Europako Parlamentuko diputatuek ebazpen bat onetsi dute Europar Batasun osoan 2027rako kaioletan hazteari uzteko.

Ebazpen horrek 2018an Batzordean erregistratu zen “End the cage age” herritarren legegintzako ekimenari erantzuten dio. Ekimen horren bidez milioi bat sinadura baino gehiago bildu ziren 18 estatu kidetan; izan ere, une honetan herritarrek gero eta gehiago aztertzen dute abeltzaintza intentsiboa eta EBri aldaketa gehiago egiteko eskatzen diote.

Testua gehiengoz onetsi zuen ganberak, eta testu horretan Batzordeari eskatzen zaio gara dezala legeria bat kaiolak erabiltzeari apurka‑apurka uzteko. Prozesu horrek aldi iragankor bat izango du eta ebaluazio zientifikoetan oinarritzen da.

Hainbat estatu kidetan sistema alternatiboak aplikatzen ari dira, arrakastaz, baina Europako Parlamentuko diputatuek uste dute Europa mailako lege bat egin behar dela ekoizle guztiak parekatzeko.

Honako puntu hauek hartu dira giltzarritzat:

  • Kaiolak apurka-apurka kentzea eta hazkuntza-sistema berriak ezartzea espezieen beharretara egokituta.
  • Epe iragankor bat ezartzea, ekoizleek beharrezkoak diren aholkularitza, prestakuntza eta pizgarri ekonomikoak jaso ditzaten.
  • Inportatutako produktuentzat estandarrak parekatzea eta dauden merkataritza‑akordioak berrikustea, produktu horiek Europar Batasuneko araudia bete dezaten, kaioletako hazkuntza-sistema barne.
  • Debekatzea ahateak eta antzarak indarrez elikatzea foie-grasa ekoizteko.

Laburbilduz, testuaren helburua da, batetik, saihestea ekoizleak galtzea eta EBtik kanpoko beste herrialde batzuetara joatea (animalien ongizate-estandar baxuagoak dituztenetara), eta, bestetik, elikadura-politika zorrotzago baten aldeko apustua egitea, elikadura-sistema iraunkorrago bateranzko trantsizioa babesteko.