Euskadin erlezaintza antolatzeko Dekretu berria
Gaur argitaratu da EHAAn 139/2025 Dekretua, uztailak 1ekoa, Euskadiko erlezaintza antolatzekoa. Europako araudia garatzeko asmoz, erle-ustiategien eraikuntzetan dauden erauzketa- eta ontziratze-lokaletarako baldintza higieniko eta sanitarioak ezarri dira.
Neurri berriak Euskal Autonomia Erkidegoko erle-ustiategietan aplikatuko dira, baldin eta honako hauek egiten badituzte:
- EKOIZPEN PRIMARIOA: Erlauntzak maneiatzearekin lotutako jarduera guztiak barne hartzen ditu, baita erlauntzak ustiategiko instalazioetatik urrun egonda ere.
- LOTUTAKO ERAGIKETAK: Eztia eta erlezaintzako beste produktu batzuk zentrifugatzea, erauztea, ontziratzea eta enbalatzea ustiategiko instalazioetan bertan.
Berritasun nagusiak:
- Erle-produktuak ustiategiko instalazioetan bertan erauzteko edo ontziratzeko eragiketetarako baldintza higieniko-sanitarioak ezarri dira. Higieneari buruzko Europako araudiak ez du baldintza espezifikorik ezartzen lotutako eragiketa horietarako, eta, horregatik, dekretu honen bidez garatzen da Europako araudi hori.
- Erregistroan jasotako datuei alta emateko edo aldatzeko eskatzen den informazioa eguneratzen da, eta Euskadiko erleen ustiapen-liburuak izan behar duen gutxieneko edukia ere zehazten da.
- Halaber, ustiategian bertan erauzitako eta ontziratutako erlezaintzako produktuek honako hauek jaso beharko dituzte etiketan:
- Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorraren (REGA) zenbakia, nahitaezko aipamen honen bidez: «Producido, extraído y envasado en la explotación ES*********» edo «ES********** ustiategian ekoitzi, erauzi eta ontziratutako produktua».
- Gaztelaniaz, elikadura-segurtasunari buruzko aipamen hau: «La miel no es recomendable para niños/as menores de 1 año». Aukeran, euskarazko aipamen honekin osatu ahal izango da, baina inoiz ez ordezkatu: «Eztia ez da urtebete baino gutxiagoko haurrentzat gomendagarria».
- Lurraldeko beste erlategiekiko eta beste elementu batzuekiko distantzien kalkulua hobetze aldera, ustiategi guztiek beren kokalekuen koordenatu geografikoak zehaztea eskatuko da. Era berean, distantziak eguneratu dira, 50/2025 Dekretuan ezarritakoekin bat etor daitezen.
- Erlategiak seinaleztatzeko kartela nahitaezkoa izango da kokaleku guztietarako. «Atención Abejas / Kontuz Erleak» inskripzioaz gain, hemendik aurrera «Abejas trabajando / Erleak lanean» aukera emango da.
- Hemendik aurrera, ustiategietan dauden erleen arraza-ekotipoak jakinarazi beharko dira. Gainera, Euskadiko arraza-ekotipo autoktonoa erle beltz iberiarra dela zehazten da (Apis mellifera iberiensis).
- Azkenik, aipatu behar da dekretu honetan araututa egon ez arren, Euskadiko abeltzaintza-ustiategien antolamendua arautzen duen 50/2025 Dekretuaren bidez baizik, erlategiak udal-baimena eskatzetik salbuetsi direla, eta erauzketa- eta ontziratze-lokaletarako baino ez dela beharrezkoa izango.
Dekretuan alta- edo aldaketa-eskakizunen eta ustiapen-liburuan sartutako berrikuntzak kontuan hartuta, betekizun berrietara egokitutako formulario berriak egin dira. Azpimarratzekoak dira erauzketa-lokalari alta emateko checklist motako memoria eta ustiapen-liburuaren eredu berria, sektoreko eragileekin lankidetzan egina. Erlezaintzarako beharrezkoa den informazio guztia hemen aurkituko duzu:
