Herritarren laguntzari esker Donostian aurkitutako zanga gaixo bat da. Foku berri hori maiatzean Gipuzkoan sai arreengan jakinarazitako beste biei gehitu behar zaie.

Patogenotasun handiko hegazti-gripearen (PHHG) beste kasu bat detektatu da partikular batek hegazti gaixo bat zegoela jakinarazi ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek jaso duten zanga gaixo batengan. Zanga euskal kostaldean ohikoa ez den itsas hegaztia da; izan ere, ez dago ugaltze‑koloniarik, eta normalean ez da gure kostaldera iristen, baldin eta ez badago gaixorik edo ahulduta.

 

Gaixotasun horren Erreferentziazko Laborategi Nazionalak baieztatu egin du H5N1 azpimotako patogenotasun handiko hegazti-gripearen (PHHG) birusaren positiboa. Ondoren, hegazti‑sektoreari jakinarazi zaio, etxeko hegaztiak babes ditzan hegazti basatiekin kontaktuan egotetik, kutsatzea saihesteko.

 

Europan bizitzen ari garen gaixotasun horren epidemiaren ondorioz (oraingoz larriena), hegaztien migrazio-garaia hasi zenetik, urte osoan zehar egiten den zaintzari esker aurkitu dute kasu hori. 2022ko uztailaren 28ra bitartean, PHHGren 5.349 kasu jakinarazi dira Europako 36 herrialdetan, nagusiki H5N1 anduiarenak: 2.348 kasu eskortako hegaztietan, 2.903 hegazti basatietan eta 98 itxian hazitako hegaztietan.

 

Hegazti-gripea gaixotasun birikoa da, hegaztiei baino eragiten ez diena, eta oso kutsakorra da hegazti-espezieen artean: infektatutako hegaztietan heriotza-tasa handia eragiten du, bai eta galera ekonomiko larriak ere hegazti-sektorean. Hegazti-produktuak (haragia, arrautzak, gibel orea edo hegaztiz egindako edozein elikagai) kontsumitzea ez da arriskutsua pertsonentzat.

Jarraian, Euskadin 2021-2022 denboraldian basa-hegaztiei buruz deklaratutako lehen fokuen albistea kontsulta daiteke; eta mikrositean IAri buruzko informazio gehiago dago eskuragarri: