Afrikako txerri-izurria (ATI) etxeko txerriei eta basurdeei eragiten dien gaixotasun birikoa da. Birusa ez da gizakientzat kaltegarria, baina galera ekonomiko larriak eragiten ari da herrialde askotan. Gaur egun, ez dago ATIaren kontrako txertorik. Hortaz, agerraldiak badaude, txerri asko hil behar dira eragindako eremuetako landetxeetan.

2020ko irailaren 10ean, Alemaniako Albaitaritza Zerbitzu Ofizialek Afrikako txerri-izurriaren (ATI) herrialdeko lehen fokuaren berri eman dute; kasu honetan, basurdeengan. Hain zuzen, basurde baten gorpua aurkitu zuten, deskonposizio-egoera aurreratuan, Poloniarekiko mugatik 3 kilometrora, Spree-Neiße barrutian (Brandenburgoko estatu federala).

Alemania ere zenbatuta, EBko 12 herrialde dira gaur egun gaixotasunaren eraginak jasan dituztenak: Estonia, Lituania, Letonia, Polonia, Errumania, Bulgaria eta Eslovakia (fokuak daude etxeko txerrien eta basurde basatien ustiapenetan), Grezia (etxeko txerrien foku bat jakinarazi zen 2020ko otsailean), Belgika eta Hungaria (basurde basatietan bakarrik izan dituzte fokuak) eta Italiako Sardinia irla (non gaixotasuna endemikoa den 70. hamarkadatik).

EFSAren kanpaina ATIari aurre egiteko

EFSAk, bere aldetik, kanpaina bat abiarazi du ATIari buruzko sentsibilizazioa eta ezagutza areagotzeko Europako hego-ekialdeko bederatzi herrialdetan: Albania, Bosnia-Herzegovina, Kroazia, Grezia, Kosovo, Montenegro, Iparraldeko Mazedonia, Serbia eta Eslovenia.

Kanpaina etxeko txerriekin eta basurdeekin kontaktua duten kolektibo eta pertsonei zuzenduta dago, hala nola abeltzainei edo ehiztariei. EFSAk, halaber, gaia landuko du albaitaritza-erakundeekin, elkarte zinegetikoekin, nekazarien taldeekin, aduanetako funtzionarioekin, mugako poliziekin, toki-administrazioekin, turismoko eragileekin eta bidaiariekin.

Horrez gaiz, EFSAk webgune bat ere sortu du, non informazio-fitxak, infografiak, sare sozialetarako sortutako argitalpenak eta bestelako material interesgarriak kontsultatu daitezkeen: