2016ko urriaren 28tik 2017ko apirilaren 3ra, honako hauek jakinarazi dira Europan:

  • PHHGaren 1.095 foku etxeko hegaztietan
  • 49 gatibu dauden hegaztietan
  • 1.499 hegazti basatietan

Ikusi txostena: “Hegazti-gripearen egoera Eurpan, 2017ko apirilaren 3an” – MAPAMA

OIEk martxoaren 13ko txostenean adierazi bezala, Ipar Hemisferioan gero eta handiagoa da neguan hegazti-gripea agertzeko arriskua.

2016 eta 2017an, arrisku horren eraginez, H5N8 kasu ugari agertu dira Europan, eta H5N6 kasu ugari, berriz, Asian.

Urtaroaren araberako gorabeherak badaude ere, urte osoan zehar dago arriskua, birusa hegaztietan egonkortu baita eta bertan mantentzen baita.

Hala ere, azpimarratu beharra dago hegazti-gripearen andui zoonotikoak direla osasun publikoarentzat arriskutsuenak; andui horiek endemiko bilakatu dira Txinan (H7N9) eta Afrika zein Asiako hainbat eskualdetan (H5N1).

Espainiako egoera

Estatuaren eta Europar Batasunaren barruko mugimenduak mugatzen zituzten indarreko neurri guztiak kendu egin dira.

2017ko otsailaren 23an, Kataluniako Generalitateko albaitaritzaren arloko agintariek H5N8 motako PHHGaren foku bat hauteman zuten Gironako probintzian, loditzeko ahateen ustiategi batean. Hurrengo egunetan, martxoaren 1era arte, beste 9 foku hauteman ziren, 8 Girona probintzian eta 1 Bartzelonan.

Berehala ezarri ziren legediak zehazten dituen honako neurri hauek: kaltetutako ustiategietako hegaztiak hiltzea, ustiategiak garbitzea eta desinfektatzea, eta 3 kilometroko babes-gune bat eta 10 kilometroko zaintza-gune bat ezartzea fokuen inguruan; gune horietan, hegaztien eta haien produktuen mugimendua murriztu zen.

Batzordearen 2017/417 (EB) Exekuzio Aginduaren arabera, Espainian kalteak jaso dituzten lurraldeetako babes- eta zaintza-guneetako murrizketa-neurriek 2017ko apirilaren 1era arte egon behar zuten indarrean. Egun hori iritsita, ez da gaixotasunaren kasu berririk hauteman; ondorioz, Estatuaren eta Batasunaren barruko mugimenduei jarritako murrizketa guztiak bertan behera gelditu dira.

Beste herrialde batzuekiko merkataritzari dagokionez, Lehorreko Animalien Osasun Kodeak 10.4.3 artikuluan xedatzen du herrialde edo lurralde batek bere osasun-estatusa berreskuratu ahal izango duela kaltetutako ustiategi guztiak desinfektatzen dituenetik hiru hilabetera. Hori dela eta, Gironako probintziak eta Bartzelonako Ekialdeko eta Mendebaldeko Vallés eskualdeek beste herrialde batzuekin merkataritzan aritzeko mugak 2017ko ekainaren 2ra arte mantenduko dituzte. Une horretan, beste kasurik hauteman ez bada, Espainiako lurralde osoak nahitaez aitortu behar den hegazti-griperik gabeko herrialdearen estatusa berreskuratuko du.

Espainiako legedia

Joan den martxoaren 16an, APM/233/2017 Agindua argitaratu zen. Horrek APA/2442/2006 Aginduko eranskinak aldatzen ditu, eta bertan hegazti-gripearen aurrean babesteko neurri zehatzak ezartzen dira. Besteak beste, hau dio:

  • Hegazti-gripea sartzeko arrisku handia duten guneak dira padurak, ibaiertzak, kostaldeak, aintzirak eta 1. eranskinean aipatzen den beste edozein hezegune.
  • Arrisku faktoreak dira 3. eta 4. artikuluetan zerrendatutakoak.