Estatu kideen eta Europako erakundeen arteko hainbat hiletako negoziazioen ondoren, joan den azaroaren 20an Europako Kontseiluak berretsi egin zuen ekoizpen ekologikoari buruzko egungo legeria aldatzeko erabakia; legeria berria 2021eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

 

Aldaketa horren bitartez, harmonizatu egingo dira EB barruko praktika ekologikoak, eta egungo kontrol-sistema modernizatuko da. Oso beharrezkotzat jotzen zen egungo araudia eguneratzea; izan ere, kasu batzuetan, 20 urte zituen araudi horrek.

 

Ekoizpen ekologikoa hazten ari den sektorea da: ia 27.000 milioi euro mugitzen ditu eta azken hamar urteetan % 125 hazi da.

 

Aldaketaren hasierako helburua zen estatu kideetan aplikatzen diren salbuespen guztiak ezabatzea; hala ere, azkenean, salbuespen batzuk mantendu dira, besteak beste esplotazio mistoak izateko baimena (hau da, elikagai ekologikoak eta arruntak ekoizten dituztenak) edo 2035era arte hazi edo animalia arruntak erabili ahal izatea.

 

Beste alde batetik, aipatzekoa da 2017ko abenduaren 8ko 2017/2273 Exekuzio Araudiaren bitartez argitaratutako epeen luzatzea; horren bitartez, epea 2017ko abenduaren 31 izatetik 2018ko abenduaren 31 izatera igaro da. Epe hori honako hauei aplikatuko zaie: modu ekologikoan hazi ez diren oilandak erabiltzeko salbuespenezko ekoizpen-arauari eta txerriei nahiz eskortako hegaztiei ekologikoak ez diren pentsu proteikoen ehuneko txiki bat (% 5) emateari.

 

Aldaketak honako beste berritasun aipagarri hauek ere badakartza:

 

  • Bukatu egingo da Europar Batasuneko arauen eta beste herrialde batzuetako arauen arteko egungo ekibalentzia-sistema; horren ordez, “adostasun” mekanismo bat ezarriko da.

 

  • Kontrolak elikagaien ekoizpen-kateko maila guztietara hedatuko dira, nahiz eta sinpleagoak izango diren.

 

  • Urtean behin kontrolak egingo dira tokian bertan; hala ere, arrisku baxuko operadoreen kasuan (azken hiru urteetan ez zaie iruzurrik hauteman), kontrolak bi urtean behin egingo dira.

 

  • Ekoizle txikiek taldeko ziurtagiria jasotzeko aukera izango dute.

 

  • Prebentzio-neurri zorrotzagoak ezarriko dira; horri esker, baimendu gabeko substantziek elikagaiak ustekabean kutsatzeko arriskua murriztuko da.

 

  • Arau berriek orain arte baino elikagai ekologiko eta elikagaiak ez diren artikulu ekologiko gehiago arautzen dituzte, besteak beste gatza, artelazkia edo esentzia-olioak.

 

EEko esteka ofizial interesgarriak: