Abeltzaintzako ustiategietan hondakinak eta azpiproduktuak egoki erabiltzeari buruzko ikastaro bana egin zuten Fraisoroko eta Derioko nekazaritza-eskoletan, ekainaren 9an eta 10ean, hurrenez hurren.

Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, HAZIko nekazaritza-eskolek eta ELIKAk antolatu zuten ikastaroa, Euskal Herriko abeltzaintza-ustiategietako aholkularientzat. Helburua zen aztertzea zer-nolako eskakizunak ezartzen dituen legeriak abeltzaintza-ustiategietan sortzen diren hondakinak eta azpiproduktuak egoki kudeatzeko eta ezabatzeko.

Horrez gain, hondakin edo azpiproduktuak (animalien gorpuzkiak, adibidez) oker erabiltzeak eta behar bezala ez ezabatzeak zer osasun-arrisku dakartzan ere azaldu nahi izan zen, bai eta horretarako dauden alternatiben berri eman ere.

Horretarako, Antonio Sáenz Feijóo jauna aritu zen irakasle. Feijóo jauna Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren (MAGRAMA) Nekazaritzako Ekoizpenaren Osasunaren Zuzendaritza Nagusiko kidea da. Abeltzaintza-ustiategiei eragiten dien SANDACH azpiproduktuei buruzko legeriaren azalpen laburra eman zuen.

Ondoren, Alberto Díez jauna izan genuen gurekin, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) VISAVET Albaitaritza eta Osasun Zaintzarako Zentrokoa. Albertok Madrilgo Erkidegoan gorpuzkiak eta bestelako azpiproduktuak kentzearen eta ezabatzearen inguruko errealitatea azaldu zuen; halaber, puntu kritikoak nabarmendu zituen osasunaren eta biosegurtasunaren ikuspegitik, eta alternatiba posibleak planteatu.

Azkenik, Juan Ramón Oribe Pedruzo jaunak, Arabako Foru Aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuko albaitari ofizialak, Araba probintziako ustiategien egoera zein den azaldu zuen, bai eta Euskal Herriko Kontrol Ofizialeko Programetan eskatzen dituzten oinarrizko neurriak zein diren ere.

Berrogei profesionaletik gora elkartu ziren ikastaroan; gehienak Euskal Herriko abeltzaintza-ustiategietako zerbitzu teknikoekin lotuta zeuden.

Ikastaroko aurkezpenak esteka honetan daude ikusgai.