EFSAk, ECDCk eta hegazti-gripearen Europar Batasuneko erreferentziako laborategiak txosten berri bat egin dute. Txosten horretan, EBko estatu kideei eskatzen zaie zorrotz ditzatela zaintza- eta biosegurtasun-neurriak aurten gerta daitezkeen hegazti-gripearen agerraldietatik babesteko.

Txosten horrek bere baitan hartzen du 2020ko maiatzetik abuztura bitarteko denboraldia, eta Europan eta Europatik kanpo hegazti-gripeari buruz egindako azken eguneratzeari dagokio. Eguneratze hori azken hilabeteetan Errusiako mendebaldean eta Kazakhstanen hegazti basatien eta etxeko hegaztien artean gertatu diren oso patogenoa den hegazti-gripearen (IAAP) kasuen ostean egin da. Eskualde hori udazkenean Europarantz doazen uretako hegazti basatien migrazio-ibilbide ezaguna da.

Aurten patroi bera errepikatzen bada, espero da gaixotasuna Europako ipar-mendebaldera iritsiko dela udazken edo neguan. Hala gertatuz gero, Europako hegoalde eta mendebaldera hedatuko litzateke, 2005eko eta 2016ko udan gertatu zen bezalaxe. Urte horietan, IAAPa antzeman zen Errusiako eremu berean, eta epidemiak sortu ziren jarraian.

Arriskuak arintzeari eta oso patogenoa den hegazti-gripearen detekzio goiztiarrerako sistemei buruzko EBko araudiarekin bat etorriz, txosten horrek honako gomendio hauek ematen ditu:

  • Neurriak hartzea IAAPko kasu susmagarriak azkar detektatzeko eta biosegurtasuna areagotzea hegazti-ustiategietan.
  • Fauna basatiaren arduradun diren albaitaritza- eta osasun-agintariei IAAPa agertzeko arriskuaren berri ematea eta eskatzea albait arinen ikuska eta analiza ditzatela hilda edo gaixorik dauden hegazti basatiak.

Europan oso baxua izaten jarraitzen du hegazti-gripearen birusa oro har jendeari transmititzeko arriskuak. Nolanahi ere, arrisku hori murrizteko, herritarrei gomendatzen zaie ez ditzatela uki hildako hegaztiak norbera babesteko ekipamendurik gabe.