Dermatosi nodular kutsakorraren aurkako kautelazko neurri berriak Euskadin
Eusko Jaurlaritza eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, erabaki dute dermatosi nodular kutsakorraren aurkako kautelazko neurriez gain, aldi baterako bertan behera uztea abeltzaintzako azokak EAE osoan, azaroaren 30era bitartean.
Euskadin ez da agertu gaixotasun horren kasurik, baina Estatu mailan duen bilakaera epidemiologikoa (guztira 17 foku Kataluniako hainbat motatako behi-ustiategietan) eta Frantziako egoera epidemiologikoa ikusita, gaur, urriaren 24an (ostirala), Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren AGINDUA, 2025eko urriaren 24koa, zeinaren bidez Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNK) aurkako kautelazko neurriak hartzen baitira, argitaratu du EJk. Agindu horretan, kautelazko neurriak ezartzen dira, abereen osasuna zaindu eta sektorearen osasun- eta merkataritza-estatusa babesteko.
Prebentzio-neurri horiek azaroaren 30era arte egongo dira indarrean, eta berrikusi egingo dira gaixotasunaren egoeraren arabera. Neurriok abere-kontzentrazioak aldi baterako bertan behera uztean eta animalia-mugimenduen kontrola indartzean oinarritzen dira. Honako hauek dira:
- Animalien (txakurrak eta katuak izan ezik) presentzia aldi baterako etetea feria, lehiaketa, txapelketa herri-kirol, erromeria eta azoketan.
- Mugimendua baino 24 ordu lehenago Euskal Autonomia Erkidegoan sartu edo irteten diren abeltzaintzako garraio-ibilgailu guztiak desinfektatzeko eta desintsektatzeko betebeharra ezartzea.
- Dermatosi nodular kutsakorraren (DNK) aurkako gune mugatutzat jotako ustiategietatik datozen animaliak sartzea debekatzea.
- 21 eguneko berrogeialdia ezartzea,eremu mugatuetako animaliak edo eremu horietan ibili diren animaliak jaso dituzten abeltzaintza-ustiategiko behi-espezieko animalia guztientzat.
- Behi-aziendaren mugimenduek zuzenekoak izan beharko dute, ibilgailua desinfektatu eta desintsektatuetan, zama eta deskarga partzialik gabe.
- Animaliak kontzentratu eta gizentzeko zentroetan sartzen diren animaliak desintsektatzea. Tratamendua errepikatu egingo da sendagaiaren jarraibideen arabera.
- Jatorri edo helburu Euskal Autonomia Erkidegoko ustiategiak dituzten zaldi-mugimenduetarako txartela etetea. Zaldi-aziendaren mugimenduetarako dokumentazioa eskatuko da.
GAUR EGUNERA ARTE EUSKADIN EGIN DIREN JARDUKETAK
- Zaintza: Katalunian gaixotasuna agertu denez, indartu egin da behi-aziendaren zaintza, gaixotasuna garaiz antzemateko.
- Mugimenduen kontrola: Gaixotasuna izateko arriskua duten eremuetako abereen mugimendua kontrolatzen ari dira.
- Informazioa: Sektoreari gaixotasunaren egoera epidemiologikoaren berri eman zaio, eta eskatu zaio zaintza areagotzeko eta gaixotasunaren susmorik txikiena izanez gero berehala jakinarazteko. Horretarako, honako informazio-material hau egin da:

DNK A kategoriako gaixotasun da EBn; hortaz, ezinbestekoa da neurri egokiak hartzea errotik kentzeko.
Agintari eskudunek abeltzaintzako profesionalei eskatu diete aplikatu ditzatela biosegurtasun-neurriak ustiategietan eta animalien garraioan, eta agintari eskudunei jakinarazi diezaietela susmorik txikiena izanez gero.
Honako hau gogorarazten da:
- Gaixotasun hori sukarrarekin garatzen da poliki-poliki eta apurka-apurka, eta ohikoa izaten da azalean lesioak agertzea, hau da, nodulu eta hanturak agertzea.
- EZ da zoonosia, eta haragia eta esnea kontsumitzea ez da arriskutsua pertsonentzat, ez eta kutsatuta egonda ere.
Informazio gehiago, esteka honetan: