Aldatu egin da BSE (behien entzefalopatia espongiformea) sindromearen araudia ardi eta ahuntzei dagokienez. Aldaketa horri esker, hilketa egin den estatu kideko agintaritza eskudunak onartutako metodo bat erabili ahal izango da animaliak hamabi hilabete baino gehiago dituen jakiteko.

 

 

Zehazki, 999/2001 (EE) Erregelamenduaren 1. puntuko b) letra aldatu da. Honela geratu da:

 

ardiei eta ahuntzei dagokienez: garezurra, garuna eta begiak barne, eta orno-muina, baldin eta animaliek hamabi hilabete baino gehiago badituzte edo haien hortzoian behin betiko ebakortzen bat atera bada, edota hamabi hilabete baino gehiago badituzte hilketa egin den estatu kideko agintaritza eskudunak onartutako metodo baten arabera”.

 

Arrisku-material espezifikoak

 

Behi, ardi eta ahuntzetan BSE arriskua ekiditeko neurri bat da arrisku-material espezifikoak kentzea. Ardi eta ahuntzen arrisku-material espezifikoen zerrenda 999/2001 (EE) Erregelamenduaren V. eranskinean agertzen da; zehazki, 1. puntuko b) letran.

EFSAk eta beste erakunde batzuek eginiko ebaluazio zientifikoetatik ondorioztatu denez, ardi eta ahuntzetan soilik hamabi hilabete baino gehiago dituzten edo hortzoian behin betiko ebakortzen bat duten animalien garuna, begiak eta orno-muina hartu behar dira arrisku-material espezifikotzat.

 

Hausnarkari txikien adina jakitea

 

Ardi eta ahuntzen hortz-haginak begiratuta haien gutxi gorabeherako adina bakarrik jakin daiteke; izan ere, espezie horietan lehen ebakortza ez da beti une berean ateratzen, hilabete batzuk gorabehera.

 

Europako Batzordeak uste du badaudela beste metodo batzuk hiltzera bidalitako ardi eta ahuntzen adina jakiteko, zeinak antzeko bermea ematen baitute animaliaren adinari dagokionez. Metodo horiek aldatu egin daitezke estatu bakoitzean ardiak eta ahuntzak hiltzeko dituzten bideen berezitasunen arabera. Horregatik, metodoen fidagarritasuna hilketa egiten den estatu kideko agintaritza eskudunak ebaluatu behar du.


Hori dela eta, 999/2001 (EE) Erregelamenduaren V. eranskineko 1. puntuaren b) letra aldatu egin da; hala, hilketa egin den estatu kideko agintaritza eskudunak onartutako metodo bat erabili ahal izango da animaliak hamabi hilabete baino gehiago dituen jakiteko.