Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiak (CGCVE) Animalien Ongizaterako Batzorde Nazionala sortu du. Batzorde horren helburua izango da, besteak beste, oinarri zientifikoa duten arlo horretako dokumentuak egitea.

Organo hori Kontseiluko Zuzendaritza Batzarreko hiru kidek eta animalien ongizateko hainbat esparrutako lau adituk osatzen dute.

Otsailaren 20an egin zuten lehen bilera, eta bertan epe labur eta ertainerako jarduketa-gai nagusiak landu zituzten; besteak beste:

 

  • Alarma soziala pizten duten eta Batzordearen esku-hartzea behar duten egoeretan jarduteko mekanismo bat ezartzea, irizpide tekniko, zientifiko eta profesionalak erabiliz.
  • Animalien osasunari eta ongizateari, elikagaien segurtasunari eta animalienganako tratu txarren aurkako borrokari buruzko barne-prestakuntza ematea albaitariei, baita gizarte osoari ere.
  • Animalien ongizaterako protokolo bat osatzea, gai horren inguruko informazio eta gida desberdinak bateratuz, albaitarien lanbideko jarduketak zehazteko.
  • Animalien aurkako tratu txarrak identifikatzeko protokolo bat egitea, albaitariek halako egoerak detektatu eta behar diren neurriak har ditzaten.

Organo hau sortzea bat dator Europako gidalerroekin; izan ere, gidalerro horien arabera, animalien ongizatea kontuan hartu behar da politika guztietan zeharka eragiten duen faktore gisa, eta esparru horretan hartzen diren legegintza-neurriek irizpide zientifikoari jarraitu behar diote beti.

 

Hala, 625/2017 Erregelamenduaren (EE) 95. artikuluak ezartzen du Europar Batasuneko (EB) Erreferentzia Zentro bat sortu behar dela.

Ildo horretan, martxoaren 5ean 329/2018 Erregelamendua argitaratu zen, eta horren bidez Wageningen Livestock Research unibertsitatea (Herbehereak) buru duen partzuergoa izendatu zen Animalien Ongizaterako Europako Erreferentzia Zentro. Partzuergo horretako kide dira, halaber, Aarhuseko Unibertsitatea (Danimarka) eta Friedrich-Loeffler-Institut (Alemania). Erreferentzia Zentroaren zeregina izango da Batzordeak eta estatu kideek animalien ongizaterako betekizunen esparruan gauzatzen dituzten jarduera horizontalei babesa ematea.

Informazio gehiago – Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiaren webgune ofiziala