FAOk duela gutxi argitaratu duen txostenean nekazaritza-ustiategietan antimikrobianoen erabilera murrizteko RENOFARM ekimena aurkezten du. Helburua da hurrengo 10 urteetan nekazaritzako elikagaien sistemen eraldaketa jasangarria lortzea.

RENOFARM ekimenaren bidez, FAOk ekoizleei laguntza emango die antimikrobianoak erabiltzeko beharra murrizteko jardunbide egokiak har ditzaten eta sendagai horien eraginkortasuna zaindu dezaten, etorkizuneko belaunaldien biziak salbatzen baitituzte.

Horretarako, txosten horretan deskribatzen da nola lan egin dezaketen elkarrekin gobernuek, agintaritza eskudunek, osasun arloko profesionalek, albaitaritza arloko profesionalek eta elikagaien ekoizleek, ustiategietan gaixotasunak prebenitu eta, hala, antimikrobianoen beharra murrizteko tresna handiagoak ezartzeko.

Dokumentuak 3 atal ditu, eta horietatik honako hau ondoriozta daiteke nagusiki:

  • One Health testuinguruan funtsezkoa da, oraindik ere, animalien osasunaren prebentzioa. Txertaketa, biosegurtasuna, monitorizazio digitala eta nutrizioa hobetzea dira gaixotasunak prebenitzeko tresnak.
  • Zuzeneko alternatibarik gabe, tratamendu antimikrobianoak dira giza medikuntzako eta albaitaritzako tresnarik baliotsuenak. Horiek gabe ezinezkoa da abere-taldeetan galerak eta hilezkortasuna eragiten dituzten bakterioengatiko infekzioak tratatzea. Tratamenduen eraginkortasunari eusteko, antibiotikoak modu arduratsuan eta zentzudunean erabili behar dira.
  • Mikrobioen aurkako erresistentziak (MAE) mehatxu zuzenak dira albaitaritza-arretaren iraunkortasunerako, osasunerako, animalien ongizaterako eta elikagaien segurtasunerako. Nahiz eta gaur egun animalien artean MAE mailak baxuagoak diren zenbaitetan, funtsezkoa da datozen urteetan adi egotea. Areagotu egin beharko dira ahaleginak eta konfiantza izan antimikrobianoen beharra murrizten duten probatutako jardunbideetan.
  • Animaliak gaixotasunetatik txertoen, biosegurtasunaren eta abeltzaintzako jardunbide egokien bidez babesten baditugu, antimikrobianoen tratamendu gutxiago behar izaten dituzte, eta, ondorioz, areagotu egiten da produktibitatea eta murriztu egiten dira kostuak.

10 urteko munduko kanpainaren arabera, ez da etikoa ez jasangarria antimikrobianoen erabilera besterik gabe murriztea horien beharra murriztu gabe, kontrola indartu gabe eta gaixotasunak prebenitu gabe. Horretarako, ekimenak ekoizpen-kate osoa hartuko du: nazioarteko erakunde eta instituzioetatik hasi eta sektore publiko eta pribatuetara. Bestalde, ekimenak garapen zabalagoko helburuak ere babesten ditu; Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda lortzen laguntzen du, bai eta harekin lotutako Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) ere.