Animalietan mikrobioen aurkako produktuak zentzuz erabiltzeari buruzko ikerlan hau 2016ko urriaren 20tik 28ra egin zen, Espainian, Osasunaren eta Elikadura Segurtasunaren Zuzendaritza Orokorrak estatu kideetan egiten dituen ikerlanen artean. Ikerlan honen helburua zen, alde batetik, albaitaritza-medikamenduen erabilerarekin lotuta mikrobioen aurkako produktuekiko erresistentzia dela-eta sortzen diren arazoei aurre egiteko neurriak praktikoki ezartzeari buruzko informazioa biltzea eta, bestetik, estatu kide batzuentzat kontu horri aurre egiteko lagungarri izan daitezkeen jarduera onen adibideak identifikatzea.

2014an Espainia izan zen albaitaritzan mikrobioen aurkako produktu gehien erabili zuen herrialdea, Albaitaritza Erabilerarako Mikrobioen Aurkako Produktuen Kontsumoa Zaintzeko Europako Proiektuari datuak aurkeztu zizkioten herrialdeen artean, eta, Medikamenduen eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren arabera, salmentak areagotu egin ziren 2015ean. Horrez gain, Espainia da giza medikuntzan mikrobioen aurkako produktu gehien erabiltzen duten herrialdeetako bat ere.

Estrategia nazional bat ezarri da mikrobioen aurkako produktuekiko erresistentziaren kontra 2014tik 2018ra arteko aldirako, “Osasun bakarra” kontzeptua oinarritzat hartuta. Estrategiak sei helburu ditu, eta helburuetako bakoitzak giza zein albaitaritza arloko ekintzak ditu. Helburuak kualitatiboak dira batez ere, eta borondatezko ekimenen mende daude; izan ere, Espainian ez dago erabilera zuhurreko printzipioak ezartzera behartzeko oinarri juridikorik. Orain arte eginiko lanek honako helburu hauek izan dituzte, besteak beste: antibiotikoen erabileraren jarraipena eta zaintza indartzea, abere-ustiategietako osasun-egoera ulertzea (bereziki txerrien sektoreko biosegurtasunetik hasita) eta funtzionarioak, albaitariak eta abeltzaintzaren sektorea mikrobioen aurkako produktuekiko erresistentziari lotutako arazoen inguruan sentsibilizatzea.

Txostenean, oro har, ondorioztatzen da goiz dela oraindik mikrobioen aurkako produktuekiko erresistentziaren aurkako ekintza planaren eraginkortasuna hautemateko baina badaudela zantzuak erakusten dutenak nabarmen murriztu daitekeela Espainian mikrobioen aurkako produktuen erabilera, produktibitatean eta kostuetan eragin negatiborik izan gabe. Zantzu horiek Espainian kolistinaren erabilera murrizteko egin den borondatezko egitasmo batetik eta abeltzainen, albaitarien eta ekoizle taldeen ahalegin indibidualetatik eratorri dira.

Informazio gehiago