Dermatosi Nodular Kutsakorra (DNC edo LSD-Lumpy skin disease, ingelesez) ganaduaren gaixotasun birikoa da, galera larriak eragiten dituena, batez ere animalia gazteen artean. DNCa endemikoa da Afrikako eta Asiako herrialde askotan, eta laster hedatzen ari da Ekialde Ertain osoan (Turkia barne).

DNCa bektore mekanikoen bidez transmititzen da, baina zuzeneko eta zeharkako transmisioa ere gertatzen da. Gaixotasuna, nagusiki, animalia infektatuak garraiatzean eta bektoreen bidez hedatzen da infekziorik gabeko eremuetara.

Bada, gaixotasuna Europara sartzeko arriskua baloratzeko, EFSAk azterlan bat eskatu zion Animalien Osasunari eta Ongizateari buruzko Adituen Taldeari (AHAW), gaixotasunaren egoera orokorrari buruzkoa eta ezagutza eta teknika berrienak aintzat hartuko zituena.

Aditu taldearen arabera:

  • Aukerak daude gaixotasuna EBn transmititzeko, animalien legez kanpoko garraioaren bidez. • Arriskua, nagusiki, jatorrizko herrialdeko prebalentziaren eta legez kanpo lekualdatutako animalien kopuruaren araberakoa da.
  • Egindako simulazioen arabera, zantzu kliniko orokorrak dituzten animaliak hiltzea nahikoa izango litzateke jatorriaren inguruko epidemien % 90i eusteko; baina epidemien gainerako % 10 jatorrizko fokutik 400 kilometrora heda daiteke, lehenengo sei hilabeteetan.
  • Infektatutako abeletxeetan artalde osoa hiltzeak nabarmen murrizten du DNCaren birusaren hedadura, eta zenbat eta lasterrago atzeman kutsatutako abeletxeak eta zenbat eta lasterrago hil animaliak, orduan eta handiagoa da murrizketaren magnitudea.
  • DNCaren aurkako txerto bizi estutuak besterik ez daude.
  • Zaintza aktiboa, atzemate lasterra eta infektatutako artaldeak laster hiltzea dira DNCa kontrolatzeko neurri eraginkorrak.
  • Gehiago ikertu behar da bektoreek DNCaren transmisioan duten eragina.
  • Komeni da sentsibilizazio-kanpainak egitea, abeltzainei eta albaitariei begira, gaixotasuna ezagutzea sustatzeko.
  • EBren eta herrialde mugakideen arteko lankidetza sustatu behar da, gaixotasunak mugez gaindi hedatzea eragozteko.

Zientzia-txostena: DNC