Otsailaren 1etik 12ra, Europako Batzordeko Osasunaren eta Elikagai Segurtasunaren Zuzendaritza Nagusiko (FVO) ikuskatzaile talde batek ikuskaritza bat egin zuen Espainian, ebaluatzeko ea behi-tuberkulosia desagerrarazteko hainbat urtetarako programa, Europar Batasunak finantzatutakoa, behar bezala aplikatzen den, Batzordeak onetsitako moduan.

Ikuskaritza taldeak Espainiako hamazazpi autonomia-erkidegoetako zazpi aztertu zituen (Gaztela-Mantxa, Andaluzia, Extremadura, Gaztela eta Leon, Galizia, Asturias eta Kantabria), horiek baitute Espainiako behi-aziendaren % 75, gutxi gorabehera.

Hona hemen ikuskaritzan ateratako ondorio nagusiak:

  • Tuberkulosia desagerrarazteko programa onetsitakoaren arabera aplikatzen da hein handi batean, eta behar bezala aplikatzen dira agintaritza eskudun zentralak programa indartzeko proposatutako neurri gehigarriak ere.
  • Ikerketa-programa zabala da eta ondo bideratuta dago, eta agintaritza eskudun guztiei behar diren probak ematen dizkie, kontrol- eta desagerrarazte-neurrien aplikazioa indartzeko.
  • Autonomia-erkidegoek hainbat ekintza gehigarri eta osagarri gehitzen dizkiote programa nazionalari. Neurri horiek ezinbestekoak dira programa lurralde horietan aplikatzeko eta behi-tuberkulosia lurralde bakoitzari dagokion testuinguru epidemiologikoan erabat desagerrarazteko. Askotan, neurri horiek ez dira programa ofizialean agertzen.
  • Uste baino denbora gehiago beharko da behi-tuberkulosia Espainiako hego-mendebaldeko autonomia-erkidegoetan (Gaztela-Mantxa, Extremadura eta Andaluzia) desagerrarazteko hainbat urtetarako egungo programa onestean; izan ere, gaixotasunaren eraginaren urteko tasak aurrez zehaztutakoak baino askoz ere altuagoak izan dira.
  • Behi-tuberkulosia basoko bizidunetatik etxeko animalietara transmititzeko zikloa oso garrantzitsua da gaixotasunaren presentzian, eta frogatu da ez dela nahikoa gaur egungo zaintza- eta desagerrarazte-tresnak erabiltzea desagerrarazte-prozesua azkartzeko.
  • Espainiako ipar-mendebaldeko autonomia-erkidegoetan, epidemiologia-adierazleek frogatu dute azken urteotan desagerraraztea azkartzeko ikuspegia positiboagoa dela. Hala ere, egoera desberdina da, lekuaren arabera:
  1. Galizia sei urteko aldiarekin hasi da, behi-tuberkulosirik gabeko egoera ofiziala lortzeko.
  2. Gaztela eta Leonen egoera hobetzen ari da etengabe, baina oraindik ez da jakina zenbat denbora beharko den behi-tuberkulosirik gabeko egoera lortzeko.
  3. Asturiasen eta Kantabrian zailtasunak dituzte oraindik; hortaz, agintari eskudunek ezin dute ibilbide-orri argi bat ezarri, arrazoizko epe baten barruan ofizialki behi-tuberkulosirik gabeko egoera bat lortzeko.

Era berean, ikuskaritzaren txostenak gomendioak egiten dizkie Espainiako agintaritzei, identifikatutako hutsuneak zuzentzeko eta kontrol-neurriak hobeto aplikatzeko.

Espainian tuberkulosia desagerrarazteko planaren txostena