Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak informazio-ohar bat argitaratu du berriki, eta bertan adierazi da estatu-mailan agertzeko arriskua handia dela, eta Europan hegazti‑gripe oso patogenoaren (HGOP) egoera eguneratu du.

Aurreko informazio-oharrean azaltzen zen moduan, 2021eko irailean Europako iparraldean hegazti basatietan HGOP antzemateak, aurreko urteekin kontrajarrita, adieraz dezake birusa sartzeko arriskua dagoela eskortako hegaztien baserrietan, ez soilik migratzen ari diren hegazti basatiengatik, Europan bizi diren hegazti basatiengatik ere bai.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak jakinarazi du eskortako hegaztietako foku gehienak H5N1 anduikoak izan direla Europako iparraldeko eta erdialdeko herrialdeetan: Italia, Polonia, Hungaria, Alemania, Herbehereak, Txekiar Errepublika, Danimarka, Norvegia, Irlanda, Bulgaria, Kosovo, Eslovakia, Estonia eta Frantzia. 2021eko uztailaren 1etik azaroaren 25era honako hauek jakinarazi dira:

  • 182 foku eskortako hegaztietan: horietako 102 2021/11/15etik baieztatuta.
  • 417 foku eskortakoak ez diren beste hegazti batzuetan, hegazti basatiak barne: horietako 156 data berean baieztatuta. Era berean, gehienak H5N1 anduikoak izan dira, eta 23 herrialdetan antzeman da; aurreko zerrendako herrialdeei hauek batu zaizkie: Finlandia, Suedia, Belgika, Luxenburgo, Austria, Suitza, Ukraina, Errumania, Kroazia eta Bosnia-Herzegovina.

Berriki, Portugalek jakinarazi du (oraingoz estraofizialki), HGOPren H5N1 anduiko lehen kasua antzeman duela Palmela udalerriko ustiategi batean, Lisboako hegoaldean.

Hori dela eta, Europan gaixotasunaren egoera epidemiologikoa kontuan izanik, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak 2021/12/2an aitortu zuen Espainian hegazti-gripearen birusa sartzeko arrisku handia zegoela, eta arrisku bereziko eremuetan eta zaintza bereziko eremuetan hartu beharreko neurriak eguneratu ditu (APA/2442/2006 Aginduaren I. eta II. eranskinak).

 Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak honako hauek egin behar direla azpimarratu du berriro:

  • Hegazti-ustiategietan biosegurtasun-neurriak indartzea, eta hegazti basatiekin harreman zuzena eta zeharkakoa saihestea.
  • Zaintza pasiboa indartzea, hala hegazti-ustiategietan nola hegazti basatietan: Albaitaritza-zerbitzu ofizialei berehala jakinaraztea gaixotasunaren edozein susmo.
  • Abeltzainak, ustiategietako albaitariak, ehiztariak eta, oro har, gizarte osoa gehiago sentsibilizatzea hegazti-gripe oso patogenoari buruz, baita hori saihesteko neurriei eta naturan aurkitzen diren hegazti gaixo edo hilen berri emateko mekanismoei buruz ere.

Azkenik, gogorarazi behar da ez 2020ko epidemian ez orain arte antzeman diren agerraldi berrietan ez dela kasurik antzeman gizakiengan, eta jendeari transmititzeko arriskuak oso baxua izaten jarraitzen duela. Nolanahi ere, komeni da eskortako hegaztiekin eta hegazti basatiekin harremanetan egon diren pertsonek oinarrizko biosegurtasun-neurriak hartzea.