Andaluziako Juntaren Osasun Sailak jakinarazi du zaldien meningoentzefalitis birikoaren kasu berriak deklaratu direla Sevilla probintzian, Niloko Mendebaldeko birusak eraginda.

Abuztuaren 10ean sortutako agerraldian 2 zaldik Niloko Mendebaldeko sukarra zutela detektatu zen, eta adierazpen hori berretsi egin zen laginak erreferentziazko laborategira bidali ondoren. Laborategiko diagnostikoaren emaitza ezagutu ostean, berehala aktibatu zen protokoloa; horren arabera, beste neurri batzuen artean, beharrezkoa da ingurumen-kontrolerako ekintzak gauzatzea, hala nola eraginpeko eremuak fumigatzea, gaixotasun hori transmititzen duen moskito bektorea desagerrarazteko.

Nolanahi ere, Zaintza Epidemiologikoko Zerbitzuak adierazi du transmisioa ez dela pertsonatik pertsonara gertatzen, moskitoen ziztada bidez baizik; hortaz, gizakien infekzioa prebenitzeko neurrien oinarria da ziztada horiek saihestea, uxagarriak erabilita.

Gizakien artean sortu diren eta baieztatuta dauden meningoentzefalitis birikoaren kasuei dagokienez, Andaluziako Osasun eta Familien Sailak etengabe eguneratzen ditu datuak prentsaurrekoen bidez. Aipatzekoa da 2020/08/28an bi pertsona hil direla agerraldi horren ondorioz eta beste horrenbestek ospitalean jarraitzen dutela, batzuk ZIUn. Gizakien kasuen jarraipena eta kontrola egite aldera, Sailak inkesta epidemiologikoak egin ditu, lotura komunen bat detektatzeko asmoz; gainera, kasuak dituzten udalerrietako udalak jakinaren gainean jarri ditu.

Agerraldiak aktibo jarraitzen du eta Juntaren esteka honetan kontsulta daitezke deklaratutako fokuak: