Osasun eta Kontsumo Ministerioaren mendeko Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (CCAES) txosten bat egin du, eta, bertan, gaitz horren egoera ebaluatu eta gaitza kontrolatzeko hainbat gomendio ematen ditu.

Niloko birusaren sukarraren birusa 2000az geroztik zirkulatzen da Espainian, eta 2001az geroztik egiten da animalien ikuskapena eta 2007az geroztik gizakiena. 2019ra bitartean, noizbehinkako 6 kasu detektatu dira gizakietan.

2020an, intzidentziak gizakiengan gora egin zuenez (77 kasu gizakietan; % 97k meningoentzefalitisa zuten eta horietako 8 hil egin ziren) eta birusa herritarrei transmititzeko arriskuak alerta eragin zuenez, kaltetutako eremuetan honako neurri hauek ezarri ziren:

  • Andaluzian, bektoreen kontrola, Andaluziako Juntaren, inplikatutako udalerrien eta Doñanako Estazio Biologikoaren artean koordinatutako osasun publikoko ekintzen bidez,
  • Katalunian, sero-inkesta bat egin zen kaltetutako eremuan (Segriá eskualdean), birusaren zirkulazioa egiaztatu eta osasun publikoko alerta aktibatu ostean.

Kontrol-neurriak argitaratu ostean, eta nahiz eta Andaluzian uda honetan Niloko birusaren sukarraren hainbat kasu eta Katalunian eltxoetan birusaren zirkulazioa egiaztatu, Ministerioak, txosten honetan, arriskua ertaintzat jo du , oro har, aurten edo aurreko urteetan gaitza ekidoetan, hegaztietan edo kutsatutako intsektuetan baietsi zen edo giza kasuak detektatu diren eremuentzat.

Bestalde, zaldi, hegazti edo eltxoetan gaitza inoiz detektatu ez den eremuetan transmisio-arriskua txikiagoa da, baina aurreikus daiteke birusak zirkulatzen jarraituko duela eta bektorea dagoen beste lurralde batzuetara zabaldu ahal izango dela.

Zoonosi horrek gizakietan eragiten duen infekzioa asintomatikoa edo arina izaten da, nahiz eta gaixotasun neuro-inbaditzailea edo larria eragin dezakeen, eta gaixotasun horrek ez du berariazko tratamendurik. Horrexegatik eman ditu CCAESek laburbildu egin ditugun honako gomendio hauek:

  1. One Health ikuspegia izango duen plan nazional bat egitea giza osasunari eta animalien osasunari dagokionez.
  2. Gizakien zaintza epidemiologikoa eta alerta goiztiarren sistemak sendotzea, klinikoek euren susmo-gaitasuna areago dezaten.
  3. Niloko Mendebaldeko birusaren zaintza pasiboa eta aktiboa sendotzea zaldi eta hegaztietan.
  4. Bektorea kontrolatzeko jarduerak gauzatzea.
  5. Azterlan birologikoak egitea baietsitako kasuetan.
  6. Herritarrei bektorea kontrolatzeko eta norbera babesteko neurrien berri ematea.

Herritarren lankidetza: App Mosquito Alert

Mosquito Alert irabazi asmorik gabeko herri zientziako proiektu kooperatiboa da, eta hainbat ikerketa-zentro publikok koordinatzen dute. Xedea da gaitz globalak (besteak beste, dengea, Zika edo Niloko mendebaldeko sukarra) transmiti ditzaketen eltxo inbaditzaileen hedadura aztertzea, zaintzea eta haren aurka borrokatzea. Eltxo tigrea eta sukar horiaren eltxoa dira Mosquito Alertek zaintzen dituen espezie inbaditzaileetako batzuk.