OMEk jarraibide batzuk atera berri ditu elikagaiak ekoizteko animalietan medikuntzarako garrantzitsuak diren antimikrobianoak nola erabili azaltzeko. Hain zuzen ere, gomendatu dute abeltzainek eta elikagaien industriak utzi egin behar diotela antibiotikoak eguneroko jardunean erabiltzeari, eta animalia osasuntsuen hazkuntza sustatu eta gaixotasunak prebenitu behar dituztela. Jarraibide horiekin, giza medikuntzarako garrantzitsuak diren antibiotikoen eraginkortasunari eutsi nahi diote, animalietan gutxiago erabilita.

 

OMEk adierazi duenez, herrialde batzuetan, garrantzi medikoa duten antibiotikoen kontsumo osoaren % 80 inguru animalien sektorean egiten da, animalia osasuntsuak bizkorrago hazteko helburuarekin, batik bat.

 

The Lancet Planetary Health aldizkarian argitaraturiko berrikuspen sistematiko batean ondorioztatzen denez, elikagaiak ekoizteko animalietan antibiotiko gutxiago erabiltzeko interbentzioek % 39raino murrizten dituzte antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak animalia horietan. Ikerketa hori OMEren jarraibide berriak egiteko oinarri gisa hartu zen zuzenean.

 

OMEk dioenez, animalia osasuntsuei antibiotikoak eman beharko litzaizkieke gaixotasunak prebenitzeko, baldin eta gaixotasun hori azienda bereko beste animalia batzuetan edo arrain-populazio berean diagnostikatu bada aurretik.

 

Ahal dela, beti probak egin behar zaizkie animalia gaixoei, infekzio espezifiko hori zentzuz tratatzeko antibiotikorik eraginkorra zein den erabakitzeko. Animalietan erabiliko diren antibiotikoak hautatzeko orduan, OMEren arabera, giza osasunerako «garrantzi gutxiena» dutenak aukeratu behar dira, eta ez «garrantzi kritikoa eta lehentasun gorena» dutenak. Antibiotiko horiek bestelako tratamendurik ez dagoenean ematen dira, edo gizakietako bakterio-infekzio larriak tratatzeko dauden tratamendu mugatu batzuen parte izan ohi dira.

Elikagaiak ekoizteko animalietan garrantzi medikoko antibiotikoak erabiltzeari buruzko OMEren jarraibideak

 

Bestalde, OMEk giza medikuntzarako garrantzi kritikoa duten antimikrobianoen zerrenda bat argitaratu zuen 2005ean, eta aldian-aldian gaurkotzen da, farmakoak zentzuz erabil daitezela sustatzeko. Zerrendan, hiru kategoriatan sailkatzen dira gaur egun gizaki eta animalietan erabiltzen diren antibiotikoak –«garrantzitsuak», «oso garrantzitsuak» eta «garrantzi kritikokoak»–, giza medikuntzarako duten garrantziaren arabera.

 

2017ko apirilean kaleraturiko zerrendaren bosgarren berrikuspenaren arabera, garrantzi kritikoko antimikrobianoen artean honako hauek dira lehentasun gorenekoak: kinolonak, hirugarren belaunaldiko edo geroagoko zefalosporinak, makrolidoak eta zetolidoak, glikopeptidoak eta polimixinak (kolistina ere esaten zaie). Antibiotiko horiek ezinbestekoak dira gizakietako infekzio multierresistenteei aurre egiteko, beste tratamendurik ez dagoen kasuetan.

Giza medikuntzarako garrantzi kritikoa duten antimikrobianoen zerrenda, OMErena, 5. berrikuspena