan jartzen ari zen bertako ugaztunen biziraupena.
Gaixotasunak mundu osoan duen agerraldiari buruzko informazio berriagoa eta eguneratuagoa jaso nahi izanez gero, OIEk munduko informazio zoosanitarioari buruz duen datu-basearen interfazea kontsultatu daiteke (WAHIS)
6. Nola transmititzen eta hedatzen da (epidemiologia)?
Batez ere artropodo hematofagoen bidez hedatzen da, adibidez, arkakuso eta eltxoen bidez; izan ere, birusa irensten dute infektatutako animaliak ziztatzean, eta gero beste animalia sentikor batzuei transmititzen diete. Horrez gain, animaliatik animaliara ere transmititu daiteke zuzenean edo fomiteen kontaktu bidez (kutsatutako objektu bizigabeak).
Honako hauek dira transmisio-bideak:
- ZEHARKAKOA:
- Fomiteen bidez: kaiolak eta kutsatutako tresnak, adibidez.
- Batez ere BEKTOREEN bidez: artropodo hematofagoen bidez, besteak beste, arkakusoak, eltxoak, akainak eta zorriak.
- ZUZENA:
- Animalia osasuntsu eta gaixoen arteko hurbileko kontaktuaren bidez: nagusiki, aerosolen bitartez (doministikuak eta eztulak)
- Kutsatutako animaliekin kontaktuan egon diren pertsonen bidez.
Birusa begiko, ahoko eta sudurreko jariatzeen bidez kanporatzen da.
Mixomatosiaren birusak hilabeteak iraun ditzake animalien gorpuetan tenperatura- eta hezetasun-baldintzak onak badira. Horrez gain, untxi basatien gordelekuetan ere aktibo egin daiteke luzaroan.
7. Zein dira sintoma klinikoak?
Mixomatosiaren eboluzioa 5 egun eta 3 aste bitartekoa izan ohi da, sintomak agertzen direnetik zenbatzen hasita.
Inkubazio-aldia 3 eta 6 egin bitartekoa izan ohi da (2 eta 15 egun bitartean irautera irits daiteke).
Zeinu klinikoak birusaren anduiaren eta untxiaren sentiberatasunaren araberakoak dira.
Europako untxietan gaixotasuna agertzeko bi modu identifikatu dira:
- Modu klasikoa edo nodularra (akutua, azpiakutua eta kronikoa): untxietan zein erbietan, azaleko koskorrak edo noduluak, mixomak izenekoak, dira gaixotasunaren zeinu nabariak. Nodulu horiek hantura mesenkimatosoak dira, eta, batik bat, buruan, belarrietan, genitalen inguruan eta uzkian agertzen dira.
- Lehenik infekzio-eremuan agertzen dira, hau da, begi eta genitalen inguruan; eta, aurrerago, bigarren mailako azal-lesioak garatzen dira buruan eta uzki‑genitaletan batez ere.
- Bestelako zeinu kliniko eta lesioak, honako hauek izan daitezke:
- sukarra
- blefaritisa
- blefarokonjuntibitisa
- edemak buruan, lepoan eta uzki-genitaletan
- apatia
- sudur-isuria eta disnea
- akidura
- heriotza
- Era berean, immunosupresio larria gerta liteke, eta, ondorioz, bigarren mailako bakterio-infekzioak ager daitezke; hortaz, ohikoa izaten da pneumoniaren zeinuak izatea.
- Gaixotasunak aurrera egin ahala, animalia gero eta makalago egoten da, eta pneumoniagatiko heriotza ohikoa izaten da 8 eta 15 egunetan, birusaren anduia patogenoenetan.
Gaixotasuna agertzeko hainbat modu daude, hurrengo kuadro klinikoak ager daitezke:
- Hiperakutua:
- 48 orduko inkubazio-aldia du, azkar garatzen da eta heriotza eragiten du 7 egunetan.
- Honako zeinu hauek baino ez dira antzematen:
- lozorroa,
- blefaritisa edo betazalen hantura,
- anorexia,
- Akutua: Likidoak pilatzen dira azalaren azpialdean, eta horrek hantura egiten du buruaren eta ahoaren inguruan (ezpainak, sudurrak eta betazalak barne).
- Belarrien hanturak barneko otitisa eragin dezake, eta oreka galdu eta mugitzeko arazoak ager daitezke.
- Lesioak oso azkar garatzen dira, eta animalia itsu gera daiteke 24 ordutan.
- Honako zeinu hauek ere ager daitezke:
- sukarra,
- lozorroa,
- anorexia,
- disnea,
- azaleko odoljarioa,
- konbultsioak eta nerbio-sistema zentraleko beste sintoma batzuk (opistotonoak, asaldura).
- Hamar eguneko epean hiltzen dira, odoljario eta konbultsioen ondorioz.
- Kronikoa: gutxienetan agertzen da, modu akutua gainditzen duten animalietan. Animalia horiek honako zeinu hauek garatzen dituzte:
-
- blefarokonjuntibitisa eta begiko jario trinkoa, baita zornetsua ere,
- hantura eta edema belarrien oinarrien inguruan,
- lozorroa, anorexia, sukar altua eta disnea,
- mixomak agertzen dira,
- animalia gehienak bi astera hiltzen dira. Gutxik bizirauten dute, eta horiek zeinuak desagertu eta 30 egunera suntsitzen dute birusa.
-
- Modu atipikoa edo amixomatosoa (arnasa). Ez da hain ohikoa. Batik bat arnas-sintomatologia izaten du, eta mixomarik ez.
MIXOMATOSIA ERBIETAN:
Inoiz gutxitan deskribatu izan da mixomatosia erbietan; baina, 2018ko udan, erbi iberiarrean (Lepus granatensis) antzeman zen, Andaluziako ehiza-barrutietan; baina, hedatu egin zen Aragoin, Gaztela-Mantxan, Gaztela eta Leonen, Valentziako Erkidegoan, Extremaduran, Balear Uharteetan, Madrilen eta Murtzian barrena. Kaltetutako ehiza-barruti askotan heriotza-tasa altua izan zen, eta, ondorioz, bertan behera utzi behar izan zen ehiza-aldia.
Ez da birus bera, baina bai oso antzekoa. Mixomatosiaren birus berri bat da, ha-MYXV izenekoa. Oso ezaugarri genetiko bereziak ditu, untxien birusarenak ez bezalakoak. Untxiaren birusaren mutazioen ondorio da, eta, mutazio horien ondorioz, gaixotasuna espezie batetik bestera igaro da. Mutazioak etengabe gertatzen dira naturan, eta horietako batzuk (besteak beste, ha-MYXV birusan gertatutakoak) ezaugarri berriak ematen dizkiete: kasu zehatz honetan erbiak infektatu eta horietan ugaltzeko gaitasuna.
Triptikoa: mixomatosia erbietan- UNAC ETA MAPA
8. Nola diagnostikatzen da?
Gaixotasuna egiaztatzeko, laborategiko diagnostikoa egin behar da. Animalia horiek bat-batean hiltzen dira; hortaz, maiz diagnostikoa post morten egiten da, honako hauen bidez:
- Lesioen biopsia eta birusa isolatzea, zelula-lerro egokietan birusaren kultiboa eginez.
- Proba serologikoak. ELISA, bigarren mailako immunofluoreszentzia (IFI).
- Mikroskopio elektronikoaren bidezko diagnostikoa.
Mixomatosiaren diagnostiko klinikoa erraz egiten da, gaixotasunak oso lesio adierazgarriak eragiten baititu. Azterketa anatomo-patologikoa egitean, agerian dauden azaleko lesioak ez ezik, linfoadenomegalia, mukosetako edema eta pulmonia-fokuak ere antzematen dira.
9. Nola prebenitzen eta kontrolatzen da?
- Ez dago berariazko tratamendurik.
- Bada birusaren aurkako txerto bat, eta maiz erabiltzen da bi espezieetan.
- Txerto bizi birkonbinatua: mixomatosia eta untxiaren odoljario birikoa (Nobivac myxo-RHD) konbinatzen ditu. Immunitate egokia izaten da, eta aurkako erreakzioak izateko arriskua txikia.
- Txerto bizi indargabetu homologatuak. Horien antigenoa mixomatosiaren birusa da. Babes-maila handia izaten dute, baina erreakzioak eragiten dituzte; hau da, gaixotasuna edo sintometako batzuk.
- Txerto heterologoak. Shope fibromaren birus indargabetua izaten dute, eta immunitate gurutzatua eragiten dute. Eraginkortasun txikia izaten dute, baina ez dute erreakzio gogorrik eragiten.
- Prebentzioa eta kontrola:
- Bektoreen kontrola: etxeko untxietan, birusa intsektuek barreiatzen dutenez, eltxoen aurkako babesa oso kontrol‑neurri sanitario garrantzitsua da.
- Erosi berri diren untxiak koarentenan jartzea.
- Kaiolak eta kutsatutako animalia batekin kontaktuan egon diren materialak behar bezala desinfektatzea (birusa ez da oso erresistentea ingurumenean eta sentsiblea da ohiko desinfektatzaileekiko).
- Untxi basatiak ez jartzea etxeko untxiekin batera; izan ere, basatiak infekzioarekiko erresistenteak eta transmisoreak izan daitezke.
10. Erreferentziak eta legedia
Eguneratze data: