EFSAk argitaratu duen txosten batean, EBn garrantzi gehien duten behi-aziendetan gaixotasun infekziosoak eragiten dituzten, osasun publikoa arriskuan jartzen duten eta antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak identifikatu eta ebaluatzen dira.

Ebaluazio hori EFSAk mikrobioen aurkako erresistentzia aztertzen duen serie baten barruan dago. Lehenik txerri- eta hegazti-aziendetan egin zuen, eta, ondoren, ardi- eta ahuntz‑aziendetan. Oraingo honetan, agentziak egungo literatura zientifikoa eta eskura dauden adituen datuak berrikusi  egin ditu.

Behi-aziendetan antimikrobianoekiko erresistenteak diren patogeno hauen erresistentziaren mundu-mailako egoera ebaluatu zen: S. aureus, E. coli, P. multocida, M. haemolytica, S. uberis, S. dysgalactiae, H. somni, T. pyogenes, Mycoplasma bovis, K. pneumoniae, Moraxella bovis eta F. necrophorum.

Eskura dauden probetan oinarrituta, EFSAk honako hauek identifikatu ditu:

  • E. coli eta S. aureus, ≥ % 66ko ziurtasunarekin, EBko behi-aziendetan garrantzi klinikoko patogeno erresistente garrantzitsuenak bezala.

Zerrenda honetan baztertutako patogenoen artean:

  • Mycoplasma bovis ez zen hautatu, nahiz eta ohikoa den taldean tratatzea, eta aukera terapeutiko mugatuak ditu, betalaktamikoekiko erresistentzia intrintsekoa duelako eta antimikrobiano alternatiboekiko erresistentzia lortu duelako. Hala ere, patogeno horretan mikrobioen aurkako erresistentziaren (MAE) ebaluazioa zaildu egiten da onartutako interpretazio-irizpiderik eta sentsibilitate-testen prozedura estandarizaturik ez dagoelako, eta horrek ziurgabetasun handia dakar ebaluazioan.
  • Streptococcus uberis zaurgarria da penizilinekiko, eta, beraz, baztertu egin zen, nahiz eta badiren tarteko erresistentzia-mailen zirkulazioa iradokitzen duten frogak.

Ebaluazioan sartutako Europako herrialdeen txostenei dagokienez, nabarmentzekoa da laginen tamaina txikia, eta horrek zaildu egiten du ondorioak ateratzea populazio horietako MAE mailei dagokienez. Hala ere, MAE joera egonkorrak hauteman ziren patogeno-farmako konbinazioa gehienetan, eta erresistentzia-mailak, oro har, baxuak izan ziren patogenoen eta antimikrobianoen konbinazio gehienetan.

EFSAk berriz ere azpimarratu du txosten honetan zaila dela behin betiko ondorioak ateratzea behien populazioetako mikrobioen aurkako erresistentzia-mailei (MAE) dagokienez, munduko eta Europako herrialde askotan ez baitago informaziorik aztertutako bakterioen jatorriari, antimikrobianoen barietateari, metodologiei eta erabilitako balorazio-irizpideei buruz.

 Horregatik guztiagatik, honako hau gomendatzen dute:

  1. Espezie honetako bakterio patogenoen datu fidagarriak biltzea teknika estandarizatuen bidez, denboran eta espazioan konparazioak egin ahal izateko. Hori bereziki beharrezkoa da maila terapeutikoan erronka bat dakartenetan, mikrobioen aurkako sentsibilitate-teknika (antibiogramak) onartuen eta/edo interpretazio‑irizpideen faltagatik, Mycoplasma bovis delakoaren kasuan bezala.
  2. Garrantzi klinikoa duten eta agertzen ari diren fenotipo berriak hautematea, MAE zaintzeko programen bidez. Bereziki baserrietan maiz tratatutako patogenoetan, besteak beste bovis, M. haemolytica eta P. multocida.
  3. Zaintza-programetan erabilitako metodologia estandarizatzea eta harmonizatzea: laginak hartzeko hautapen-irizpideak eta mikrobioen aurkako sentsibilitate-teknikak (antibiogramak). Horiek lagungarri izango lirateke lan-metodo eta interpretazio-irizpide berbeak erabiltzen dituzten eskualde eta herrialdeetako datuak aztertzeko, eta, horrela, garrantzi klinikoa duten eta antimikrobianoekiko erresistenteak diren fenotipo espezifikoen banaketan alde geografikoak identifikatzeko.