Europako Parlamentuak eta Kontseiluak eskatuta, Europako Batzordeak animalien ongizateari buruzko legeria berri bat egiteko beharra eta legeria berri horrek izango lukeen inpaktua aztertzeko ebaluazio bat egin du. Legeria horrek barne hartu beharko ditu jarduera ekonomiko baten testuinguruan sartzen diren animalia guztiak (baserriko animaliak), animalien ongizateari buruzko etiketentzako araudi-esparrua eta garraioan zehar animaliak babesteari buruzko arauen berrikuspena.

Animalien ongizatea funtsezkoa da Baserritik Mahaira estrategiaren helburuak betetzeko beharrezkoa den animalia-ekoizpen jasangarria lortzeko. Estrategia horren jasangarritasun-helburuak eta Europako Itun Berdean ezarritakoak kontuan hartuta, Batzordearen asmoa da egungo araudia ebaluatzea (Fitness Check), animalien ongizaterako benetako beharrizanak zein diren eta herritarrek zer espero duten aztertuz. Horretarako, ebidentzia zientifiko berria hartuko du aintzat, eta irizpide hauek erabiliko: eraginkortasun orokorra, efizientzia, garrantzia, balio erantsia eta koherentzia.

Fitness Check-aren bidez ebaluatuko da, besteak beste, ea egungo araudiak animalia-ekoizpen jasangarrirako beharrezkoak diren animalien ongizate-maila altuak lortzeko arau multzo integral bat eskaintzen duen, ea EBko beste ekintza eta politika batzuekiko koherentea den, eta ea EBko ekoizleei laguntzen dien mundu-mailako merkatuan lehiakorrak izaten.

Horrez gain, zenbait kontsulta-jarduera egingo dira, Fitness Check-ari buruzko iritziak eta horri egin ahal zaizkion ekarpenak biltzeko. Jarduera horien artean, kontsulta egingo zaie herritarrei eta animalien ongizatearekin lotura duten alde interesdun guztiei, hala nola eskumeneko agintariei, elikadura-segurtasuneko agentziei, ikertzaile eta aditu independenteei, elikagaien hornidura-kateko enpresa-erakunde eta erakunde profesionalei eta animalien ongizatean aktiboki esku hartzen duen beste edozein erakunderi.

Ebaluazioa egin ondoren, DGSANTEk txosten bat argitaratuko du. Bertan, egin diren ekarpen guztiak bilduko ditu. Horrez gain, animalien ongizateari buruzko esparru-araudi bat proposatuko du (2020. urtearen amaierarako egitea aurreikusten da).