Nola prebeni ditzakegu Salmonella edo Hegazti gripearen ondoriozko infekzioak hegaztiak haztean?

Galdera horren eta beste hainbaten erantzuna CDC Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako AEBetako Zentroak egindako material interesgarrian aurkituko dugu.

Oro har erraz aurki dezakegu arrautzak manipulatu eta kontsumitu ondoren Salmonella infekzioa prebenitzeko moduei buruzko informazioa; alabaina, nahiko zaila gertatzen da hegaztiak haztean eta haiekin kontaktuan egotean infekzioak saihesteko moduei buruzko informazio osoa aurkitzea.

Hegazti bizidunekin (txitak, ahateak, antzarak) kontaktuan egoteak eta/edo haiek manipulatzeak nolabaiteko arriskua ekar dezake, arrisku-taldeetan batik bat, hala nola haurren artean.

Esate baterako, Salmonella bakterioa, hegaztien gorozkietan ez ezik, hegaztien gorputzean egon ohi da (lumetan, hanketan…), baita itxuraz garbi badaude ere, eta ingurunean ere egon daiteke (hazkuntza-lekuko zoruan, asketan, urasketan…).

Infekzio-arriskua are handiagoa izan ohi da hegaztiak edota materialak ukitu edo manipulatu ostean eskuak ahora eramaten baditugu; hori sarriago gertatzen da haurren artean.

 

  • Horregatik, garrantzitsua da eskuak uraz eta xaboiaz garbitzea hegaztiekin edo haien inguruko materialekin kontaktuan egon ondoren.

 

Salmonellaren ondoriozko infekzioaren prebentzioa

 

Hegaztien hazkuntzan:

 

  • Eskuak uraz eta xaboiaz garbitu (hala badagokio, desinfektatzailearekin) eta haurrek eskuak garbitzen dituztela begiratu.
  • Erosi hegaztiak hazkuntza-zentro baimenduek hornitzen dituzten establezimenduetan.
  • Hegazti bizidunei ez utzi etxe barruko guneetara sartzen, eta are gutxiago sukaldera edo elikagaiak gordetzen diren lekura.
  • Oinetako bereziak erabili hegaztiak hazten diren eremura sartzeko.
  • Ez jan eta ez edan hegaztiak hazten diren eremuan.

 

Hegazti-gripearen ondoriozko infekzioaren prebentzioa

 

A hegazti-gripearen birusak normalean ez du infekziorik eragiten gizakiengan. Hala eta guztiz ere, kasu batzuk agertu izan dira noizean behin; batez ere, hegaztiekin kontaktu estua eduki denean eta higiene-egoera kaskarra zenean.

Nolanahi ere, gogoan izan behar dira jarraibide hauek:

 

  • Ez izan kontaktu zuzenik hegazti basatiekin.
  • Ez izan kontakturik etxeko hegazti hilekin.
  • Ez egon kontaktuan hegaztien gorozkiak dauden guneekin.

 

Bidaietan

Ez dago inolako mugarik pertsonak kutsatu izan diren herrialdeetara bidaiatzeko. Dena dela, komeni da hauek kontuan hartzea:

 

  • Ez bisitatu hegaztiak dauden haztegiak, merkatuak edo zentroak.
  • Ez prestatu edo jan gutxi egindako hegazti-haragi edo -produktuak.
  • Higiene- eta garbiketa-ohiturak praktikan jarri.
  • Medikuarenera jo, bidaian zehar edo ondoren gaixotuz gero.

 

Informazio gehiago: