Arlo horretan eskumena duten agintariek erabaki dute zer baldintza bete behar diren okela hori giza kontsumorako erabiltzeko. Baldintzok Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren agindu honetan daude jasota: "Hiltegietatik kanpo premiaz hildako etxeko ungulatuen haragia: jarraibideak. Merkaturatzeko esparrua".

Horrela, Euskal Herrian giza kontsumorako erabil daiteke ganadu-haztegietan premiazko arrazoiengatik hildako etxeko ungulatuen haragia (behiena, ardiena, txerriena, zaldiena…).

Zein egoeratan onartzen den

Animalien ongizateari dagokionez indarrean dauden arauek debekatu egiten dute sufritzen duten animaliak garraiatzea. Animalia bat hiltegira eramateko, garraiatu egin behar da; beraz, garraialdi horretan min edo kalteren bat jasango badu, haztegian bertan hil behar da, animalien ongizateari eusteko.
Okela hori giza kontsumorako erabili ahal izango da, sufrimendua haztegiko istripu batek edo antzeko beste egoeraren batek eragiten badu; ordea, gaixorik dauden edo zaharrak diren animalien haragirik ez da erabiliko.

Bete beharreko baldintzak

  • Klinikan jarduten duen albaitari batek irizpena eman behar du, animalia garraiatzea egokia den ala ez erabakitzeko.
  • Klinikan jarduten duen albaitari batek hil aurreko ikuskaritza egin behar dio animaliari, giza kontsumorako egokia den ala ez aztertzeko.
  • Hiltegitik kanpoko hilketa agirietan jasoko da (haztegiaren erregistroetan).
  • Gaitasun-maila egokia duten langileek (dagokion ziurtagiria eduki behar dute) konortea galaraziko diote animaliari, hil aurretik.
  • Animalia higiene-baldintza egokietan garraiatuko da hiltegira. Garraialdia bi ordutik gorakoa bada, hozte-sisteman jarriko da.

Animaliarekin batera hiltegira eraman beharreko agiriak

  1. Haztegiaren erantzukizun-aitorpena
  2. Albaitariaren aitorpena
  3. Elikadura-katearen informazioa (EKI)
  4. Animaliaren identifikazio-agiria (AIA)

Haragi horiek merkaturatzeko, ez dago hiltegian lortutako haragiari ezartzen zaizkionak bestelako muga geografikorik.

Agindua "Hiltegietatik kanpo premiaz hildako etxeko ungulatuen haragia: jarraibideak. Merkaturatzeko esparrua".