2005etik 2015era bitartean, EBko 73.000.000 behi ingururi probak egin zizkieten behien entzefalopatia espongiformea (BEE) zeukaten aztertzeko; behi horietatik, debekuaren ostean jaiotako 60 animaliak emaitza positiboa izan zuten BEE klasikoaren kasuan. BEEren kasuan emaitza positiboa izan zuten animalien kopurua 1.259ra areagotzen da, debekuaren aurretik jaiotako abereak kontuan hartzen badira. 

Bestalde, BEEren kasu klasikoak nabarmen gutxiago dira EBn urteek aurrera egin ahala: 2005ean 554 kasu jakinarazi ziren, eta 2015ean, berriz, bi besterik ez (biak debekuaren ostean jaiotakoak ziren).

Garbi dago Europak laurogeiko krisialdiaren ondoren BEEri eman dion erantzunari esker izugarri murriztu dela gaixotasunaren prebalentzia behietan. Hala ere, oraindik ere kasu bakan batzuk erregistratzen dira EBn; hori dela eta, Europako Batzordeak kasuon jatorria ikertzeko eskatu zion EFSAri.

EBn BEE kontrolatzeko oinarrizko neurria ganaduaren elikaduran animalia-proteinak debekatzea izan zen. Izan ere, BEE pentsu kutsatuen bitartez transmiti dakieke behiei, batez ere bizitzako lehen urtean.

BEE klasikoaren hirurogei kasu jakinarazi dira EBren debekua 2001ean ezarri ondoren jaiotako behiekin lotuta. Animalia horietako bat ere ez zen elikakatean sartu. Nabarmentzekoa da BEE klasikoa gizakiei transmiti dakiekeen BEE mota dela. Batzordeak EFSAri eskatu zion zehaztu zezala ea kasu horiek pentsu kutsatuek eragin zituzten edo bat-batean sortu ziren, hau da, bistako kausarik gabe.

EFSAko adituek ondorioztatu zuten pentsu kutsatuak direla infekzio-iturri probableena. Horren arrazoia da BEE eragiten duen agente infekziosoa urte askoan aktibo egoteko gai dela. Litekeena da behiek pentsu kutsatuak jan izana, BEEren agente infekziosoa presente zegoelako janaria gordetzean edo manipulatzean. Bestalde, baliteke pentsu kutsatuen osagaiak EBtik kanpoko herrialdeetatik inportatu izana, eta horrek ere eragin litzake BEE kasuak.

Adituek ezin izan zituzten beste kausa batzuk bazter utzi, kasuak banan-banan ikertzea oso zaila delako. Izan ere, alde batetik, gaixotasuna luzaroan inkubatzen da, eta, bestetik, jarraipen-ikerketa egitean, abeletxeetan ez zegoen informazio zehatz nahikorik, eta horrek zaildu egin zuen ikerketa.

 

Informazio gehiago