MAPAk duela gutxi txosten bat argitaratu du, eta, bertan, estatu eta Europa mailan jatorri zoonotikoko gaixotasunen egoera epidemiologikoari buruzko informazio deigarriena jaso du.

Osasun publikoan eragin nabarmenena duten zoonosien egoera epidemiologikoaren etengabeko jarraipena egiteko eta prebentzio-neurrien eraginkortasuna baloratzeko, EFSAk eta ECDCk, Europako Batzordearen aginduz, herrialde kide bakoitzeko emaitzak jaso eta aztertu dituzte, “One Health Zoonosiaren urteko txostena” egiteko.

Jarraian, alderdi nabarmenetako batzuk azpimarratu ditugu:

Campilobacteriosia:

  • EBn gehien jakinarazten den elikadura-zoonosia da.
  • Gizentzeko oilasko eta indioilarretan bakterioa detektatu da ehuneko nabarmenetan (% 79,5 gizentzeko indioilarretan eta % 61,0, berriz, oilaskoetan).

Salmonellosia:

  • EBko pertsonen artean bigarren infekzio gastrointestinal ohikoena izaten jarraitzen du.
  • Salmonella spp. prebalentzia-ehuneko altuenak gizentzeko indioilarrenak (% 17,09) eta oilo erruleenak dira (% 6,92).

Listeriosia:

  • Gaixotasunaren bilakaeraren joera goranzkoa izan da.
  • EBn aztertutako laginen % 2,9 positiboak izan ziren, eta gehien identifikatu zen espeziea L. Monocytogenes izan zen.

Shiga edo Vero toxina (VTEC) sortzen duten Escherichia coli anduiengatiko infekzioa:

  • VTEC bidezko infekzioa izan zen laugarren zoonosi ohikoena EBn eta behia izan zen espezierik kaltetuena.

Tuberkulosia:

  • Behien kasuan, 2017az geroztik behera egin du pixkanaka-pixkanaka, eta 2022. urtera arte mantendu da (% 1,40). Soilik Asturias, Kanariar Uharteak, Galizia eta Euskadi jo dira immunetzat.

Bruzelosia:

  • Denborak aurrera egin ahala, bruzelosi positiboaren abere-taldeen kopuruak behera egin du pixkanaka-pixkanaka, behien zein hausnarkari txikien kasuan. 2022an, behien zein hausnarkari txikien abere-talde guztien emaitza negatiboa izan zen; hortaz, EBk autonomia-erkidego guztiak ofizialki bruzelosirik gabekotzat jo zituen hausnarkari txikien eta behien kasuan.

Trikinosia edo trikinelosia:

  • Animalien kasuan, 2022an hautemandako positiboen ehunekoa oso txikia izan zen (% 0,001). Positibo gehienak basurdeetan detektatu ziren (% 0,30).

Hidatidosia:

  • Estatu-mailan, ehuneko positibo nabarmenena ardiengandik eratorritako kanaletan hauteman zen (% 0,63). EBren kasuan, berriz, E. granulosus parasitoak gehien eragindako animaliak hausnarkari txikiak izan ziren, eta ondoren behiak eta txerriak.

Toxoplasmosia:

  • Estatu-mailan aztertutako ardi- eta ahuntz-espezieen 153 laginetatik, 15ek positibo eman zuten T. Gondiiarekiko. Positibo gehienak ahuntzetan detektatu ziren (% 25,0). EBren kasuan, berriz, hausnarkari txikietan detektatu zen (% 28,9).

Amorrua:

  • Espainian, penintsulan zein uharteetan, amorrua desagerrarazi da gizakien eta etxeko animalien kasuan.
  • Animaliei dagokienez, penintsulan azken kasua 2013an jakinarazi zen. Hala ere, Ceutan, eta, batez ere Melillan, gaixotasuna ohikoa da etxeko animalien kasuan, gaixotasun endemikoa baita Afrikan. Urtero Espainiako zenbait tokitan amorru-kasu batzuk detektatzen dira saguzarretan, Espainiako toki desberdinetan. 2022an, aztertu ziren 185 saguzar-laginetatik 5 positiboak izan ziren.

Q sukarra:

  • Zaintza pasiboa egin arren, herrialdeen artean ez dago laginketarako sistematika-harmonizatu bat. Estatu-mailan, susmagarriak ziren behi, ardi eta ahuntzen 22 abere-talde aztertu ziren eta 75 positiboak izan ziren (% 33,8). Hausnarkari txikiengan izan zuen eragin nabarmenena.

Mendebaldeko Niloko sukarra:

  • 2022an Espainian zoonosi emergente horren 9 kasu positibo detektatu ziren ekidoen artean. Bestalde, hegazti zein ekidoetan kasuen kopuruak behera egin du, 2021. urtearekin alderatuta (11 ekidotan emaitza positiboa konfirmatu zuten eta, hegaztien kasuan, aztertu ziren 2.684 laginetatik 55 positiboak izan ziren).

Txosten osoa esteka honetan kontsulta dezakezu:

Animalien gaixotasunen fitxak esteka honetan kontsulta dezakezu: