Urtero, batez beste, elikagaietarako 365 milioi animalia garraiatzen dira Europako Batasunaren (EB) barruan; horietatik 6 milioi inguru bidaia luzeetan garraiatzen dira (8 ordutik gorakoetan).

Garraio-aldian animalien ongizatea bermatzeko, zenbait neurri hartzen dira. Nahitaezkoa da, besteak beste, Kontrol Guneak egotea (lehen "geldialdi-gune" deitzen zitzaien); horietan, animaliek atseden hartu behar dute bidaiaren zati bat egin ostean, eta elikagaiak eta ura eman behar zaizkie. Erakunde eskudunek baimendu behar dituzte gune horiek; halaber, guneok legeek ezarritako baldintza jakin batzuk bete behar dituzte.

Ikusi da kontrol-guneek zenbaitetan ez dituztela baldintza horiek betetzen. Hori dela eta, Europako Batzordeak (EB) azterlan bat egin du, batetik, EBn gaur egungo egoera-mapa bat edukitzeko eta, bestetik, estrategiak garatzeko, gune horien baldintzak hobetu eta eta garraiolariek hobeto erabil ditzaten. Horrez gain, instalazio horiei kalitate-egiaztagiri bat ematea ere aztertzen ari dira.

Honako hauek dira azterlanaren ondorio aipagarrienak:

Iraupen luzeko bidaien ibilbideak, animalia-espezien arabera

  • Behiak Irlandatik eta Europa ekialdeko herrialdeetatik Italiara, Espainiara eta Herbehereetara garraiatzen dira.
  • Zaldiak, nagusiki, Poloniatik, Errumaniatik eta Hungariatik Italiara eta Frantziara garraiatzen dira.
  • Ardi gehienak Europa ekialdetik hego-mendebaldera garraiatzen dira. Halaber, Espainiatik Italiara eta Greziara ere eramaten dira.
  • Txerriak, nagusiki, Europa ipar-hegoaldetik Espainiara, Italiara, Errumaniara eta Errusiara garraiatzen dira.
  • Urte batetik bestera aldatu egiten da animalia-kopurua, baina joan-etorri nagusien ibilbideak berberak izan ohi dira.

Kontrol-guneen erabilera eta ezaugarriak

  • 4 kontrol-gunek (Frantziako bik, Alemaniako batek eta Espainiako batek) okupazio handia izan ohi dute (edukiera osoaren erabileraren > % 60) gutxienez urtean 8 hilabetez.
  • Bisitarien erdiak-edo ohikoak izaten dira, eta beste erdiak, berriz, noizean behingoak.
  • Ez dago informaziorik kontrol-guneetako egonaldiaren inguruko arauak betetzen ez dituzten garraio-enpresen kopuruari buruz.
  • Kontrol-guneetako asko duela gutxi ezarri eta onetsi dira (% 40 2005az geroztik eta % 30 2000-2004 artean).
  • 57 kontrol-guneetatik 35 (% 61) onetsita daude, hala kontrol-gune gisa nola kontzentrazio-zentro gisa.
  • Gehienak garraio-ibilbide nagusietatik gertu daude. Batez besteko distantzia 10 kilometro ingurukoa da.
  • % 19 (11 kontrol-gune) espezie edo animalia-kategoria jakin baterako espezializatuta dago.

Azterlanean EBko kontrol-gune guztietatik 57k parte hartu dute. Gaur egun, 14 herrialdetan onartutako 157 kontrol-gune daude; hala ere, gutxienez 44k ez dihardute kontrol-gune gisa, edo itxita daude. Espainian, erregistraturiko 7 kontrol-guneetatik 3k bakarrik dihardute kontrol-gune gisa; gainerakoetatik, bi itxi egin dituzte, eta beste biek kontzentrazio-zentro gisa dihardute.

Azken txostena: Kontrol-guneei egiaztagiria emateko aukeraren ebaluazioa – Europako Batzordea