Elikadura eta Albaitaritza Bulegoak (OAV) ikerketa-misio bat gauzatu zuen Espainian, erleen osasunaren egoerari buruz, 2014ko irailaren 29tik urriaren 3ra bitartean.

Misioaren helburu orokorra izan zen ezagutzea zein zen ezti-erleen osasun-egoera eta zein mailatan aplikatzen zen arloko Europako legedia . Misio hori erleen osasuna modu proaktiboan babesteko Europako estrategiaren baitan dago; izan ere, azken urteetan erleen heriotza-tasa handia atzeman da:

Espainian egindako misioaren ondorio nagusiak hauek dira:

  1. Espainiako agintaritza eskudunak oinarri bat osatu du, erleen osasuna kontrolatzeko. Oinarri horrek gainditu egiten ditu EBren betekizunak, batik bat, erleen trazabilitateari eta Varroa akaroaren kontrolari dagokienez.
  2. Erlezaintza-industria ongi egituratuta dago eta aktiboki hartzen du parte erleen osasunaren arloan.
  3. Esanguratsua da erlastarren merkataritza: garapen iraunkorra du, eta, kontrol ofizial eraginkorraren mende badago ere, sektorearen berariazko ezaugarriak ez dira behar beste aintzat hartzen erleen osasuna babesteko araudia egitean.
  4. Varroa akaroaren programa ofiziala behar bezala aplikatzen da eta kontrolen xede da.
  5. Aethina tumidaren eta Tropilaelapsen intrusio posibleen aurreko prestakuntza-maila hobetu egin bada ere, hainbat xehetasun praktiko garatu behar dira oraindik, plana erabat eraginkorra izan dadin.
  6. Nahiz eta loke amerikarra kontrol ofizialen mendeko gaixotasuna izan eta Espainian egon, ia ez dago exekuzio-neurririk edo oso neurri gutxi aplikatzen dira.

Misioaren txostenak ez du gomendiorik ematen, ikerketa egiteko txostena baita.

Hainbat datu Espainiako erlezaintzari buruz

Erlezaintza oso sektore garrantzitsua da Espainian. Gutxi gorabehera, 2,5 milioi erle-kolonia eta 26.000 erlezain daude erregistratuta. Erle-kolonia gehien (EBko erroldaren % 19) dituen estatu kidea da; 5.000 erlezain profesionalek ustiatzen dituzte kolonia horietatik bi milioi.

Espainiak 30.000 tona ezti eta 1,5 tona argizari ekoizten ditu, 2012ko datuen arabera.