EFSAk argitaratu berri duen txostenean ondorioztatzen da 5 urteko txertaketa masiboko programak eta etengabeko zaintza-sistemak direla Europan ardien mingain urdin gaixotasuna errotik kentzeko neurri eraginkor bakarrak.

Europako Batzordeak hala eskatuta, EFSAko adituek mingain urdin gaixotasunaren kontrol-neurriak berrikusi dituzte, bai eta eremu infektatuen eta eremu askeen arteko animalien salerosketa segururako aukerak ere. Halaber, gaixotasunaren alderdi epidemiologikoei buruzko txosten zientifikoa eguneratu dute, batez ere transmisio-ereduari dagokion alderdia.

EFSAren txostenean ohartarazten da mingain urdin gaixotasuna errotik kentzea oso zaila dela, eta beharrezkoa dela gutxienez ondoz ondoko 5 urtez gaixotasun hori harrapa dezaketen behien eta ardien % 95 txertatzea. Txertaketa masiboko kanpaina horiekin batera, zaintza-sistema sentsibleak ere ezarri beharko dira. Sistema horiek kasuan kasu zehaztu beharko dira, kontuan izanik zaindutako eremu geografikoa eta gaixotasunaren fase epidemiologikoa; horrez gain, virusaren prebalentzia-maila baxuak (animalien % 1 baino gutxiago) hautemateko gai ere izan beharko dira. Hala ere, baliteke gaixotasuna txertaketa-kanpaina bukatu eta handik urte batzuetara berriz ere agertzea.

Halaber, adituek azpimarratu zuten animalia jaio berriek antigorputzak jasotzen dituztela amarengandik, eta horrek hiru hilabetez babesten dituela gaixotasunetik, gutxi gorabehera. Hala ere, antigorputz horiek eragina izan dezakete txertaketan; ondorioz, aldi horretan txertoak ez dira eraginkorrak. Kasu gehienetan, immunitatea oinarrizko txertaketa-eskemako bigarren dositik 21 egunera hasten da.

Beste alde batetik, gaixotasuna transmititzen duten eltxo-espezie batzuk urte osoan daude aktibo, batez ere negu epelak dituzten eskualdeetan, besteak beste mediterraneo arroan. Era horretako eremuetan, virusa edozein unetan transmiti daiteke. Eremu hotzagoetan, esate baterako, Europa iparraldean, eltxoak ez dira aktibo egoten neguko hiru hilabeteetan; aldi horretan, beraz, ez dago transmisiorik.

Datozen hilabeteetan, EFSAk ardien mingain urdin gaixotasun motak sailkatuko ditu, ezaugarrien arabera; hori baliagarria izango da babes- eta kontrol-neurri zehatzak identifikatzeko. Informazio hori 2017ko ekainean argitaratuko da.

Mingain urdin gaixotasunari buruzko iritzi zientifikoa – EFSA