Eusko Jaurlaritzak dekretu berri bat argitaratu du. Bertan, Euskadiko abeltzaintza‑ustiategien arau teknikoak, higieniko‑sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dira, eta horri esker, abetzaintza-jarduerak egin ahal izango dira, ingurumenaren kontserbazioa eta osasungarritasuna errespetatuz. Dekretu horrek, halaber, ingurumenean eta abeltzaintzan eskumena duten administrazioen arteko koordinazioa errazten du, eta etxeko ustiategi txikien eta ustiategi estentsiboen izapideak sinplifikatzen ditu.


Arau hau egiteko, kontuan hartu dira ingurumen-arloko lege-eskakizun berriak, abeltzaintza-antolamendukoak, animalien osasunekoak eta antibiotikoen erabilera jasangarrikoak, nekazaritza-lurzoruen nutrizio jasangarrikoak eta nekazaritza- eta abeltzaintza-erregistroetakoak. Hori dela eta, aldez aurreko araudia indargabetu behar izan da, irailaren 22ko 515/2009 Dekretua, hain zuzen ere.

Dekretu berriak xedapen orokorrak, betebeharrak eta funtzionamendu-baldintzak aurreikusten ditu, Euskadin kokatutako abeltzaintzako ustiategi guztiei eragiten dietenak. Bestalde, eraikuntza- eta ekipamendu-baldintzak ezartzen ditu, eta abeltzaintzako ustiategi berriak ezartzeko edo lehendik daudenak aldatzeko jarraitu beharreko administrazio-izapideak zehazten ditu.

Azkenik, dekretu honen bidez, autonomia-erkidegoetako, foru-aldundietako eta udaletako abeltzaintza- eta ingurumen-arloko agintari eskudunen arteko koordinazioa errazten da, eta ingurumenean eta pertsonen osasunean eragina duten jarduerak baimentzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko eskumen-araubidea ezartzen da, bai eta haien arteko beharrezko lankidetza ere.

Dekretuaren kapitulu oso bat abeltzaintzako instalazioen funtzionamendurako baldintzak ezartzeari buruzkoa da. Simaurrak eta mindak kudeatzea eta ongarri gisa erabiltzea azpimarratzen du, eta gutxieneko distantziak ezartzen ditu lurrak ongarritzeko, nekazaritza-lurren nutrizio jasangarriari buruzko 1051/2022 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Gainera, dekretu berriak euri- eta hondakin-urak kudeatzeko eta beste hondakin batzuk (hala nola animalien hilotzak eta beste hondakin solido ez-organiko batzuk) ezabatzeko baldintzak jasotzen ditu.

Dekretuak abeltzaintza-instalazioek azpiegiturari eta ekipamenduari dagokienez bete behar dituzten gutxieneko baldintza batzuk ere jasotzen ditu, besteak beste, simaurra biltegiratzeko instalazioen ezaugarriak eta animalien elikagaiak kontserbatzeko siloen ezaugarriak.

Era berean, Ingurumeneko Baimen Bateratua, Ingurumeneko Baimen Bakarra eta Jarduera Sailkatuaren Lizentzia behar duten abeltzaintza-ustiategien kasuan, Dekretu honek gutxieneko distantzia batzuk ezartzen ditu herriguneetara eta lurraldeko beste elementu batzuetara, hala nola errepideetara, ur-ibilguetara, putzuetara, bainu-eremuetara, etab.

Dekretuak abeltzaintzako ustiategi berriak baimentzeko eta erregistratzeko edo daudenak aldatzeko egin beharreko administrazio-izapideak zehazten ditu, abeltzaintzako ustiategiaren sailkapenaren arabera. Horrela, Ingurumeneko Baimen Bateratua eta Ingurumeneko Baimen Bakarra behar duten ustiategien kasuan, lehen urratsa Proiektu Teknikoa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean aurkeztuz egin behar da. Jarduera Sailkaturako Lizentzia behar duten ustiategiek Proiektu Teknikoa aurkeztu beharko diote Udalari; Aldez Aurreko Jakinarazpena behar duten ustiategiek, berriz, aldez aurretik inskribatu beharko dute Foru Aldundien abeltzaintza-erregistroetan, Udalean Aurretiazko Jakinarazpena aurkeztu aurretik.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioari buruzko 10/2021 Legean jada jasota dauden ustiategien sailkapen horri dagokionez, Dekretu honek tamaina txikiko ustiategien sailkapen berri bat jasotzen du, etxeko ustiategiak izenekoak, eta horiek ingurumenean eta pertsonen osasunean duten eragina ez da oso esanguratsua. Dekretuak honela definitzen ditu ustiategi horiek: abereen gehieneko kopurua gainditzen ez dutenak (5 behi, 5 txerri, 5 zaldi, 5 untxi ugaltzaile, 15 erlauntz, 20 ardi edo ahuntz, 30 oilo edo 50 oilasko). Ustiategian hainbat espezie bizi badira, ezin izango dira 4 A.L.U. baino gehiago izan. Etxe-ustiategi horiek ez dute jarduera-lizentziarik edo aldez aurreko jakinarazpenik beharko Udalean, baina alta eman beharko dute foru-organoen abeltzaintza-erregistroetan, erantzukizunpeko adierazpen sinple baten bidez.

Gainera, Dekretuak Euskadiko ustiategi estentsiboen berezitasunak jasotzen ditu. Ustiategi horiek, batzuetan, larre komunaletan eta beste udalerri edo lurralde batzuetan kokatutako lurretan egiten dute lan, eta, batzuetan, ez dago instalaziorik. Horregatik, dekretu berri horren arabera, ustiategi estentsiboak instalazioen edukieraren arabera baimenduko dira, eta ez ustiategiaren erroldaren arabera.

Erle-ustiategien kasuan, animaliek aire zabalean egiten badute lan etengabe, erlategiak ez dira instalaziotzat hartuko, eta ez dute jarduera-lizentziarik edo aldez aurreko jakinarazpenik beharko. Hala ere, ustiategi horiek Foru Aldundietako Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egon beharko dute, jarduerari ekin aurretik. Gainera, erlezaintzako produktuak beren instalazioetan erauzten eta ontziratzen badituzte (erle-ekoizpen primarioa), instalazio horien jarduera-lizentzia edo aldez aurreko jakinarazpena izapidetu beharko dute.

Azkenik, dekretuak abeltzaintzako jarduerak izapidetzen, antolatzen, egiaztatzen, zaintzen, ikuskatzen eta zehatzen esku hartzen duten administrazioen eskumen-araubidea ezartzen du, eta eraginkortasun-, lankidetza- eta koordinazio-printzipioen arabera jarduteko eskatzen die, beren eskumenak gauzatzeko behar duten informazioa emanez.

Dekretu hau egiten parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako abeltzaintza- eta ingurumen-arloko agintari eskudunek, bai eta ELIKA, HAZI eta URAk ere. Era berean, kontsulta egin zaie Osasun Sailari, EUDELi, erakunde profesionalei eta elkarte eta entitate sektorialei.