AESANek berriki orientazio-gida bat argitaratu du, etxeko hegazti eta lagomorfoen lagin adierazgarri baten post mortem ikuskapenari buruzko kontrol ofizialeko zerbitzuentzat.

2012ko EFSAren txosten baten arabera: post mortem ikuskapenerako sistema tradizionala ez da gai osasun publikorako kezkagarrienak diren arrisku biologikoak antzemateko. Hala ere, baliozko sistematzat hartzen zen gaixotasunak antzeman eta animalien ongizatea ebaluatzeko.  

Estatu mailan, aintzat hartzen da 340/2014 Errege Dekretua; horrek kortako hegaztien eta lagomorfoen haragi freskoaren kontrol ofizialetan laguntza eskaintzeari buruzko xedapenak ezartzen ditu. Gainera, horrek jada jaso egiten zituen 2019/67 (EB) Betearazpen Erregelamenduan zein 2017/625 (EB) Betearazpen Erregelamenduan ezarritako baldintzak, gizakion kontsumorako animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialei buruzkoak.

Kontroletarako laguntzari dagokionez, kortako hegazti eta lagomorfoen post mortem ikuskapena egin bitartean, egun indarrean dagoen araudiak honako hau adierazten du:

  1. Albaitari Ofizialak egin dezala
  2. Albaitari Ofizialaren erantzukizunpeko Laguntzaile Ofizialak egin dezala
  3. Hiltegiko langileek egin dezatela, zenbait baldintza beteta
  4. Lagin adierazgarri baten post mortem ikuskapena

Gidan honako azken puntu hau garatuko da; hori aipatutako Errege Dekretuak ezarritako baldintzen salbuespena baino ez da, 2012ko EFSAren txostenean oinarritutakoa: agintaritza eskudunek erabaki dezakete egun berean hildako, jatorri eta ustiategi bereko abere-talde bakoitzeko hegazti eta untxien lagin adierazgarri bakarra post mortem ikuskatzea.

AESANek adierazi duenez, hegazti eta lagomorfoen lagin adierazgarri bat post mortem ikuskatzean, haragi freskoaren kontrol ofizialen sistemaren eraginkortasuna hobetzen da; halaber, eskuragarri dagoen informazio publikoarekin, horrek kanal guztiak ikuskatzen dituen ikuskapen-sistema klasikoarekiko baliokideak diren bermeak eskaintzen ditu.