EFSAk txosten zientifiko bat argitaratu berri du, eta bertan ohartarazi du hegazti-gripea azkar zabaltzen ari dela Europan. Horrez gain, jakinarazi du oso arriskutsua dela gaixotasuna lehenago detektatu ez den herrialdeetan sartzea.

Europako zenbait herrialdek oso patogenoa den hegazti-gripearen 300 agerraldi baino gehiago jakinarazi dituzte 2020ko urriaren 16tik. Herrialde horiek dira, besteak beste, Belgika, Danimarka, Frantzia, Alemania, Irlanda, Herbehereak, Suedia eta Erresuma Batua.

Foku horien eraginpeko hegazti gehienak basatiak dira, baina, ECDCk eta hegazti-gripearen Europako erreferentziako laborategiak egindako txosten berri honen arabera, probabilitate handia dago birusa hegazti basatietatik eskortako hegaztietara igarotzeko.

Agentziak duela gutxi ohartarazi zuen arriskua zegoela oso patogenoa den hegazti-gripea mendebaldeko Europara zabaltzeko, udan baieztatutako agerraldiak egon baitziren ekialdeko Errusian eta Kazakhstanen, hegazti basatien eta etxeko hegaztien artean. Izan ere, eskualde hori Europara datozen uretako hegazti basatiek egiten duten udazkeneko migrazio-bidean dago.

Gogorarazi behar dugu oraingoz ez dela gizakien artean kasurik detektatu agerraldi berrietan, eta gaixotasuna jendeari oro har transmititzeko arriskuak oso txikia izaten jarraitzen duela.

Egon daitekeen arriskua aintzat hartuta, beharrezkoa da birusen bilakaera kontrolatzea, osasun publikorako edo animalien osasunerako propietate esanguratsuak dituzten birus berriak edo mutazio genetikoak agertzeko etengabeko arriskua ebaluatzeko.

Hori dela eta, EFSAk hau eskatzen die gaixotasunaren eraginpean egon daitezkeen herrialdeetako agintaritza nazionalei:

  • Hegazti basatiak eta eskortako hegaztiak zaintzen jarraitzeko.
  • Gizakiak infektatutako edo hildako hegaztiekin kontaktuan egotea saihesteko kontrol-neurriak ezartzeko.
  • Arrisku handiko eremuetan arriskuak murrizteko eta biosegurtasuna indartzeko neurriak ezartzeko.

Euskadiko egoera

Foku bat baieztatu da gugandik gertu, Frantzian (Korsika). Horren ondorioz, eta kontuan hartuta hegazti basatien migrazio-bideak gure lurraldetik igarotzen direla, beharrezkotzat jo da zenbait neurri espezifiko hartzea EAEko udalerri batzuetan, duela gutxi jakinarazi zen moduan.