EFSAk eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) VectorNET abiarazi dute: lau urteko proiektua, helburu gisa duena datu-base partekatua eratzea gizakiei eta/edo animaliei eragiten dieten gaixotasunen bektoreei buruz.

Aipatutako tresnaren oinarrian EBko ikerketa-erakunde eta -organismoen sare batek emandako datuak egongo dira, eta informazioa emango du bektoreen bidez transmititutako gaixotasunen presentziaz, banaketaz eta ugaritasunaz. Informazio hori bi organismoek egindako arrisku-ebaluazioetarako erabili ahal izango da.

EFSAk informazio-bideo bat eskegi du bere webgunean. Bertan, elkarrizketak egin zaizkie Franck Berthe-ri (EFSAko Animalien eta Landareen Osasuna Arloko burua) eta Hervé Zeller-i (ECDCko Gaixotasun Emergenteen eta bektoreen bidez transmititzen direnen programako zuzendaria). Bada, elkarrizketa horietan bi erakundeek esparru horretan egiten dituztenen berri ematen da.

Arkakusoak, eltxoak, akainak edo euliak bezalako organismoak dira animalia infektatu batetik gizaki bati edo beste animalia bati gaixotasun bat transmititzen dioten bektoreak. Bada, transmititzen dituzten gaixotasun asko jotzen dira gaixotasun infekzioso emergentetzat; izan ere, lehenengoz agertu edo aurretik ere existitu izan diren arren, azkar areagotzen ari dira euren eragina eta hedadura geografikoa. Azken urteotan gaixotasun emergente asko agertu da. Adibide batzuk dira giza immunoeskasiaren birusa (GIB), behien entzefalopatia espongiformea (BSE), arnasa-sindrome akutua eta larria (SARS), Nipah birusak eragindako infekzioa, Ebola birusak eragindako infekzioa, Krimea-Kongoko sukar hemorragikoa edo orain dela gutxi Schmallenberg birusak eragindako infekzioa.

Pertsonen bidaiak, nazioarteko merkataritza, animalien mugimendua, klima-aldaketa eta nekazaritza-jardunbide modernoak dira bektoreak eta gaixotasunak sartzea ahalbidetzen duten faktoreetako batzuk, eta horrela, gaixotasunak transmititzen dira eremu tropikaletatik Europa bezalako eremu epelagoetara.
EFSAk eta ECDCk emandako zientzia-aholkularitzak bildu egiten ditu giza medikuntzari eta albaitaritzari buruzko ezagutzak. Arriskuaren ebaluazioak politikarien lagungarri dira, Europako bizilagunek eta animaliek gaixotasun-mota horien arriskupean egotea saihesteko.